Abenduaren 31n jakinarazi zuen aldaketa Europako Batzordeak: nuklearra eta gas naturalak ere trantsizio berderako aktibitateen zerrendan sartuko ditu. Klima larrialdiari aurre egiteko finantzamendu publiko zein pribatuak sektore kutsakor hauetara bideratzeko bidea irekitzen duen erabaki politiko garrantzitsua dugu. Oinarrian dauka aldaketa drastikorik gabe lortu ezina duen 2050erako karbono neutraltasunaren helburu ekologikoa. Aldaketarik ez dutenez nahi, gisa horretako maniobrak biderkatzen dabiltza agintari politikoak.
Energia nuklearra “trantsiziorako energia” gisa sailkatzea erabaki du Europako Batzordeak, eoliko, hidrauliko eta bestelako energia berriztagarrien ondoan kokatuz. Gas naturala ere sartu dute zerrenda berritu horretan. Ezin sinetsizkoa badirudi ere, erabakiak ez du harridura eragin, jakina zelako gordezka ala publikoki horren alde lan eta presio handia bideratzen zebiltzala hainbat lobby eta estatu indartsu –Frantziako Estatua lehen lerroan kokatuz–.
Hein handi batean zientifikoa eta objektiboa zena politikoagoa bilakatu da azken hilabeteetan eta abenduaren 31n baieztatu zen aldaketa, inolako disimulaziorik gabe Bruselak bidalitako testu-proposamenean. Nuklearrak eragindako zabor ikaragarri kutsakorren desagerrarazteko aterabiderik ez izanik, energia iturri hau ez zen gaur egun arte “taxonomia berdean” sartzen. Baina, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko engaiamendu politikoa finkaturik duela, hala edo hola bete beharra du Europak helburua.
Etiketa berdea jasoko lukete 2045erako eraikitzeko baimena lortzen duten instalazio berriek eta aktibo jarraitzeko baimena 2040 aitzin lortuko dutenek, baldin eta zaborren gestio plan bat baldin badute. Sailkapen berri horri esker nuklearraren sektoreak jasotzen ahalko ditu klima larrialdiaren kontra bideraturiko finantzamendu pribatu eta publikoak. Diru asko da jokoan: 1.000 bilioi euro 2021 eta 2027 artean, Europako Paktu Berdearekin bakarrik.
Berez eta ofizialki, “zientifikoki” erabakia dute. Hiru irizpide ditu kontuan hartzen taxonomia berdeak: ingurumenaren babesaren aldeko sei “ekarpen substantzial baikorretatik” gutienez bat betetzea –klima aldaketa arintzea; baliabide hidrolikoak babestea eta modu iraunkorrean erabiltzea; ekonomia zirkularraren aldeko trantsizioa bideratzea; kutsaduraren prebentzioa eta kontrola; klima aldaketari adaptatzea; eta bioaniztasuna eta ekosistemak babestea–; do no significant harm printzipioari segiz, beste ekarpen ekologikoak ez kaltetzea eta eskubide sozialak errespetatzea.
“Batzordeak klima zientziari, naturari eta ondoko belaunaldiei bideratu mespretxua ikaragarria da. Erabaki hau oztopatu behar dute Europako Parlamentuak eta gobernuek”, Greenpeacen arabera. Aldaketa oztopatzen entseatu ziren Gobernuz Kanpoko Erakunde anitz eta Europako estatu bakar batzuk –Alemania, Espainia, Austria, Luxenburgo, Danimarka–. Debaldetan. Urtarrilaren erditsuan adostu behar luke behin betiko bertsioa, taxonomiaren osaeran parte hartu duen finantza iraunkortasunerako aditu teknikoen taldearen ekarpenekin. Lau hilabete ditu orain Europako Parlamentuak bozka bidez oztopatzeko. Europako Batzordeak ere aurka egin dezake hogei estatu kontra agertuz gero. Baina bide batetik zein bestetik, aukera guti dira nuklearren aldekoen garaipen hau blokeatzeko.
Lobbyak Bruselan, lanean
Hemezortzi zentral nuklear eta 56 erreaktoreekin, Frantzia nuklearraren defendatzaile sutsua da aspaldian. Hasteko, erabat dependente delako: elektrizitatearen %70,6 nuklearra du eta mundu mailan bigarren ekoizle nagusia da. Ikatzaren mende baina hau alde batera utzi beharrean diren Europa ekialdeko estatuak bere ondoan ditu Emmanuel Macron presidenteak. Martxoan, espreski nuklearra taxonomia berdean gehitzeko eskaera bidali zieten gutun bidez Europako Batzordeko buruei Frantziako, Txekiako Errepublikako, Hungariako, Poloniako, Errumaniako, Eslovakiako eta Esloveniako lehendakariek.
Bistan da, ez dituzte argudio gisa erabiltzen Europak lurpean eta itsasoan metaturiko 2,5 milioi m3 zabor erradioaktiboak –1,54 milioi m3 Frantziarentzat bakarrik–. Nuklearraren eta gasaren sektoreko eragile pribatuen partetik ere da ikaragarria presioa: 2018az geroztik, urtero 86 milioi euro dituzte Bruselan egindako lobbygintzara bideraturik; batez besteko astero hiru bilera eginez. 825 pertsona dabiltza lan horretan, Reclaim Finance GKEren ikerketaren arabera –Frantzian elektrizitatearen monopolioa duen EDFek hamar langile ditu lobby lanetan Bruselan, urtero 2,5 milioi euroko aurrekontua bideratuz–.
“Industria nuklearrarekilako loturengatik Europako Batzordearen ikerketa zentroaren inpartzialtasuna zalantzan” dokumentuan azaldurik du Greenpeacek printzipioz neutro izan behar luketen egituretan sarturik daudela nuklearraren aldekoak: “Nuklearraren iraunkortasunaren ebaluazio objektiborako JRC ikerketa zentroak duen gaitasuna zalantzan jartzen dute JRCk Euratom hitzarmenarekin dituen lotura estrukturalek, nuklearraren industriarekilako harremanek eta zentroko kideek publikoki egin adierazpenek”. Adibidez, Foratom lobby boteretsuak ditu JRCren hainbat formakuntza eta langile kontratatze bideratzen. Nuklearra taxonomia berdean sartzeari “onespena” eman zuen iaz JRCek eta nola ez, honetan oinarritu da Europako Batzordea.
Energia krisiaren ‘jokerra’
Azken hilabeteetan pairaturiko energia krisiak ere erraztu du aldaketa hau. Hain zuzen, energiaren eskaintza segurtatzeko bidean, “ezinbesteko” gisa aurkeztua da nuklearra. Interesgarria da Le Monde-k plazaraturiko “Crise énergétique et relance du nucléaire: un air de déjà-vu" (“Energia krisia eta nuklearraren bultzada: iraganekoa errepikatuz”) kronika. Xeheki azaltzen da AEBetako 1970eko hamarkadako elektrizitatea hornitzeko zailtasunek nolatan eta nola mesede egin zioten nuklearraren sektoreari. Atomic Energy Commission (AEC) izan zen “energia krisia” hitza zabaltzen lehena eta nuklearraren aldekoek zituzten honi buruzko lehen liburuak argitaratu. Gaur egun, modu eta estrategia berarekin ari dira energia krisiaren jokerra lau haizetara zabaltzen. EDF, Macron ala JRC zentroa, guztiak zentzu berera.
Bide batez, garaian nuklearraren kontrako mugimendu azkarra oztopatzeko eta zikintzeko balio izan zuen argudioak, krisiaren arduradun gisa aurkeztuz ekologistak; eta gaur egun, gisa berean balioko die zabalduz doan ingurumenaren aldeko mugimendua ahultzeko.
1979an istripu nuklear larria gertatu zen Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearreko unitateetako batean. Bestea, 2019an itxi zutena, berriz jarriko dute martxan, Microsoften adimen artifizialaren energia behar handiak asetzeko.
Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]
Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]
Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]
Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]
Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]
Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.
Niamey-en eman zuten estatu kolpea, aurreko asteazkenean. Abdourrahmane Tchiani jenerala da kolpea jo duen militar taldearen burua, eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak (CEDEAO) aste bat eman diete presidente ohia berriro ezartzeko, eta bestela... [+]
Ekosistema artikoak bereziki hauskorrak dira, bertako tenperatura apalengatik izaki guzien hazkuntza mantsoa baita, eta nahasmendu baten ondotik berrosatzeko denbora luzea behar baita. Halere, ekosistema artikoak bihurtu dira XX. mendeko hainbat jarduera industrialen zabortegi,... [+]
Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe... [+]
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO) izan da zental nuklearra eraisteko baimena eman duena. Horri esker, Enresaren enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna.
Frantzia ekialdeko Bugey eta Saint-Alban herrietako zentralen elektrizitate ekoizpena murriztu dute, aktibitateak ondorioztatu uren tenperaturen emendioak ekosisteman eragin kalteak saihesteko. Eguraldiari dagokionez, tenperatura altuak aurreikusten dituztenez, erabakia hartu... [+]