argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Urteko uzta
Ula Iruretagoiena 2021eko abenduaren 24a

Zer pentsatuko luke kazetari batek, urteko azken artikulua idazteko unean. Urtearen errepaso bat egitea akaso, urteak eman duen uztarik onenaren zerrenda batekin batera, laburpen baten gisara. Liburu, zinema, diskoekin horrela egiten da. “Onenen zerrendak” egiteari kutsu estatubatuar eta lehiakorra ikusi diot beti, eta botere ariketa bortitz bat usaindu daiteke atzean, kazetaria influencer bilakatuta. Nor naiz ni beste profesionalen lana baloratzeko, on eta txarren artean taldekatzeko. Baina atzera begira ariketari interesa aurki diezaioket, urte batek suposatzen duen denbora sinbolikoak adierazkortasun nahikoa duelako non gauden ikusarazteko.

Arkitekturaren esparruan, sari banaketa eta blog argitalpenek gertatzen ari denaren berri ematen dute, Durangoko Azokatik buelta bat ematearen antzera. Besteek egindako aukeraketari begira, hainbat lerro intelektual nabari daitezke.

Lurraldeari dagokionez, elikaduraren garrantziak eta aldirietako ortu laborantza errekuperatzeak top ten-ean jarraitzen du. Ogi on bat ekoizteak hiri bati ekartzen dion bizi-kalitatearen neurgailuaz hitz egin da. Pandemiak auzo eskalaren berreskurapena aldarrikatu du, oinez eta 15 bat minututan bizitzaren oinarrizko ekintzak auzoan aurkitzeko beharrari eutsiz. Hirien eraldaketari dagokionez, aurtengo leloa izan da eraitsi aurretik dagoena erreparatzearen alde egitea. Baina hiria utzi eta baserrira bizitzen joateko ideiak gora jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzak baserrietan etxe gehiago egiteko atea zabaldu ostean.

Energia berriztagarriekin batera, aireztapen gurutzatuaren logika tradizionala gailendu da. Baina aurtengo eraikuntzaren eragilerik handiena mundu mailako lehengai eskasiaren ondorioa izan da, eta horrek ekarri du eraikuntza prezioen bat-bateko igoera. material eta teknika lokalen biziberritzeak etorri behar badu, eraikuntza-artisautzaren goraldi bat eskatzerik balego, gaur-gaurkoz, sektorea ez dago prest. Etxeko lan asko datorren urtera begira!