“Poesia hitzekin beste zerbait egiteko lekua dela sinesten dut”

  • Absentziaren eta presentziaren, memoriaren eta bizitzaren uretan murgiltzen du irakurlea Itziar Ugarte Irizarren (Oñati, 1995)
    Gu gabe ere (Susa, 2021) lehen poema-liburuak. ITU literatur bandako kide izandako aspaldiko lagun bi berriz elkartu eta poesiaz aritzeko aitzakia aproposa izan da elkarrizketa.

Itziar Ugarte Irizar (Argazkia: Peru Iparragirre)

Louise Glücken aipu batek zabaltzen du liburua: “Gauza ederrak, esan zuen, / aurrean dauzkazu, edo atzean agian; / zaila da ziur egotea. / Eta gainera, erantsi zuen, ba al da alderik?”
Dena dago hor, etengabeko txirikordatze horretan. Zure oraina ere, bihar oroitzapena bihurtzen den hori, badago gauza handiagoetan sostengatuta, memoria kolektiboagoetan eta baldintza handiagoek baldintzatuta. Aipuak esaten du “zaila da ziur egotea”, eta badirudi beste zatia dela garrantzitsuena, baina niretzat ziurgabetasunak garrantzia handia du. Mariano Peyrouk esaten du ziurgabetasuna eta egunerokoan inguratzen gaituzten hainbat misterio onartzen ere irakasten digula poesiak, eta horrek ematen dizu arnasa bat, gauzak beren horretan zureganatzeko. Liburuan ardatz oso garrantzitsua da memoriarena, baina ez iraganari lotutakoa, baizik eta orainetik ulertua eta etorkizunari lotutakoa.

Badago momentu oso inportante bat liburuan: gure bi aitona eta amona bat oso jarraian hil ziren, eta momentu intentsua izan zen niretzat. Beste abiadura eta bizitasun batean nindoanez talka handia ekarri zuen. Oso gertutik sentitu nuen gainbehera, eta konturatu eta hor sartzeko aski abiadura motelean zetorrela nabaritu nuen. “Hor egon nahi nuen” esaten du poema batek, eta hor egoteko eta kontzientzia hartzeko balio izan zidan. Ikusi nuen pertsona memoria galtzen doanean nola doan galtzen, nire ustez, baita izana ere. Hortik abiatzen da haiekin eta haien belaunaldiarekin izandako elkarrizketa bat, arakatzeko haiena den zerk egin duen nire mundu ikuskera. Hor murgildu eta odol loturaz aparte zerk batzen eta zerk bereizten ulertzea izan da ariketa, ulertzea zergatik izan den haien bizimodua izan den bezalakoa, zein harreman izan duten haien inguruarekin, zein harreman hizkuntzarekin. Absentzia fisikoa egon arren zuk jarraitzen duzu marko konpartitu hori zamatzen. Haien memoria kolektiboa zure parte ere bada, eta zure kontzientzia indibiduala memoria kolektibo askoren gurutzaketan osatzen da. Horregatik, nahiz eta memoria partikular bat galdu beste batzuek jarraitzen dute. Niretzat, galdera asko pizteko momentua izan zen hori: memoriaren inguruko kezka hori, eta ea zer egiten dugun gure denborarekin, gure garaiarekin... Orduko ohar eta irudi asko dauzkat eta horietatik abiatuz asko idatzi dut liburua, nahiz eta ez bakarrik hortik. Horrela ulertzen dut nik liburua, baina oso posible da beste batek, eta hori ere polita da, beste leku batetik ulertzea.

Gurea ez den baina gu ere egiten gaituen mundu hori ulertzeko bulkada bat dago, baina baita guk zer uzten dugun aztertzekoa ere.
Bai, hori da. Kontzientzia hartze bat da, batez ere. Zer egiten duzun aurretik beste jende asko igaro den lekua hartzean. Oroitzapenak horretarako oso material emankorra dira, eta baita beste gauza batzuetaz pentsatzeko ere. Sarrionandiak testu batean aipatzen zuen, eta asko gustatzen zait ideia, nola oroitzapen indibidualena ere lotuta dagoen parte garen gizarteko bizitza material eta moralarekin. Horrek egiten du zure oroitzapenik intimoena den hori ere konpartigarri. Niretzat bazen liburuarekin lotutako kezketako bat  hain eremu gertukoari begira idatzitakoa izanik –ama, aita, amona aipatzean–nire esperientzia gainbaloratu gabe transzendentzia pixka bat izan zezala,   eta ea hor irakurleak lekua topatuko zuen testuarekin bere esperientzia izateko. Liburua nola azaldu pentsatzen hasi ginenean, asko jotzen nuen momentu hartara eta ideia batzuetara, baina Leire Lopez editoreak esaten zuen garai hartako poemak ez direla horrenbeste, eta beste gauza batzuk ere badaudela. Eta egia da, badago gazte baten ahotsa, bere garaia ahal beste zukutzeko irrika, dastatzekoa. Plazer eta bizitasun horrek ere badauka bere lekua liburuan.

Irudiek pisu handia dute poemetan, irudi zehatzak dira oro har eta poemetako hizkuntza bera ere zehatza da, nabari da hitzaren bueltako kezka.
Poesia hitzekin beste zerbait egiteko lekua dela sinesten dut. Lengoaiarekin egunerokoan duen funtzio komunikatiboa ez den zerbait egiteko, harago eramateko lekua. Hautua izan da hitz soileik kontatzea normalean kontatzen dutena baino gehiago. Askotariko poesia existitzen da, baina badago ustez poetikoa denaren gaineko uste oker bat, poesiak behar duela tonu hanpatua eta hizkuntza korapilatsua. Ez dakit den hautu bat edo idazterakoan gaina hartzen duen ahots bat, baina puntu batetik aurrera kontzientzia hartu nuen hizkuntza garden horrek balio zidala kontatu nahi nuenerako. Berrian aipatzen zuen Ruper Ordorikak aurrekoan: “Kantu irudiz xumeetara ailegatzeko, asko behar da xehatu”, eta lan horrek erakartzen nau, nola egin hitz soilekin dagoena ikusgarri. Poema batzuk berridazterakoan, distira gehiago atera guran, kargatzen eta tonua igotzen hasitakoan ikusten nuen hasten zela erortzen poema. Muga horretan aritu naiz, nola lortu lengoaiarekin beste zerbait modu soilean egitea.

Badago lexiko bat oso propioa. Iruditu zait batzuetan hizkuntzak berak eramaten duela oroitzapen batzuetara.
Intxaurrak zuritzen poeman agertzen da nola amonak esaten zuen “umea egin zonan, kaka egin zonan”. Zenbat gauza egon daitezkeen horren atzean. Garai hartako emakume batek esaten dizu umea egitea edo ez egitea ez zela hautu bat, baizik eta berez zetorrena, bere bizitzari forma konkretu bat ematen ziona. Berak ez zuen eduki guk eduki dugun sarrera, nahi bada, ikasketa batzuetara, adibidez. Baina euren gogoeta zein aberatsa zen hori dena gabe ere, nola zuten sekulako ganbara betea, bai hizkuntzarena, bai esperientzia propioarena. Zuloa leiho poeman ere beste emakume oso heldu baten ahotsa ageri da, eta kontatzeko duen gaitasuna eta hitzak ekartzea interesatzen zait. Lengoaiaren bitartez egiten dugu lotura inguruarekin, eta hor informazio asko egon daiteke.

Kea poeman agertzen da idatzi beharrean idazteaz hitz egitearen inguruko kezka. Aspalditik ari zara idazten, baina orain argitaratu duzu liburua, nola bizi duzu zure idazletza?
Bada gauza bat buelta asko eman dizkiodana. Inportantea da idazten duenarentzat idazketaz pentsatzea, erabiltzen duzun tresna horretaz hausnartzea. Badaude liburuan idazteari buruzko poema gehiago ere, eta Aitaren kantuak poeman ere sormen lanari buruzko kezka hori agertzen da, nola bizi egiten dugun hau. Hitzen gogoa poeman galdetzen da “zerk ematen dio zentzua zeri?”.

Nola bizi dudan? Zarata horrekin, batzuetan. Boladaka ateratzen ditut idazteko tarteak eta denbora noanean irakurketekin desfasatuta edo idazteko denborarik atera gabe sortzen dit zarata pittin bat. ITUko taldean ere edukitzen genuen mamu hori atzetik jarraika. Oso gertu sentitzen dut hori, nirekin daramat “you should be writing” ("idazten behar zenuke") hori. Baina zergatik? Nor dago honen zain? Tentsio horrekin bizi dut.

Pozik nago nire buruarekin ausardia eta konfiantza hartu, lana egin eta hemen gaudelako. Orain determinazio gehiago daukat eta honi, idazteari eta irakurtzeari, denbora eskaini nahi diot, lekua egin nire eguneroko bizimoduan. Idazmenari oso lotutako tarte bat izan dut eta asko disfrutatu dut, gatazkak gatazka. Hala ere, zaila da gero horri eustea, idazten egiten dut lan eta etxera bueltatu eta berriz ordenagailu aurrean eta paper artean jartzea nekagarria da batzuetan. Zoritxarrez, eguneko momentu argitsuenak ez dizkiozu horri eskaintzen. Auskalo zer esango dudan hemendik hilabete batzuetara, baina momentu honetan horretarako gogoa daukat.

Nagore Legarretaren irudi batek janzten du azala. Badu argitasuna kolorean baina baita itzal batzuk ere, erraz egin daitezke barrukoarekin loturak. Nondik sortu zen ideia?
Oso berandura arte ez nintzen jarri pentsatzen azala eta bestelako elementuetan, eta gomendatu zidaten gustuko artista edo irudigile batengana jotzeko. Poema asko oroitzapenak dira, momentuak jasotzen dira, eta ikusten nuen argazki bat aproposa izan zitekeela azalerako, baina ez nuen nahi familia artxibo batetik hartutakoa. Argazkiaren teknikak estimulatzen ninduen eta Nagoreri egin nion proposamena. Bere lanetik erakargarria egiten zait oso irudi lausoak direla, eta kamera estenopeikoaren teknika hori, denborarekin inprimatzen diren irudiak ere. Nik ezer larregi esan gabe abiatu ginen, berari poemen irakurketak iradokitzen zion horren bila. Egiatik Oñatira roadtrip bat egitea proposatu zidan, bidean geldialdiak eginez, hartuko genituela bi karrete eta hortik aterako zela azala.

Bere lan egiteko prozesuan asko uzten du zoria sartzen Nagorek, eta ederra iruditzen zait konfiantza hori, gauzak uztea agertzen zuk larregi inposatu gabe. Abiapuntu moduan negutegi bat neukan nik buruan, poemetako batean agertzen dena. Azkenean handik hasi ginen eta fuertea izan zen, zeren heldu eta Nagorek berehala esan zuen “bueno, hau da lekua, bi karreteak hemen botako ditugu”. Nonbaitetik ateratzen ari den norbait eta bidegurutze bat zeukan azpimarratuta irakurketatik berak, eta probak egiten hasi ginen.

Oso udazken goiz ederra izan zen, eguzkitsua, eta pasa genuen hor tarte bat irudi bila. Gero, geruza moduan gainean eskaneatutako kristal batzuk jarri zizkion. Pozik nago emaitzarekin.

Niretzat oso polita da ikustea zein oihartzun sortzen diren poemen eta azalaren artean. Oso librea da, bakoitzak ikusten ditu bere gauzak. Lagun batek ikusi zuenean azala zeharkatzen duen marra urdina –ni jabetu gabe nengoen– Super-8arekin grabatzean batzuetan ateratzen den marra urdina etorri zitzaion gogora. Ederra iruditu zitzaidan, Super-8a etxe giroa grabatzeko erabili izan baita askotan, eta badago horrelako joko bat poemetan, gertuko inguru hori begiratzeko era bat. Asko gustatu zait jendeak esan duenean liburu argitsua topatu duela, ahalegina egin da tonu hori gailentzeko, eta azaleko horitasun izpi horiek uste dut jaso ahal dutela hori.

Hasieratik zenuen poema hauek liburu batean biltzeko asmoa?
Bi erritmo egon dira liburua sortzeko prozesuan. Batetik, lau edo bost urtez biltzen joan naiz poemak, oso tantaka joan direnak pila osatzen. Ez behintzat inongo forma baten edo proiektu baten perspektibarekin. Orduko bizipenak eta apunteak izan dira poemetarako musa. Gero egon da beste erritmo bat, azken urtekoa. Urte hasieran hasi ginen liburuaren ideia presenteago egiten eta hor neukan materiala aztertzen. Ez nuen nahi neuzkan poema guztien bilduma bat izatea, baizik eta zentzu batekin nahi nuen eraiki liburua. Perspektiba horrekin ere sortu dira poemak.

Amaierakoa estuagoa izan da baina mordoa ikasi dut. Gauzei arrazoiak eta diskurtsoak bilatu guran ibili naiz, ea zer dagoen poemen atzealdean, zer gai, liburua nondik eraiki ikusteko. Momentu batean dena hasten zara zalantzan jartzen. Poesia ere bada dena azalduta nahi izate horretatik aldentzea, eta talka horretan gauza batzuekin borrokan aritu naiz.

Poemak bata bestearen ostean doaz, ez dago egitura espliziturik, egon da beste moduren batean ordenatzeko tentaziorik?
Garrantzitsua zen niretzat liburua eraikitzea, eta ez izatea neuzkan poemak hartu eta artxibo bakarrean itsastea. Hori da zailena egin zaidan gauzetako bat, begiratzea ea nola funtzionatu ahal zuten poemek, liburuko kontakizuna nola ordenatu jakitea. Egin nuen proba bat hiru ataletan banatzekoa, eta balio izan zidan konturatzeko ez zuela behar atalik. Oso aldamiaia behartua zen, poemek behar ez zutena. Oihartzun asko daude poemen artean, eta egituratzeak hori apurtzen zuen. Badago ahots bat biltzen duena dena, eta nahiko erraz egiten da jauzi poema batetik bestera. Erronka izan zen onartzea ez zuela behar atalik eta nola osatu continuum hori, nola modulatu mota bateko eta besteko poemen segida testurak ateratzeko kontakizunari. Misterio bat da askotan, ez dakizu oso ondo non edukiko duen distira gehien poemak. Lehenengo poema, Itsaso aurrean ama, adibidez, oso poema txikia da eta barruan zegoen hasiera batean, baina lagun baten gomendioz bilakatu zen lehen poema. Hor topatu du hazteko lekua, ziur aski barruan estaliago geratuko litzatekeelako. Misterio handi bat da, eta kasu horretan niretzat oso baliagarriak dira liburua irakurri dutenekin izandako elkarrizketak.

Nor izan duzu horretan bidelagun?
Editorea, Susako beste jende bat eta literatur munduko gertuko lagunak izan dira irakurleak, eta prozesuan oso garrantzitsua izan da niretzat Iñigo Astiz. Poema truke dezentekoa izaten dugu, eta horrek mantentzen zaitu tentsioan, bizirik mantentzen du testura itzuli eta zorroztu nahi hori. Berak esaten duen moduan, sua piztuta mantentzen du. Pila bat ikasi dut truke horretan eta beste irakurle batzuekin egindako trukeetan. Iruditzen zait zortea izan dudala eduki dudalako inguruan jendea lanak erakusteko eta partekatzeko. ITU Bandaren garaietan gauzak batera egiteko aukera ere izan genuen. Jende mordo batek idazten du eta denek ez dute aukera hori. Ez bakarrik argitaratzeari begira, baizik eta hobetzeari eta partekatzeari begira ere. Aberasgarria da frontoi lan hori.

Liburua argitsua eta irekia da zentzu askotan, edertasunak badu lekua, baina argitasun hori zeharkatzen dute itzalak eta biolentzia ere ageri dira.
Bai. Uste dut badela gauza garrantzitsu bat liburuan. “Gabe ere” horretan, adibidez. Gerora konturatu naiz absentzia asko dagoela liburuan, atzean geratu diren lekuengatik, jendearengatik, harremanengatik, momentuengatik... eta aldi berean badago metaketaren ideia hori, tentsio hori. Galdu eta batu. Galdutako hori ere egiten da pila, ez dago besterik. Jarrera argitsu batekin nahi nuen hartu hori, kontzientzia hartu, hortaz jabetu, ospatu hori ere. Asmatu beharko dugu nola egin tokia pilatzen goazen leku eta jende horiei.

Uneetara bueltatuta, gauza horiek ospatu eta disfrutatzeko borondatea dago, efimeroa den horri lekua eta aitortza egitekoa. Plazera ere badago liburuan, askotarikoa, baina gauza konkretuetara etorrita, horren azpiko mekanismo gatazkatsuak ere agertzen dira. Plazeretik biolentziarako pausoa oso erraz egin daiteke, Iñigok planteatzen zuen hori Berrian egindako elkarrizketan, oso samur zeharkatzen dela batetik bestera, eta gauza horien hauskortasuna badago liburuan.

Ez da berdina plazera emakume gorputz batean edo beste gorputz batean. Gauza onak eta ederrak ospatu, orduan, baina ahaztu gabe zeren gainean eraikitzen den hori, eta horrek ze orden eta ze oinaze daramatzan aurretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


Lora dadin deika

Neguko naretasun hotz eta lur etzearen ostean etor daitekeenaren promes izaten da udaberria, eta hainbatek eta hainbatetan idatzi izan diote lora dadin deika. Promesak promes, ordea: ez da inoiz udaberri ziurrik galbidean den lurrean. Ez behintzat aldaketaz edo, zehazki,... [+]


2024-05-23 | Cira Crespo
Presbiziaren kontrako kronika

Maiatzaren 22an, Edu Zelaietak eszenaratze berezia eman dio Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela, 2024) bere azken poema liburuaren aurkezpenari. Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan izan da, Arabako hiriburuko Poetak Maiatzan poesia-jaialdiaren baitan.


Babesten gaituen itsasoa

Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.

Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]


Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-13 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-06 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Arnaut Oihenarten poema berriak aurkitu dituzte

Gidor Bilbao EHUko ikerlariak Grenobleko liburutegian Cobla Berriae liburuaren ale bat topatu du, eta Baionako liburutegikoak baino lau orri gehiago ditu. Bertan daude orain arte ezagutzen ez genituen ahapaldi eta poema berriak. 


2023-03-31 | Castillo Suárez
Lanartea

Ez dut gogoan nori entzun nion hilaren amaierara poesia idazten baino ezin dela iritsi, baldin eta poesia ez bada hilabete amaierara iristeko zure modua. Poesia, zorionez edo zoritxarrez, sistema literarioaren eta industria kulturalaren periferian egon da beti. Nolanahi ere,... [+]


2023-03-28 | Edu Zelaieta Anta
Egitura sendoak

Arkitektura eta poesia uztartu zituen Joan Margaritek. Zenbaitzuek bi diziplinen arteko loturaz galdetzen zioten, bi jardun horiek bateratzea ezohikoa zelakoan. Halakoetan, bi alorrek antzekotasun handiak zituztela erantzuten zuen berak; izan ere, Margariten ustez, egitura... [+]


Eguneraketa berriak daude