argia.eus
INPRIMATU
Gizarte zahartuak
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko otsailaren 10a

Noizean behin, normalean nire arretaren oso ertzetik pasatzen den kezka bat entzun edo irakurtzen dut: populazioa zahartzen ari da. Berriki gertatu zait. Eta datu zaparrada baten bidez xehetu ohi dizkidate zahartze horren erritmoa eta geografia. Tentazioa ematen du serio jarri eta kafea hartzen ari garela komentatzeko, “zahartzen ari dira gure gizarteak! Zahartzen; eta ez dirudi atzera bueltarik dagoenik!”.

Baina berez, datuak, bere horretan, ez du lortzen nigan kezka handiegirik sortzea, edo ez teorian behar lukeen norabidean. Alegia, datuei begira, haur gehien non edukitzen diren ikusita, kezkatzen nauena ez da izaten gure gizarte zurien zahartzea, baizik eta jaiotza tasa sendo horiek dituzten lekuetako emakumeen patua. Kafea hartuz, beraz, aurpegi serioa jarri eta, “zer ari dira oraindik munduko leku batzuetan emakumeak haurrak eduki eta eduki: zerk behartzen ditu horretara?”. Eta kezka horrek bai, irudimenak ere eskura ditugun datuak erabiltzen baititu, tripak nahasteko moduko dimentsioa hartzen du. Erantzuna ez baita izaten “noski, herrialde horietan lan finkoak dituzte, etxebizitza duin bat lortzen dute berehala, eta beren bizitzetan gureetan baino pisu txikiagoa du etorkizunarekiko ziurgabetasunak”. Ez.

"Pentsa daiteke, emakumeak inkubagailu izateari uzten ari dira (zenbait lekutan), eta ez dute gure aberastasuna haziz joan dadin behar dugun langile hornidura bermatzen"

Tira, ba ez naiz gai zahartze horrek sortu behar lidakeen kezka sentitzeko. Are gehiago, manipulatua sentitzen naiz datu horiei lotutako zenbait kezka entzuten ditudanean: bakardade kasuak areagotuko dira, ez dugu pentsioak ordaintzeko adina langile edukiko, gure kulturak desagertuko dira migratzaile arrotzen erruz, nork zainduko ditu hainbeste zahar, gizarte tristeak izango dira haurrik gabeko gizarteak (benetan?)…

Demografiari buruzko datuak modu maltzurrean erabiltzen dira. Ez diot nik, datu horiekiko nire kezka gabezia nolabait justifikatzera etorri zaidan Marta Luxanek baizik. Aipatutako arazoak ez ditu demografiak sortzen, gure gizarte antolaketak baizik. Eta Luxanek datuak bilatu ditu, landu ditu eta kazetariak “orain zer galdetu behar diot” aurpegiarekin utzi ditu. Eta niri opari bat egin dit: berari entzun aurretik ez nuen kontzeptu bat oparitu dit (ikertzaileek noizean behin opari zoragarriak egiten dizkigute: kontzeptuak). Biziraupenaren demokratizazioa.

Horrela esanda, nor kezkatzen du horrek? Nork ez du nahi gehiago bizi, osasuntsu samar bada, zainduta bada. Nori iruditzen zaizkio tristeak pertsona zaharrak? Eta nire deserosotasuna justifikatuta zegoen, agian. Populazioaren zahartzeak kezkatzen dituenak, zeren kezka dute? “Merkatua da, adiskidea”. Datu berberekin pentsa daiteke, nola egingo dugu aldaketa demografiko horietan goxo bizitzeko, orain arteko eredu (turbo)kapitalistak hori ematen ez duela ikusita? Edo pentsa daiteke, emakumeak inkubagailu izateari uzten ari dira (zenbait lekutan), eta ez dute gure aberastasuna haziz joan dadin behar dugun langile hornidura bermatzen.

Tira, ba nik ez dut seme-alaba gehiago edukiko, eta zahartzarora iristeko ahalegina egingo dut. Eta nire umorearen bilakaera ikusita, gero eta alaiagoa naizela uste dut. Erridikulutik gero eta gertuago nago, zorionez. Gizartea ez du zahartzeak hondatuko, gizarteak merkatuak hondatzen ditu.