Motor baten soinua eta tarte bat jaten duen gitarra riffa diskoa irekitzen. Presa du Vulkek muturrekoa emateko. Lanik kaleratu gabe daramate 2018tik, eta aldaketa nabarmena eman dute taldearen norabide estetikoan. Vulk ez da zena.
Hizkuntzarena da aldaketarik handiena. Euskaraz baita osoki lan berria, lehen aldiz taldearen ibilbidean. Ez zait gustatzen hizkuntza hautua bereziki azpimarratzea. Kasu honetan, aldiz, zirkuitu mainstreamagoetatik aldendu eta ingurura, gertura, begira jarri direnean badago bestelako mamia. Gainera, orain arteko diskorik hoberena egin dute.
Post punka edo punka edo rocka. Definitzeko beharrik ba ote dago. Astuna eta arina da aldi berean. Lurrera eramaten zaitu, grabitatearen indarrez. Baina dantzara eramango zaitu. Boxeolari baten antzera, demagun Kerman Lejarraga, ukabilkadak baliatu mugitzeko. Gogoraraziko dizkizu Ingalaterrako rock soinuak. Baita Joseba eta Iñigo Irazokirenak ere, ekoizle lanetan aritu baita soinuaren maisu den Ibai Gogortza beratarra.
Musika labana balitz, Vulk litzake. Zauriak dituenak oroitzen du beti labanaren eta orbainaren arteko harremana. Eta denok ditugu zauriak. Eta horregatik, hain zuzen, da hain zorrotz Vulken erretorika. Dei egiten dizulako. Ezin diozu muzinik egin, harrapatu egingo zaituelako.
Baina harrapatu ostean askatu. Arnas eta geldiune ugari eskaintzen dituelako disko batetik bestera, hausnartzeko, baina, batez ere, bueltan indar gehiagorekin jotzeko. Ukabilkada zuzenak dira, baina ez pisutsuak. Zure egunerokoa zartatuko dute: “Mailu bat nire eskuetan / dana apurtzeko prest / zenbat balio du// eraiki dudan guztiak / zapaltzen dudan lurrak / zenbat balio du mendekuak”.
Soldatapeko torturak tabernariaren bizkarrean. Autoerreferantziala den militantea sakrifizioaren mistika mesianikoaren zain.
“Vulk ez da”, diote. Vulk zena hil delako, Vulk berria sortzeko. Baina autosuntsiketa autoafirmazioa ere bada. Mundu berria ez dugulako eraikiko ametsen materialekin, Paradisu Zineman bezala. Mundu berria etxe orratzen, zabor-janari kateen, komunikazio enpresen eta banketxeen banketeen hondarrekin egin beharko dugulako. Suntsiketak ekarriko du esperantza. Vulk bai da.