argia.eus
INPRIMATU
Urte itsu berri on
Itziar Bardaji Goikoetxea 2022ko urtarrilaren 15a

Ez daukat telebistarik eta ikusten dudanean, zaratak, koloreek, hiperestimulazioak kolpatzen nau. Urte bukaerako kanpaiak ikusi nituen. Antena 3n, Pedrocheren soinekoa urte amaiera baino garrantzitsuagoa zen. Espektakuluaren gizartean aztarna uzteko asmoz edo, emakumeak burua arrasean moztu zuen. Hamabi kanpaietako bakoitzean pantailan esku batek Coca-cola botila bat hartzen zuen eta amaitzean iragarkien uholdea iritsi zen. Batzuetan iruditzen zait hobera goazela, belaunaldi berriak libreagoak direla. Perfume iragarkiak ikusten ditudan arte.

Egunkarietan urtearen laburpenak egiten dituzten albisteak irakurtzen ditut. Pobreagoak gara, ezberdintasun materiala zabalagoa. Iparralde globaleko gure herriari bere barruko hegoaldea handitzen zaio. Ongizate ereduaren fantasia telefonoz medikuarekin kontaktatzen saiatzen garenean ipintzen diguten musikarekin batera lurruntzen da.

Eta helarazten diguten mezua ez da aldatzen: klase ertaina da normaltasuna –pobrezia behin-behineko salbuespena akaso, gu ez garenona– eta kontsumoa zorionerako bide koloretsu distiratsua. Urte itsu berri on.