Lilurarik ez zioen Bertolt Bretchen poemak, artistak era zitzakeen ilusioen aurka. Gauzak bere horretan erakustea. Hara! Artearentzat, nahiz gizartearentzat teoria. Gaur egun, ordea, gazi-gozo zaigu. Batetik, poetikoak diren hitzok zail dira betetzen; bestetik, problema etiko gehiago dakartzate beren tesian. Landarte programako Arantza Santestebanen lanak badu guzti horrekin zerikusia.
Abenduan amaitu dira 2021ean Landarten garatutako saio artistikoak. Aurreko edizioetan egin izan den bezala, Nafarroako hainbat artista aukeratu dituzte landa eremuko zenbait herritan interbentzio artistikoak egiteko. Horretan datza, izenak berak esaten duen moduan, ekimena: landako artean. Artista edo kolektibo bakoitzak epea izaten du proiektua garatzeko, eta ondoren erakusketa, emanaldi, edo performance modura aurkezten dira denak. Proiektu bakoitza autonomoki garatzen den arren, elkarren arteko bilerak eta trukeak ere egiten dira.
Landaren eta artearen arteko harremana tirabiratsua da. Etika antropologikoak, irudi zinematografikoak eta kolonialismoak osatzen duten hirukiak zuzenean du zerikusia tirabira horiekin. XIX. mende amaieran hasi zen zabaltzen zinema-gailuaren erabilera, eta garai horretan bertan aitortzen zaio antropologiari berariazko disziplina izatea. Egoera kolonialetan tokian tokiko kulturekiko sortutako jakinminak bultzatzen du irudiaren garrantzia; nolabait, froga edo testigu gisa erabilia zena jatorrizko herrira itzultzen zen ikertzailearentzat. Bestetasuna filmatzera joandako etnografo martiriek ez dute igarotzen, noski, gaur etikoki zuzena denaren langa. Baina, era berean, ez dago egun langa horren neurketa edo definizio adosturik. Akaso, etikaren eztabaida amaigabea da, egon daitekeen etikarik zorrotzena. Batzuentzat, aspergarri dena. Antropologia ez ezik, gero eta ohikoago dira landa munduko esku-hartze artistikoak. Dena dela, badago zerbait landa eta artea hitzak elkartzean gertatzen dena.
Askotan, kanpotik (gehienetan hiritik) iristen den artistak egiten ditu herrietako arte interbentzioak. Hala gertatzen da azken boladan behintzat. Agian garai batean ohikoagoak ziren herrian bertan sortu eta lan egiten zuten artistak. Gerora, ordea, artean nahiz beste ogibide gehienetan, kanpoan lan egitea gailendu zen industrializazioak behartuta; herriko beharrak asetzetik urruti, hiriak populatzen hasi ziren. Orain, badirudi kontrako mekanismo batek hartu duela indarra, landa munduko ekimen artistikoak gero eta gehiago baitira. Hala gertatzen da gurean ere. Egon liteke lotuta euskalduntasun bukolikoaren iruditegiarekin, edo krisi ekosozialaren alarmarekin. Baliteke herrian aurkitzea zenbaitek hirian jada galdu diren balioak. Beste batzuek, hiriko estresa egun batzuez utzi eta erlaxazio gune gisa irudikatzen dute. Norberak badu motibazio propioa; alabaina, denak dira kanpotik eraikitako landarekiko proiekzioak. Eta horrek badu ardura bere barruan. Jarraituko dugu horren inguruan pentsatzen datozen lerroetan.
Landarte programari dagokionez, Anne Ibañez eta Marc Badalek koordinatzen duten ekimena da, 2017az geroztik gauzatzen dena. Ibañezek eta Badalek osatzen duten kolektiboak, Kanpoko Bulegoa deritzonak, hainbat proiektu gauzatu ditu aurretik, artearekin eta landa munduarekin lotuta daudenak. 2016an egungo sistemak behartzen duen abiaduraren inguruko gogoeta biltzen duen Mundo clausurado (Itxitako mundua) liburua argitaratu zuen autoedizioaren bidetik. 2017an, Endemis(t)moak, la frontera como hábitat (Endemis(t)moak, muga habitat gisa) egitasmoa gauzatu zuen Nafarroa Beherean, Baserriko Arte Sarearentzat. Hainbat formakuntza eskaini ostean, Landarteren koordinazioa eta bitartekotza daramatza kolektiboak, eta herrietan egiten diren artisten egonaldien zein prozesu artistikoen lekuko da. Kolektiboaren lana idazketan, diseinuan, gogoeta kolektiboko prozesuetan eta lurralde-dinamizazioan oinarritzen da.
Aurtengo Landarte edizioa sei herritan garatu da, sei artista edo kolektiboren eskutik. Batetik, Katixa Goldarazenaren esku-hartzea izan da Zubietan, gorputzak bizitzan duen presentziari buruzko hausnarketa egiten duena. Lizarra inguruko Murieta herrian Conjunta kolektiboa aritu da lanean De Chopera a Chopera esku-hartzean. Agezan Taxio Ardanaz izan da Cabalga Cabalga proposamenarekin, eta Maion Cruza artistarekin batera landu du antzerkiaren eta zinemaren inguruko lana. Murillo el Fruton Ana Maestrojuán aritu da Informazio-kapsulak izeneko proiektua garatzen. Artistaren esanetan “herria herritarrentzat zer den eta zer izan zen kontatuko du, hainbat adin eta jatorritako herritarrekin egindako topaketen grabazioen bidez. Askotariko ahots eta ikuspuntu hainbat modutan grabatu eta adieraziko dira”. Artzibarren Pr0t0c0lectiv0 taldeak Descamino sormen-lana garatu du.
Artikulu honi izena ematen dion proiektua Arantza Santestebanek Araitz Ibarrean egindakoa dugu: Liluraren kontra. Aura hautsi. Santestebanek Araizko ibarrean azken hamarkadetan garatu diren jardun artistiko batzuen eta paisaiaren arteko harremana arakatu nahi izan du. Bailaran ezagunak diren Maioak ditu horretarako motibo, eta Lou Reedek mendilerroari ateratako argazkia izan du artistak abiapuntu. Reeden argazkian, paisaiak lanbro berezia du inguruan, eta argitasun handia du. Walter Benjaminen aurari buruzko gogoetak bultzatuta, Santesteban saiatu da ikertzen aura moduko hori nola bilakatu ikusgai. Horretaz gain, ibarraren irudi bukoliko horretatik harago, hango problematikara hurbildu nahi izan du, eta hortik aura hautsi. Hainbat artistek egin bezala, esku-hartze artistikoa gauzatu nahi izan du, baina tokiaren idealizazioa zalantzan jarrita.
Egonaldiak amaitu ostean, hemezortzi minutuko film dokumental esperimentala izan da emaitza. Bailaran bizi diren pertsona batzuk jarraitu ditu Santestebanek Maioetan barrena. Batetik, landa munduko aldaketez mintzo den gizona; bestetik, jatorrizko herrialdetik urrun dagoen emakumea; baita kamera berezi batez enkoadratzen duen beste emakume bat ere; eta azkenik, Tik-tok-ak egiten dituzten eta ilunabarrari argazkiak ateratzen dizkioten gazteak. Bakoitzak badu ingurua begiratzeko, argazkian jasotzeko eta erregistratzeko modu bat. Eta baita ulertzekoa ere. Artistak ere badu berea. Ikuspuntuen eta auraren arteko jolasak bakarra ez den espazioaren ulerkera osatzen du, ekosistema bizidun gisa.
Ibilbidearekiko zintzoa da emaitza. Beste batzuk begiratzen dituen filma, besteak ere begira dauden bitartean. Toki batekiko errepresentazioa izan ordez, errepresentazioetara gerturatzen saiatzen den irudikapena da. Araitz ibarreko egunerokoan pentsatzeaz gain, artearen eta landaren arteko loturan pentsatzen ari dena.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]