argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Elkarrekin doazenak
Aritz Galarraga 2022ko otsailaren 10

Eta maitasuna bada, Badiouren hitzetan, biren artean mundua esperimentatzea –berak dio bi, baina esan dezagun hiru, lau, nahi beste–, norbere bulkada soiletik haragoko mundu bat eraikitzea, diferentzia zer den probatzea, zer litzateke, ez bada gauza antzekoa, laguntasuna? Badiou: “maitasunak, iraupenean batez ere, laguntasunaren ezaugarri positibo guztiak ditu. Baina maitasuna lotuta dago bestearen izatearen osotasunarekin”. Diferentzia handirik igartzen ez, eta laguntasuna zertan den harrapatzeko, liburu artera jo behar berriz.

Aristoteles, laguntasunaz sakonen hitz egin zuen antzinako pentsalaria, Nikomakorentzako Etika izenekoan, urrutira gabe. Laguntasun perfektua litzateke, greziarrarentzat, antzeko bertutedun pertsonak lotzen dituena, bertutetsuak baizik ez baitu ongia helburu beretzat eta lagunarentzat. Eta bakarrik beteko litzateke parte hartzen duten pertsonek aurkitzen badute tarteko puntua. Berdinen arteko laguntasun nobleak, gainera, ez luke lortuko soilik lagunentzako onura, baizik eta halaber hiritarren bizibidearena. Laguna da beste ni bat. Lagunak dira elkarrekin doazen bi –berak dio bi, baina esan dezagun hiru, lau, nahi beste–. Adiskidetasun betea, hartara, gizaki onen eta bertuteari dagokionez antzekoak diren gizakiena da. Montaigne iritsi zen arte. Etienne de La Boetie lagunari eskaini zizkion hitzak gogoan: “Hura baitzen; ni bainintzen”. Alegia, elkarren diferentziaren ezagutzan, onarpenean, errespetuan datza laguntasuna. Lagunak elkarrekin doazenak dira, bai, ados, baina desberdintasunean. Kontxo, Badiouk maitasunaz zioen gauza bera.

Platonek nahiago izan zuen, maitasunaren aurretik, laguntasuna. Virgiliok garrantzi handiagoa eman zion laguntasunari, maitasunari baino. Ea ez ote dauden, maitasun-laguntasun, laguntasun-maitasun, elkarrengandik hain urruti.