argia.eus
INPRIMATU
Bidaia etxeraino
Xabier Etxaniz Erle 2022ko urtarrilaren 13a
Ata Pank eta Ate Punky. Desioa | Bernardo Atxaga, Mikel Valverderen ilustrazioak | Pamiela, 2021
Ata Pank eta Ate Punky. Desioa | Bernardo Atxaga, Mikel Valverderen ilustrazioak | Pamiela, 2021

2020 amaieran argitaratu zen Ata Pank eta Ate Punky ahate bitxiei buruzko lehen liburua. Urtebete beranduago ahateen bigarren entrega plazaratu dute Atxagak eta Valverdek. Lehenengo hartan hiru kontakizun laburrek osatzen bazuten liburua, oraingoan istorio bakarra kontatzen digute, Ataren eta Ateren ateraldi edo burutapen baten ondorioa.

Ata eta Ate ahate berezi xamarrak dira; filosofikoak batzuetan, adar-joleak askotan, umore puntu bat dutenak eta munduaren oso ikuspegi lasaia. Oraingo honetan, “asperduriak jota” daudela-eta “helikonteroen” zain daude beren patioan, Nelok iragarritako Europako Bira bizikletaz filmatu behar zuten helikopteroen zain. Horiek, baina, ez dira agertzen eta orduan, asperturik, Neloren gonbidapena onartu eta haren estalpean ikusiko dute animalien migrazioari buruzko dokumentala telebistan.

Eta Xolak lehoien berri izan zuen lehenengo hartan lehoi izan nahi izan zuen bezala, oraingoan Atek migratu nahi duela adierazten dio Atari. Limpopora joan nahi duela. Honek, aldiz, ez dio ezetzik esaten lagunari, baina argi dago ez duela abiatu nahi.

Ateren desioaren inguruan arituko dira, dituen ametsez, irudikatuko dute nola abiatuko diren, Antzoki Nagusiko teilatutik, jendea txaloka, helikopteroak haien hegaldia grabatzen…

Atxagak (eta Valverdek, bere irudiek indar handia ematen baitiote kontakizunari, idazleak adierazitakoa osatuz) irakurlearekin jolasten du, espektatibak sortuz eta harridurarekin jolastuz. Aspaldian erakutsi zigun asteasuarrak istorioak kontatzeko duen abilidadea, adin eta irakurle mota ezberdinen gustuetara moldaturiko istorioak azaltzen. Oraingoan, aurretik Bambulo edo Xolarekin egin izan duen bezala, Atxagak ederki eramaten gaitu Ata Pank eta Ate Punky ahate xelebreei gertaturikoetan zehar.

Umoreak pisu handia du istorioan, eta bertan ikusten dugu nola joka dezakegun erdi beharturik gaudenean, gauzak desio izatea ez dela nahikoa… guztia umorearen ikuspuntutik; testuak eta irudiek erakusten eta, sarritan, iradokitzen duten umore finaren bidez. Amaieran bezala: “Hegan abiatu ziren bika, eta istant bat geroago etxerantz zihoazen Nelorekin batera”, eta ilustrazioan hiru lagunak ikus ditzakegu kalean aurrera… etxerantz bidaiatzen.

Atxagak aurkezpenean esan zuen pertsonaia hauen ehun istorio irudika zitzakeela. Gu hurrengoaren zain gaude, irribarrez.