argia.eus
INPRIMATU
Sylvia Plath, gas naturala eta suizidioa
  • 1963an, poeta estatubatuarrak bere buruaz beste egin zuen burua labean sartu eta hiri-gasa arnastuta. Suizidioaren inguruko uste eta tabuak azaleratu zituen Plathen kasuak.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko otsailaren 02a
Sylvia Plathek (1932-1963) hiri-gasa arnastuta hil zuen bere burua, Londresen gas naturala hedatzen ari zen garaian.
Sylvia Plathek (1932-1963) hiri-gasa arnastuta hil zuen bere burua, Londresen gas naturala hedatzen ari zen garaian.

Londres, 1963ko otsailaren 11. Sylvia Plath poeta estatubatuarrak bere buruaz beste egin zuen, 30 urte zituela. Burua labean sartuta eta hiri-gasa arnastuta suizidatu zen. Besteak beste, Plathen kasua du hizpide Malcolm Gladwell kazetari eta hizlari kanadiarrak Talking to Strangers (2019) liburuan, eta, kasu hura aitzakiatzat hartuta, teoria bat proposatzen du: gas naturala hedatzeak suizidioen kopuruak behera egitea eragin zuela.

Hiri-gasak hidrogenoa, metanoa, karbono dioxidoa, nitrogenoa eta karbono monoxidoa  zeuzkan. Gas naturalak, aldiz, ez du ia karbono monoxidorik. Beraz, hiri-gasak, etxean, armarik erabili gabe, odolik isuri gabe eta minik gabe hiltzeko aukera ematen zuen; gas naturalak, ez. Ingalaterran, 1960ko hamarkadan, pixkanaka, gas naturalak hiri-gasa ordezkatu zuen –etxe-tresnak berritzea eskatzen zuen aldaketak eta ordezkapena horregatik ez zen gauzatu egun batetik bestera–. Gladwellek liburuan jasotzen duen grafiko batean nabarmen ikusten da hamarkada horretan suizidioek behera egin zutela Ingalaterran, eta AEBetan, aldiz, ez, gas naturala ez zelako han hedatu. Grafiko berean ikusten da 1920ko eta, nagusiki, 1930eko hamarkadatan buru-hilketek gora egin zutela. Kazetariak hiri-gasaren hedapenari egozten dio igoera hori.

Sekula ez dugu jakingo zer gertatuko zen Sylvia Plathek Londresen alokatutako etxean gas naturala instalatuta egon izan balitz

Gladwellen beste teoria batzuk bezala, hau ere zalantzan jartzen du hainbatek, kategorikoegia delakoan, beste faktore batzuk ez dituelako kontuan hartzen, esaterako, 1930eko hamarkadako igoeran 1929an piztutako krisialdi ekonomikoak izan zuen eragina. Baina Gladwellek bere teoriarekin esan nahi duena da, suizidatzeko joera dutenei aukerak “zailduz” gero, denbora eta egoera iraultzeko aukera ematen zaiela. Sekula ez dugu jakingo zer gertatuko zen Sylvia Plathek Londresen alokatutako etxean gas naturala instalatuta egon izan balitz. Lehenago ere beste bitan saiatu zen bere burua hiltzen –botikak hartuta eta auto-istripua eraginda–, eta hil zenean tratamenduan zegoen. Beste metodo batekin ahaleginduta lortuko zuen? Tratamenduan aurrera egiteko edo beste tratamendu egokiagoren bat lortzeko denbora irabaziko zuen?

Suizidioaren tabua

Plathen kasuak, halaber, Werther efektua jartzen du ezbaian. Teoria horren arabera, pertsona ezagun bat suizidatzen denean eta komunikabideek horren berri ematen dutenean, suizidio kopuruak gora egiten du, imitazioz. Marilyn Monroe, Kurt Cobain eta Yukiko Okada japoniar abeslariaren kasuak erabili ohi dira adibidetzat. Hainbat ikerlanek babesten dute ideia hori, eta komunikabideek suizidioei buruzko informazioa isilaraztera bultzatzen ditu. Baina horrek suizidioaren inguruko tabua areagotu besterik ez duela egiten dioenik ere badago.

Sylvia Plath ezaguna zen bere burua hil zuenean. Komunikabideek haren heriotzaren berri eman zuten eta BBCk erreportaje zabala eskaini zion kasuari handik egun gutxira. Eta, itxuraz, ez zen imitazio efekturik izan. Bizi zen artean, modu irekian hitz egin eta idatzi zuen bere arazo mentalei, tratamenduei eta suizidio saiakerei buruz. Hainbat adituren ustez, horrek bai eragiten du nolabaiteko imitazio efektua; gaiaz hitz egitera eta irtenbideak bilatzera eramaten ditu beren burua hiltzea pentsatu dutenei. Eta, hala, Plathek, bere burua salbatzea lortu ez zuen arren, beste batzuk salbatzen lagundu zuen.