argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Maitasunari gorazarre
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2022ko otsailaren 03a

Bada hitz bat Maite Lopezek Safo aurkezteko etengabe erabiltzen duena: maitasuna. Adibidez, esateko: “Saforen poesia maitasun desiraren adierazpen paradigmatikotzat hartu izan da denboran zehar”; edo, are, “maitasunaz bakarrik aritzen ez dela eta gai politikoak jorratzen dituela”. Baina, orain konturatu naiz, hitz hori, maitasuna, ez nuen behin ere erabili liburu horri buruzko zutabean. Imajinatzen dut zergatik: fama txarra duelako, ezeroso egiten zaidalako, ez naizelako erabat ulertzera iristen. Hainbestetan hitz egiten da hartaz, ordea, literaturan, zineman, batez ere pop kantetan. Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean, horra agian galdera. Raymond Carverren ipuin bildumak erantzun handirik ez du ematen –ez baita literaturaren zeregina, erantzunak ematea; eta erantzunak ematen baditu, zalantza daukat izan daitekeen literatura ona–, jo dut Alain Badiourengana, Éloge de l’amour izeneko lanera.

Alde batetik, legoke maitasunaren kontrako filosofia –sexuaren mozorro aringarritzat daukana, Schopenhauer eta–. Beste muturrean, maitasuna gehiegi goratzen duena –eramanez erlijiotasunera, adibidez Kierkegaard–. Neroni kokatzen nintzen eszeptikoen artean –honetan ere bai, bistan da–; baina iradokikorra egin zait Badiouk ematen dion zentzua: maitasunak eramaten zaitu zeure buruaz harago, eta proposatzen dizu mundua, zure bakartasunetik baino, biren artean esperimentatzea –berak dio bi, baina esan dezagun hiru, lau, nahi beste–. Alegia, nire bulkada soiletik haragoko mundu bat eraikitzea lekarke, eta, ondorioz, diferentzia zer den probatzea. Eraikuntza bat da, hartara, irauten duena, garaile ateratzen dena luzeki, batzuetan gogorki, espazioaren, munduaren, denboraren kontra. Uneoro jokatu behar da maitasuna, hori bai, uneoro landu, borrokatu, zaindu. Uneoro berrasmatu behar da, halaber; baina, zergatik ez, baita aldarrikatu ere tarteka.