argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Garenneko bidea
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko abenduaren 24a

Aurrekoan gorri-arre deitu nion eta, ez nadin erabat injustua izan harekin: ezen bada Michel Onfray jakingarri bat, oso jakingarria izan ere; ez nago ados adinean eta, batez ere, egoan gora egin ahala degradatzen diren horien ibilbide guztia kantzelatzearekin. Hala, estimutan ditut oraindik Onfrayren hainbat lan, luze gabe Politique du rebelle, zeinak jarraitzen duen izaten, eta jarraituko, erreferente bat. Haren harian, gainera, badu liburutxo bat, orain gutxikoa, 2019; degradazioa abian zenekoa, hortaz. Le chemin de la Garenne izena du, eta, hazi zen herrian zeharreko itzuli baten aitzakian, ari da memoriaz, iraganaz, haurtzaroaz, denborak eragiten duen higatzeaz.

Hasteko dio ez dagoela inora ez daraman biderik –Miguel Sanchez-Ostizek gehituko luke besterik dela zuk ba ote dakizun bide horrek nora daraman–. Hain zuzen, bide batek behar du nora joan hori, eta Garenneko bide honek, justuki, denboran atzera garamatza: iragaten da gurasoena izan zen etxetik, iragaten da ezagun andana hartzen duen hilerritik –non ehortzia izan nahiko lukeen egileak, bide batez–, iragaten da aita hil zitzaion, besoetan hil ere, parajetik. Langile baratzeak desagertu dira, haietako bat aitarena, zeinaren ordena eta diziplinagatik, izan zen Onfray haurrak jaso zuen filosofia eta jakinduria lezio lehenetarik. Gasnategia desagertu da, zeinean Onfray gaztetxo batek lan egin zuen denboraldi batez –“Fabrikak itxi zuenean, isiltasuna instalatu zen herrian–. Eta desagertu da bere esnatze intelektuala ekarri zuen eraikin bat, zeinean ikasi zuen irakurtzen, idazten, zenbatzen, eskola. Zer oroitzapen gorde behar da oroitzapen guztiotatik? “Nigan den Garenneko bidea ez dago hilik, eta hori da inporta duena”.

Ez dago inora ez daraman biderik, beraz. Bideak nora daraman jakin beharra dago bakarrik, edo deskubritzera ausartu.