argia.eus
INPRIMATU
Gure belaunaldiaren kontra
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2022ko urtarrilaren 19a

Gasteizen gure belaunaldia zerbaitek berdintzen bazuen, desfasea zen. Berdin zen ze tribukoa zinen, (ia) denak ginen alkoholikoak edota bestelako drogazaleak. Cercas Bajasen pijoak, Zapan alternatiboak, Kutxin tradizionalak eta borrokak, Santo Domingo eta Zapa inguruan heavyak, marihuana zaleak Parnason, makinetoak Barruko Kalean, Pop espainiar zaleak Pinton eta Kale Berrian, nagusiak Aldapan eta San Prudentzion...

Gurea da orain aginte makila duen belaunaldia –beharbada amnesiak jota, hainbeste parranden ondotik–. Izan ere, gu historian ezagutu den “gaztarorik” luzeena bizi izan dugun belaunaldia gara, ez aurrekoek ez ondorengoek berdintzerik izango ez dutena. Hamahiru bat urterekin hasi eta hogei urtez luzarazi genuena:

Gu, tabernak gaupasa egin eta eguna argitu arte zabalik ezagutu genituenak; (mutilek) kalean edo atari batean txiza egin eta txahala botatzen genuenak; etxera bueltan, egunkari-ontzietatik aleak hartu eta botatzen genituenak; hiri-altzariak eta botilak puskatzen ibiltzen ginenak. Edo hori dena normaltasunez ikusten genuenak.

Lehenik, gaupasen zurrunbilotik atera behar izan genuen. Guraso egiten zara, adibidez. Orduan, asko (batez ere mutilak) korrika-txirrinduan-mendian hasten dira, lehen drogen bidez bezala, orain eguneroko errutina berritik ihes egiteko.

Eta inoiz edo behin egiten dugun kuadrilla jatorduan, mahaiaren bueltan eseri, musukoa kendu eta zizka-mizketatik azken kubataraino, hasi gara egungo gazteak berekoiak direla eta parranda bukatu arte COVIDaren kontra ez dagoela zereginik esaka. Berdin da gu taberna baten epelean gauden eta gazteak plazan edo mendian botiloi egiten. Gero, hizpidera ekarri ditugu bullying-hater-“bandak”-alkohola-rave-drogak-botiloi-smartphone... gaurko gazteen asmakizunak!

“Gaur egungo gazteak” hasten diren esaldiak, “jendea” hasten direnak bezala, magikoki ateratzen gaituzte “gu” ekuaziotik. Jendea gu ez beste guztiak balira bezala, eta gaur egungo gazteak, berriz, gure etxeetan hazi ordez, Martetik ekarri balituzte bezala: beharbada, familian (o, familia!) barne-komunikazioa beti izan delako hipokrisia eta inkomunikazioa.

La Pollaren kontzertuan, soziedadean, kubateoan liberal eskuindarretatik gero eta gertuago dauden ezkertiar ohiak gara. Gure gurasoen kopia guaiak, gure umeen super babesle eta gazteen etsai.

Kristoren gaupasak egin genituen, eta biharamunean egunkari zahar hau gara.