argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Arrakala handitzen
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko otsailaren 09a

Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du. Zeren eta %6ko igoera hori ez da berdina soldata 3.000 eurokoa edo 1.000 eurokoa denean.

Otsailaren 22an (Soldata Berdintasunaren Europako eguna) ikusiko dugu berriro genero arrakala zenbatekoa den. Lana sexuaren arabera banatzeak sortu du arrakalarik zaharrena. Ordaintzen diren eta, merkatutik at, zaintzetan eta etxeko lanetan egiten diren lanen artean, arrakala erabatekoa da. Lehenengoek soldataren truke egiten dute lan, bigarrenek musu-truk. Lan merkatuan emakumeentzat gordetzen diren eta gizonezkoek betetzen dituzten sektoreen artean ere arrakala dago, eta pentsioetan igartzen da ondoren. Adierazpen instituzional ugari bai, baina gutxi hitz egingo da sexuaren araberako lan banaketa gainditzeaz. Diskurtsoak bai, baina nekez entzungo ditugu arrakala atzean uzteko sakoneko proposamenak, neurri zehatzak eta politika berriak.  

Genero arrakala gainditzeko, lanpostuak berriz baloratu behar dira, zor historikoa kitatzeko neurriak hartu, sektore feminizatuei bestelako aitortza egin, izaera eta lekua eman sistema ekonomikoan… Soldata handien eta txikien arteko aldea murrizteko ere borroka zehatza egin beharko dugu: hitzarmenetan soldatak berrantolatu, gehienezko soldatak finkatu, eta prekarietatearen kontrako neurriak hartu. Ez dago urratsik gobernuetan.

Langileok irabazi behar ditugun borrokak dira. Baina ezin izango dugu, kaleratzeak errazak eta merkeak badira, eta negoziazio kolektiboa patronalaren neurrira antolatzen badute. Hori da, hain zuzen, Espainiako lan erreforma berria. Soldata arrakala salatzea eta arrakala gainditzeko bidea oztopatzea, ez dira bateragarriak.