argia.eus
INPRIMATU
Berramesten
Imanol Alvarez 2022ko otsailaren 10

1976ko azaroaren hasieran, ezagutu berria nuen gizonezko gazte batek kontatu zidan Erresuma Batuan sortuak zirela homosexualitatea askatzeko taldeak, Gay Liberation Front zeritzona kasu, eta ametsa zuela Euskal Herrian antzeko elkarte bat sortzea.

Ez nuela posible ikusten erantzun nion, gurean erlijioak botere eta indar itzela zeukala eta euskaldunak matxista hutsak zirela. Halere, beharbada beti izan naizelako baikor samarra, erabaki nuen amets zoro horretan bidelagun izatea. Azken batean, saiatzea libre.

Egia esan, konbentzituta nengoen seguru asko ametsa amesgaizto bihurtuko zitzaigula berandu baino lehen. Baina ez zen horrela izan. Gauzak uste eta espero baino hobeto eta azkarrago joan ziren gertatzen.

"1976an gizonezko gazte batek kontatu zidan Erresuma Batuan sortuak zirela homosexualitatea askatzeko taldeak, Gay Liberation Front zeritzona kasu, eta ametsa zuela Euskal Herrian antzeko elkarte bat sortzea"

Hainbat lagunekin bildu eta hitz egin ondoren, hurrengo urtarrilean jendaurreko aurkezpena egiteko gauza izan ginen. Laster, prentsan agertu, eta gero eta leku gehiagotatik hitzaldiak ematera joateko gonbitea jasotzen hasi ginen. Ekitaldiak antolatzeko ezinbestekoa zenez legalizazioa eskatu bagenuen ere, ez zitzaigun 1983ra arte heldu, Martin Villak ez gintuelako legeztatu nahi. Ia herrialde guztietara hedatu, alderdi politikoekin zein beste herri mugimenduekin harremanetan sartu, lehen manifestazioak antolatu... Konturatu ginenerako, homosexual izatearen susmoa bera zigortzen zuen Arriskutasun eta Birgizarteratze Sozialeko Legea aldarazi genuen. Jarraian, beste lege-aldaketa ugari etorriko ziren.

Legeak lege, argi izan dugu beti gizartea bera dela, jakina, garrantzitsuena. Guk jendarte justuago eta berdinzale bat amesten genuen. Harrotasunez esan dezakedan arren gizartea ere bestelakotuz joan ginela, aitortu behar da, era berean, alor horretan oraindik askotxo dugula egiteke eta egiteko.
Gurea bezalako beste talde askotxo agertu eta desagertu egin dira hamarkadotan, borrokari gehituz ñabardura, tokikotasuna… kolorea azken batean. LGTBI+ mugimenduaren presentzia, gero eta nabariagoa joan da izaten esparru guztiotan.

Denborak aldatu eta talde gehienak hustuz joan ziren, ordea. Gazteek uste bide zuten dena –edo ia dena– lortua zela. Taldeotan gutxi eta edadetuak geratu ginen, ageriko erreleborik gabe. Etsigarria egoera. Azken urteotan, alta, badirudi mugimendua berpiztu egin dela, eta lan egiteko gogo handiz hurbildu dira lagun anitz. Eskerrak! Izan ere, kontrako korronte kezkagarriak datoz. Borrokari eutsi behar diogu ezinbestez amesten segitzeko. Berramesten.