Heldu gara 22ra eta argazki erdibitua izaten jarraitzen du Euskal Herriak. "Badu nora heldu baina ez du zeri heldu". Esaldi esanguratsua, aspaldiko kantu baten sarreran. “Baionatik Bilbora itsaso hutsa da nire herria”.
Baiona eta Bilbo, Euskal Herriaren bi erreferente nagusi. Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten gunean, Baiona da Iparraldeko hiri nagusia, Euskal Hirigune Elkargoaren burua, Angelu eta Miarritzekin batu eta BAM makro-hiria sortzen ari dena. Ibaizabal eta Nerbioi ibaien urak batzen dituen Bilbo Handia da Hegoaldean konurbazio nagusia.
Zein da, gaur egun, Baiona eta Bilbo arteko distantzia? Lerro zuzenean, 120 kilometro baino ez, eta Donostia dago gainera bide erdian. Naziogintzaren ikuspuntutik, euskal hirien arteko harremanak estutu beharra lehen mailako helburutzat hartu behar dugu. Badugu, beraz, nora heldu. Baina ba ote da horretarako zeri heldu?
Baionaren eta Bilboren arteko harremanez txostena idatzi zuen Manex Pagola doktoreak, garaian Baionako Euskal Museoaren zuzendariordeak, EHUn egindako sinposio baterako. Bi euskal hirien arteko behinolako hurbiltasun historikoa, estatu espainiarrak eta frantziarrak sortutako mugaren eraginez oso ahuldua ikusten zuen arren, Europar Batasunaren norabidean itxaropena zuen Pagola doktoreak. Ez da horrela gertatu. Une honetan, Estatu biek apropos Ipar eta Hego Euskal Herria elkarrengandik urruntzen dituztela ematen du.
Frantziak, bere kabuz, mugaren hertsadura erabaki du, Euskal Herriaren erdi-erdian etorkinak geldiarazteko traba hilgarriak sortuaz. Zazpi hildako izan dira iaz horren kausaz Bidasoa ibaian, Irunen edo Donibane ondoko trenbidean.
Garai batean izan ziren mugaz gaindi euskal hiriak elkarren artean lotzeko proiektuak. Donostia eta Baiona ardatz hartuta, 1993. urtean Henry Grenet BAM edo Baiona-Angelu-Miarritze konurbazioaren presidenteak eta Eli Galdos orduan Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak sinatu zuten hitzarmen bat, Europar Batasuneko araudi berria oinarri hartuta, Euskal Eurohiria mugaz gaindi hedatzeko helburuaz. Lapurdiko 25 udal eta Gipuzkoako hamazazpi elkartu ziren proiektu horretara, baina hor gelditu zen bazterrean.
Joan berri den 2021. urtearen azkenetara, azaroaren 20an, bi manifestazio jendetsu egin ziren Bilbon eta Baionan. Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte leloa hartuta milaka pertsona Bilbon. Euskal Herrian bizi eta etxebizitza ukan aldarrika beste milaka Baionan.
Ondoren, abenduaren 13an elkartu zen Pirinioetako Lan Elkartea (CTP deitua), mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko aspaldiko 1983an sortua, Europako Kontseiluaren bultzadaz. Oraingoan bilera Katalunian izan zen, Cerdanyako Alp herrian. Bileraren ondorioen berri ematera Pere Aragones Generalitateko president-a eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria batera agertu zirenean, ez zuten Euskal Herria eta Katalunia nazioek pairatzen duten zatiketa inposatua aipatu ere egin. Pedro Sánchez presidente espainiarrarekiko harremanak izan ziren bien ardura bakarra.
Etorkin afrikarren ohitura omen da, pertsonak jatorriko herria uzten duenean, norbere argazkia erdibitu eta erdi bat familiari uztea, bestea soinean daramatela. Azken mugaraino heltzean, bigarren erdi hori bidaltzen ei dute etxera, han argazkia osa dezaten. Guk, berriz, argazkia hiru zatitan hautsia dugu, eta ez dakigu noiz elkartu ahalko dugun Euskal Herriaren argazki bateratua. Bide berriak behar ditugu Euskal Herria osatzeko.