Safo da, omen, Mendebaldeko lehen emakume poeta. Maite Lopez euskaratzaileak diosku: harengana jo zuten –babesleku gisa, autoritate gisa eta sortzeko pizgarri gisa– haren ondoren poesia idatzi zuten emakume ia guztiek. Gizonak ere liluratzen ditu, Ezra Pound: “muina ezagutu nahi baduzu, Safo, Catulo, Villon”. Orain bi mila eta zazpi ehun urte inguru idatzitakoek jarraitzen dute hunkitzen gaur egunekoa.
Obra osoaren hogeirena besterik ez diogu ezagutzen, ia berrehun puska irakurgarri. Bizitza ere halatsu, pentsa, Bernat Etxeparerekin gertatzen bada: “Saforen obra bilakatu da egilearen bizitzaren ezagutzari buruzko iturririk zuzenena”. Baina, obra eta bizitza, bizitza eta obra, biak ala biak dira jakingarri, irakurriak izan diren garaia gorabehera, eta garaiaren arabera: tradizioak Safo kritikatzen du emakumeekin maitemintzeko joeragatik, “eta garaiera txikiak ematen zion itxura ez oso politagatik, baita garai hartako gusturako azala ilunegia izateagatik ere”. Eta, gehituko genuke, emakume izateagatik, ausartu izanagatik gizonezkoena zen eremu batean aritzera. Emakumezko bat baita poemon subjektu nagusia, bere sexualitateaz hitz egiteko eskubidea aldarrikatzen duen emakumezkoa. Mary Beardek esango luke: jokoan dagoena ez da hainbeste mintzagaia, adibidez lesbianismoa, baizik eta ahotsa dela emakumearena.
“Saforen homosexualitateari buruz”, Maite Lopez berriz, “ikaragarri idatzi da, unean uneko pentsamoldea islatuz”; eta sinatzeko moduko beste hau: “gogoan izan behar da haren hitzak ezin ditugula inola ere gure begiekin neurtu”. Hots, poemak irakurri behar direla diotenaren arabera, irakurri gabe gure interesen neurrira; kontuan izanik, hori bai, irakurleok garaiaren seme-alabak garela. Edo alde positiboa nabarmenduta: garai bakoitzak Saforen poesia, zein beste edonorena, ulertzeko eta gozatzeko bide berriak sortzen dituela.