Ia bi urte dira COVID-19a zabaltzea eragozteko neurriak bata bestearen atzetik hartzen hasi zirenetik. Honezkero jakina da adinekoak kolpatu dituela gehien koronabirusak, eta heriotza-tasa altuenak adin tarte horrek izan dituela, baina ezin da ahaztu zaharrek heriotza baino hurbilago bizitza dutela, bizitza duina izateko eskubidea, babesaren izenean askotan ukatu zaiena. Bi urtez “heriotzak, bakardadea, larritasuna, ezintasuna, mina, min handia, enpatiarik eza, arreta txarra” jasan dutela gogorarazi dute Babestu Araba mendekotasuna duten adinekoen senideen elkartetik. “2020ko martxoaren 9a askori inoiz ahaztuko ez zaigun data da. Erabaki zuten egoitzak zigilatzea, inolako begirunerik gabe”.
Enara Villena Otaegi Hernaniko adinekoen egoitzako erizainak gertutik bizitu du zaharren egunerokoa bi urte latz hauetan, eta Eusko Jaurlaritzak jarritako protokolo "zentzugabeen" ondorioak kontatu dizkigu, hilabete luzez gainerako egoitzak eta senideen elkarteak salatzen ari direnak. Argi du: protokoloek ez dute ez egoiliarren ez langileen ongizatea bermatzen. "Egoiliarrek muturreko egoerak bizi dituzte. Askok esaten digute horretarako ez dutela bizi nahi". Isolamendu zorrotzekin eta bisita zein kontaktu mugatuekin, egoitza soziosanitarioak zaharren "kartzela" bilakatu dituzte, eta nahiz eta omikronen aldaerarekin neurri batzuk lasaitu, egoiliarrek bakardade handia sentitzen segitzen dute. Villenak zehaztu duenez, batez beste beren geletan isolatuta ematen duten egun kopurua izugarria da.
Azken hilabetean Jaurlaritzak hiru aldiz eguneratu du EAEko egoitzetako protokoloa –berriena 2022ko urtarrilaren 17koa da–, eta notizia izan da adinekoen isolamenduak hamar egunetik zazpira jaitsi dituztela, besteren artean. Babestu Araba elkarteak, ordea, kritikatu du instituzioek erakutsi nahi dutela zaharren egoitzetan normaltasuna itzultzen ari dela, baina "oso mingarria" dela egungo egoera, normaltasunetik urrun. Iritzi berekoa da Villena erizaina, eta eskatu du egoiliarrentzako neurriak gutxienez beste herritarrei ezarritako berberak izatea, sufrimendu hori saihesteko. "Protokoloak egiten dituztenak gonbidatzen ditut zaharren egoitzara etortzera egoiliarrak isolatuta daudenean; ez dute gertu aiton-amonarik, ala?". Kritikatu du protokoloak kanpotik jartzen direla, barruko egoera ezagutu gabe: "Ez dakite zer behar dauden zaharren egoitzetan; eta baldin badakite, ez dut ulertzen zertan ari diren".
Eskuak garbitzeko protokoloak
"Euren eskuak gabitzeko besterik ez dizkigute ezartzen protokoloak, egoiliarren eta langileen ongizatean pentsatu gabe", leporatu die Jaurlaritzari eta egoitzen ardura duten foru aldundiei erizainak. Egoitzetako langileek aukera gutxi dute COVIDaren kudeaketan erabakiak hartzeko, eta are gutxiago egoiliarren familiek; adinekoek, batere ez. Egoiliar asko autonomoak diren arren beren erabakiak hartzeko, Hernaniko erizainaren hitzetan "tuntun" gisa tratatzen dituzte. Bizitzako azken egun, aste, hilabete, urteetan daude, eta ezin dute erabaki nola pasatuko dituzten. "Kontuan izan egoitzetara joaten direnak ez direla osasuntsuen daudenak, eta gehienak oso zaharrak direla. Bihar agian hilda daude, edo osasunez gaur baino okerrago, eta azken urte horiek kentzen ari zaizkie". Zaharrek bizitza duinerako duten eskubidea aldarrikatu du.
Ikusitakoak ikusita, balantzan jarriz gero uste du ez duela merezi hain neurri zorrotzak hartzea: "Gogorra da esatea, baina hobe litzateke adinekoek bizitza normalagoa egingo balute, horrek dituen arriskuak beren gain hartuta". Momentu honetan bizitza normaletik oso urrun daude. Eusko Jaurlaritzaren protokoloaren arabera, positibo susmopean dagoen egoiliar oro isolatu egin behar dute, probaren emaitza negatiboa izan arte. Jaurlaritzaren dokumentuak dio kasu positibo bat dagoen momentutik koronabirusaren agerraldi moduan erregistratu behar dela.
Villenak ohartarazi du pandemiarekin jendarteak adinekoak zigortu eta zokoratu dituela: “Ez gara haien lekuan jarri, baina denok iritsiko gara zahartzarora eta orduan traturik eta zaintzarik onenak nahiko ditugu”
Beraz, kontaktu estua izan direnei proba egingo zaie, eta isolatu egingo dira, txertatuta egonda ere. Egoitzetatik kanpo, txertaketaren pauta osoa dutenak konfinamendutik salbuetsita daude, kontaktu estua izan arren; adinekoen egoitzetan, ez. Villenak ohartarazi du pandemiarekin jendarteak adinekoak zigortu eta zokoratu dituela: "Ez gara haien lekuan jarri, baina denok iritsiko gara zahartzarora eta orduan traturik eta zaintzarik onenak nahiko ditugu". Haien bakardadea bere begiekin ikusi du, eta buru osasunarentzat zein osasun emozionalarentzat bortitza egin zaio: "Askotan malkotan iristen gara etxera. Egoiliar batek negarrez esaten digunean horrela egon baino nahiago duela hil, bihotza erdibitzen zaigu. Kartzelan daudela sentitzen dute". Oso kezkatuta pasatu dituzte pandemiaren unerik zailenak, eta muturreko egoerak bizitu dituzte adinekoek. "Une batean ikusi genuen arriskua zegoela aiton-amona batek baino gehiagok beren buruaz beste egiteko". Zaharren bizitzak babestearen izenean, bizitzak kendu dizkiete. Osasunaren izenean, osasuna okertzeko baldintza guztiak jarri dizkiete.
Adinekoak jasaten ari diren sufrimendu psikologikoaren zama langileen gain erori da, ezinbestean. Esaterako, Hernaniko erizainak baieztatu du erruduntasun sentimendua oso orokorra izan dela; langile batek positibo emanez gero, harekin kontaktuan egon diren egoiliarrak isolatu egiten dituzte, auxiliarrekin batik bat oso gertuko kontaktua izaten baitute eta egoiliar batzuek ezin baitute maskara egoki erabili. Langileengan kontraesanak piztu dituzte COVIDaren aurkako neurriek: "Zer pentsatuko zuten familiek, ezin zutenean bisitan joan egoitzara, baina ni lagunekin taberna batean egon nintekeenean?", bota du erizainak, frustrazioz.
Salbuespenak protokoloan
Azken protokoloaren berritasuna da eguneko zentroetan dauden kontaktu estuek ez dutela isolatu beharko, eta egoitzara joaten jarraitu ahalko dutela. Halaber, salbuespena da azken 180 egunetan positibo izan bada egoiliarra, eta proba bidez ziurtatuta badago; 90-180 egun artean izan bada positibo, proba egingo zaio, baina ez du isolatu beharko. Langileen kasuan, gainerako herritarren antzeko protokoloa dute. Kontaktu estua izan direnek ez dute isolatu behar, baldin eta txertaketako pauta osoa badute edota azken 180 egunetan positibo izan direla frogatu badezakete.
Bi ñabardura garrantzitsu: batetik, Jaurlaritzak egoitzen ardurapean utzi du erabakitzea zein langile diren kontaktu estu; bestetik, azken hilabetean aldatu egin dituzte txertatutako kontaktu estuentzako arauak. Abendu amaierara arte, kontaktu estu ziren langileek ezin zuten lanera joan, eta baja ematen zieten; txertatutakoek bizitza soziala egin zezaketen, baina arrisku talde batekin lanean zeudenez, lanik ez. Bada, azken aldaketaren arabera, kontaktu estu diren txertatu gabeko langileei soilik emango diete baja, eta txertoa dutenek lanera joan behar dute, baldintza honekin: zazpi egunez norbera babesteko ekipamendua (NBE) jantzi behar dute, goitik behera. Villenak langileen haserrea helarazi du: "Tortura bat da zazpi orduz NBErekin lan egitea, bereziki lan fisikoagoa duten auxiliarrentzat". Gainera, ez zaie bidezkoa iruditzen txertatutakoek bajarik ez izatea, kontuan izanda kutsatzeko arriskua badagoela. Kritikatu duenez, erabaki hori hartu dute ordezkapenak betetzeko langile faltagatik, eta ez osasun arrazoiengatik.
Horixe da egoitza soziosanitarioetako langileak eta senideak behin eta berriz eskatzen ari direna: langile gehiago kontratatzeko. Auxiliarrak, erizainak eta garbitzaileak heldu ezinik dabiltza, lan karga izugarriarekin. Behin baino gehiagotan geratu dira erizainen bajak bete ezinik, "langilerik ez dagoelako", Jaurlaritzak berak ohartarazi duenez. Ordea, Villenak kudeaketa txarrari egotzi dio erizain eskasia, berez, egon, egon beharko luketelako, baina unibertsitateko sarbide proban bertan ehunka kanporatu egiten dituzte. Pandemia aurretik errefortzuak behar zituzten; orain inoiz baino gehiago. Ez dagozkien lanak egin behar dituzte COVIDa dela-eta, hala nola familien bisitak antolatzea, ordezkapenak kudeatzea, eta egoiliarrei banan-bana jaten ematea.
Enara Villena Otaegi, erizaina: "Txiste bat dirudi. Nola eskatzen digute egoitza lau eremutan banatzeko, ez baldin badugu nahikoa baliabiderik egoiliarrak behar bezala isolatzeko?"
Familiak maiz kexatu dira egoiliarrei ez dietela beharrezko arta ematen. Villenaren erantzuna: "Normala da, dirutza ordaintzen dute zaharrek zaintza jaso dezaten, eta exijentzia altua dute. Baina ulertu behar dute ezin diegula dena eman, ez gara iristen". Ratioak jaistea da grebalarien eskakizun nagusietako bat. Hernaniko egoitzaren kasuan, 100 egoiliarren zaintzaz arduratzen dira hamabost auxiliar eta erizain bat, batez beste, eta egunean hiru orduz mediku bat egoten da. Gainerako zaintzak pixkanaka itzultzen ari dira: fisioterapeuta, aisialdiko langileak, podologoa, psikologoa... Gehien behar zutenean zerbitzu horiek kendu egin zizkieten, "eta egoiliarrei nabaritu zaie kognitiboki eta mugikortasunari dagokionez asko kaskartu direla", Villenaren esanetan. Era berean, neurriak lasaitzearekin hobekuntza ere sumatu die; "ateratzen hasi direnetik eta familien bisita gehiago dituztenetik aldartea hobetu zaie".
Gertuko harremanen falta
Erizainari batzuetan umeak etortzen zaizkio gogora zaharrekin, eta haien behar afektibo berak dituztela azpimarratu du: familiarekin harremana, maitasuna eta gertuko kontaktua inoiz baino gehiago behar dituzte. Egoiliarrei eguneroko poztasunak debekatu dizkiete, hala nola paseoak ematea, lagunekin eta familiarekin kafe bat hartzea, elkarren artean kontu kontari aritzea, kartetan jolastea, eta beste. Gainera, Villenak oroitarazi du langileek zaintza afektiboa ere eman beharko lieketela, eta pandemia aurretik kalitatezko denbora gehiago pasatzen zutela egoiliarrekin hizketan eta gertuko kontaktuan; orain, NBE jantziarekin gehienetan, egoiliar askok ez dituzte langileak ezagutu ere egiten. "Poztasun hori ere kendu diete".
Jaurlaritzaren protokoloak nolabait biltzen du gabezia hori, eta aipatzen du zaharren isolamendua eta bakartze soziala depresioa eragiteko arrisku faktoreak direla, eta mugikortasun ezak ondorio atzeraezinak dituela zaharrengan. Horren aurrean, "ahal den heinean mugikortasuna eta sozializazioa bultzatu behar dira", protokoloak jasotzen duenez, "betiere koronabirusaz ez kutsatzeko neurriak betetzen direla ziurtatuta". Urtarrilaren 17tik aukera, berrikuntza izan da kontaktu estu izateagatik isolatuta dauden egoiliarrek aukera dutela senideekin "paseo terapeutikoak" emateko.
Egoiliarrei eguneroko poztasunak debekatu dizkiete: paseoak ematea, lagunekin eta familiarekin kafe bat hartzea, elkarren artean kontu kontari aritzea, kartetan jolastea
Bestalde, egoitza lau eremutan banatzea proposatzen du protokoloak: sintomarik ez dutenak eta kontaktu estua ez direnak, sintomarik gabe baina kontaktu zuzenagatik isolatuta daudenak, sintomak dituztelako positibo izan daitezkeenak, eta positibo direnak. Horrela, eremu horien barnean mugikortasuna ahalbidetzeko aukerak jarri dituzte. Egoitza askotan, baina, ezinezkoa da: "Txiste bat dirudi. Nola eskatzen dizkigute horrelako banaketak, ez baldin badugu nahikoa baliabiderik egoiliarrak behar bezala isolatzeko?".
Egia da azken protokoloarekin EAEko zaharren egoitzetako egoera lasaitzeko aurrerapauso txikiak eman direla, isolamenduak hamar egunetik zazpira jaitsiz, eguneko egoitzetako kontaktu estuei sarbidea ahalbidetuz eta "paseo terapeutikoen" aukera emanez. Baina egoiliarrek orain arte jasandakoa bizkarrean daramate, eta ondorio askok ez dute atzera-bueltarik. Egoiliarrentzat jada ez da nahikoa aurrerapauso txikiak ematea. Familiek eta langileek eskatzen dutena zera besterik ez da: zaharrei duinki bizitzen uzteko, paternalismorik gabe, eta justifikatu ezinezko protokolorik gabe.
Gehiago jakiteko, irakurri Onintza Irureta Azkunek pandemia betean egindako erreportaje hauek, senideen eskeak biltzen dituenak, besteak beste:
"Etxea kartzela bihurtu diete"
"Lehen hari batetik zintzilik, orain egurtuta"
Arabako zahar egoitzen egoera lehen planora pasa da berriz ere azken asteetan. Zaintza Araba elkarteak Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roque erresidentzietako egoiliarrei ematen zaien tratua salatu dute, hainbat senideren testigantzak jaso ondoren. Langileen lan-baldintza... [+]
"Duintasuna urratzerainoko gertakariak" sarri errepikatzen direla seinalatu dute egoitza horretako senideek Arabako Foru Aldundiari bidalitako gutunean. Aldundiak dio egoera ez dela "hain larria".
Aurreko urte bukaeran Elizondoko zahar-etxearen kudeaketa publifikatzeko jauzia eman zuen Baztango Udalak, eta geroztik, haren esku gelditu da egoitzaren antolaketa. Eskualdaketa horrekin batera, elikaduraren alorrean eraldaketa sustatzea izan da udalaren erabakietako bat... [+]
Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.
Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]
Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.
Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]
Ikusgarriak dira berriz ere metalgintzako sektoreko grebak Bizkaian azken bi asteetan utzi dizkigun irudiak. Badago langile borrokaren amaieraz aritzen denik Euskaldunako garaiak nostalgiaz gogoratuz, baina errealitatea da lan gatazken kopuruak gora egin duela Euskal Herrian... [+]
Hitzarmenak eta egoerak ezberdinak dira lurralde bakoitzean, baina lan baldintza duinen eskean dira zahar etxeetako langileak. Grebak antolatu dituzte Nafarroan, Bizkaian, eta Araban, eta Gipuzkoan LABek elkarretaratzea egin du UGTk adostutako akordioak “egoera... [+]
55 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzak aztertzeko EAEn egin duten inkestaren arabera, asebeteta dagoen jende aktiboa da gehiengoa, zahartzaroaz sarri eman ohi den irudi ezkor eta infantilizatutik urruti.
Irailaren 17an manifestazio jendetsua egin zuten Madrilen, Beste zaintza eredu bat posible da lemapean. Estatuko Plataforma osatzen duten zaharren egoitzetako senideen elkarteek deitu zuten, tartean Zaintza Babesten federazioak. Instituzioei zein herritarrei argi utzi diete... [+]
Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa geldituta dago 2021eko otsailetik. ELAk eta LABek negoziazio mahaitik altxatzea erabaki zuten orduan, patronalak plataformako edozein artikulu aldatzeari uko egin ziola arrazoituz. Besteak beste, sindikatuek ez zuten onartu patronalak egiten... [+]
Elizondoko zahar etxeko langileek prentsaurrekoa egin dute asteartean, iragartzeko azkenean hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa lortu dutela, hainbat greba egun eta mobilizazio ugari egin ostean. Langile batzordeak aho batez onartu du akordioa.
Arabako erresidentzien sektoreko lehen hitzarmena lortzeko ari dira borrokan. Orain hiru urte hasi ziren mobilizazioak. Hala ere, patronalak negoziazio blokeatzen jarraitzen duela salatu dute sindikatuek.