argia.eus
INPRIMATU
Broken Brothers: “Berandu, baina hala ere aurretik”
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko urtarrilaren 19a
Katebegia | Broken Brothers Brass Band | Autoekoizpena, 2021

Broken Brothers Brass Band: Iruñerrian azken urteetan eman diren mugimendu kultural garrantzitsuenen epizentro eta soinu banda izan da. Antimarketin estrategietan adituak, Ibil Bedirekin kaleratu zuten Orain bat gara bertsio arrakastatsu eta ederra kaleratu eta biharamunean argitaratu dituzte Youtuben diskoaren hamar aurrerapen kantu, Urtezahar egunean. Urtarrilaren 1ean, azken biak.

“Berandu, baina hala ere aurretik” dabiltzala diote. Izan ere, duela urte eta erdi grabatu zuten diskoa, eta prest zuten izozkailuan, kaleratzeko une okerrenaren zain edo. Foralak etorri arte dantzan egoteko deia egiten dute. Joxe Ripiauk zioen “aquí no hace falta cama, aquí nadie va a dormir” eta Brokenekoek “a casa no, a casa no!”. Kaletarrak abestian proposatzen digute Iruinkokoaren jauzietako baten bertsio new orleansdarra.

Jakina da New Orleansgo estilotik abiatuta dabiltzala Iruñerria belzten. Argaren emariarekin bat egiten dute, bertako letrekin, bertako moldeekin eta komunitatearekin elkarrizketa etengabean. Jazz disko bat da, galdetzen duenarentzat. Baina kalekoa. Eta batez ere, Iruñekoa. Mezuak argiak ditu ere: “Gure auzoan Gucci gutxi baina North Face gehiegi”.

“Agur jaunik ez da gaurkoz onartuko”, Arestiren hitzekin irekitzen dute Broken Sistersek, harmonia arma gisa erabiliz. Arestirekin elkarrizketa irekita ere “San Simon eta Ron Brugal, joan zen gaua ta mañaneoa heldu da” dioen Joan zen gaua eta Badut mailu bat kantutzarretan. Louise Michel anarkistari egindako omenaldi zoragarria ere aipa dezagun, 1871; Parisko Komunatik gaur arte, langile guztiok dantzan.

Disko honek, gainera, badu kale kondaira harrigarri bat: Chill Mafiako Kiliki Frexko, FlakoFonki eta Ben Yarten kolaborazioa dago diskoan, Joseba Tapiarekin batera. “Azkenean kolaboratu dute” pentsatzen dute gazteen jarraitzaileek (badakizue, Solano bezain guapoak, Tapiaren gisa kondairak). Baina esan dugun bezala, diskoa duela urte eta erdi grabatu zuten, eta Chill Mafiakoak iazko urtarrilean ezagutu genituen Iruñerriatik kanpo. Hau da: guk ezagutu genituenerako grabatua zuten kantua!

Iruñerrian sustraitzen ari da musika beltzaren tradizioa, elkarte eta eragile saldoarekin. Atlantiko Beltzaren ildoan, argia da estrategia. "Kalean egingo dugu" da aldarria, “katebegia” da kodea.