argia.eus
INPRIMATU
Sabeletik eta burutik
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko abenduaren 25a
Garun ta eztarri | Bananas | Hainbat diskoetxe, 2021
Garun ta eztarri | Bananas | Hainbat diskoetxe, 2021

Pasa dira makina bat urte ordutik: Bergarako Kartzela Zaharrean –Gaztetxean- bi musika taldek itzelezko emanaldia eskaini zuten hardcorea oinarri; gau gogoangarria izan zen, ederra. Bada, kontzertu ostean bi taldeetako kideen arteko elkarrizketa, pozarren, hauxe: “Nolatan jarri diozue Flyshit izena taldeari?”, batek. “Eta zuek, Spermbirds?”, besteak. Zozoak beleari ipurbeltz. Izen xelebredunak biak ala biak, baina hamarkadak pasata sasoi betean jarraitu eta gero eta gehiago post-hardcorean arakatu eta eroso mugitzen direnak.

Bananas ere izen xelebrea da erabat, baina Musikazuzeneaneko lagunei kasu eginez asteon eskuratu dut diskoa, eta a ze sorpresa ederra! Ezer gutxi dakit oraindik disko luze hau aurkeztu berri duten taldekideez (aurretik lan laburrago bat kaleratu zutela, hain justu), baina mimoz eta gogoz lantzen dute emaitza.

Diskoa zabaltzen duen Beste behin-ek ezinbestez ekarri dit Rites Of Spring gogora: malenkonia sarkor bezain indartsua, post-hardcorearen esentzia. Zenbaterainor-ek emo-an murgilduta pentsarazten dit noraino helduko den abeslariaren ahotsa: kantu honek (eta gainontzekoek) bietatik baitu, itsaskorretik eta garratzetik. Zaldi beltz bat-ek baditu riff gardenak eta Dut taldeko Josebaren pareko urgentzia. Bideharri, melodia beti aldarri, tempo eta erritmo aldagarri da, aberatsa. Zama are eta jostalariagoa, instrumental jokoak gehiago eta gehiago nabarmenduta eta Lisabö gogoan. Ulia-k darama aldean Leatherface handien Dead industrial atmosphere gaurkotuaren arima. Lehen buru gerra da, apokalipsiaren aurretik, pop-etik gogoz edaten duen eta ostean rockero bilakatzen den pieza ederra. Eta, azkenik, Kontra edo alde da, ezbairik gabe, erritmo biziz jantzitako pop garraztua.

Bananaseko kideek jakin dute irmotasuna, erritmo aberatsak, melodia barra-barra, gainetik kendu ezin (ezta nahi) dugun malenkonia pizgarria, irudimena, garraztasuna, urgentzia eta indarra batzen, kontrastez beteriko emaitza aberatsean. Izan ere, eskola zaharreko post-hardcorearen esentzia dauka puri-purian, eta are kolore gehiagoz zipriztinduta.