argia.eus
INPRIMATU
Egutegiak edo doitzeko artea
  • Aberdeenshire (Eskozia) duela 8.000 urte. Gizakiek 12 harriz osatutako monumentu megalitikoa egin zuten, urtean zehar ilargiak dituen posizioak jasotzen zituena. Hala, ilargi egutegi moduko hori ezagutzen den egutegi zaharrena da.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko abenduaren 29a
Gregoriotar egutegia, 1582. urtean eguzki urteari ia erabat doitzea lortu zuena.
Gregoriotar egutegia, 1582. urtean eguzki urteari ia erabat doitzea lortu zuena.

Duela 5.000 urte Mesopotamian ere ilargi egutegia erabiltzen zuten, urtea 12 ziklotan banatzen zuena, baina babiloniarrak eta sumertarrak konturatu ziren ez zetorrela bat eguzki urtearekin eta, lau urtez behin, hilabete luze bat gehitzen zuten, desfasea nola edo hala konpontzeko.

Lehen eguzki egutegia egiptoarrek asmatu zuten duela 3.000 urte inguru. Egiptoar astronomo eta matematikariek kalkulatu zuten urteak 365 egun zituela eta, horregatik, 30 eguneko 12 hilabeteei, 5 egun gehitzen zizkieten eguzki urtea osatzeko. Ozeanoaz bestalde ere, maiek bazekiten 365 egun irauten duela eguzki urteak, eta duela 2.000 urte inguru oso egutegi zehatzak egin zituzten, esaterako, Erromatar Errepublikan erabiltzen zituztenekin alderatuta.

K.a. VII. mendera bitartean 10 hilabete eta 304 eguneko egutegia erabiltzen zuten Erroman. Orduan, beste bi hilabete gehitu eta 355 egunekoa erabiltzen hasi ziren. Julio Zesarrek Egiptora bidaiatu zuenean, ikusi zuen han egutegi askoz zehatzagoa erabiltzen zutela eta, hura oinarri hartuta, eta bisurteak lehenengoz erantsita, 15 mendez Mendebaldean erabiliko zen egutegi doiagoa ezarri zuen.

Baina juliotar egutegiak 10 eguneko desfasea pilatua zuen 1582. urterako. Horregatik, Gregorio XIII.a aita santuak egutegi zehatzagoa enkargatu eta ezarri zuen. Luigi Lilio mediku eta astronomoak egin zuen egutegi berria, eta pilatutako desfasea pixkanaka gehitzea iradoki zuen; bisurte bakoitzean egun bakarra gehitu ordez, bi gehituz gero, 40 urtetan arazoa konponduta egongo zen. Baina ordurako aita santua hilda egongo zen, eta Gregoriok berehalako emaitzak nahi zituen. 10 eguneko tartea hozkada bakarrean jatea erabaki zuen; 1582ko urriaren 4ko biharamuna urriaren 15a izango zen. Hala, aita santuak aitortza behintzat lortu zuen; gregoriotar egutegia esaten zaio erabiltzen dugun egutegiari. Baina bestelako arazoak ere eragin zituen.

Europako herritar eta tokian tokiko agintari askok ez zuten gogo onez hartu pontifizearen erabakia, denbora lapurtzen ari zitzaiela uste baitzuten. Ondorioz, herrialde batzuetan berehala ezarri zuten egutegi berria, baina beste batzuek ez zuten egutegia XX. mendera arte eguneratu. Data historikoetan hainbat gorabehera eragin zituen horrek ondorengo urte eta mendeetan. Esaterako, Miguel de Cervantes eta William Shakespeare idazleek heriotza data ofiziala partekatzen dute (1616ko apirilaren 23a) egun berean hil ez ziren arren, eta 1917ko Urriko Iraultza boltxebikea azaroan gertatu zen gregoriotar egutegiaren arabera.

Eta desfasearen arazoa behin betiko konpontzea ere ez zuen guztiz lortu, gregoriotar urtea urte astronomikoa baino 26 segundo luzeagoa baita. Horrek esan nahi du 3323 urtetan egun bateko desfasea pilatzen dela. Astronomoek konponbide urruna aurreikusi dute tarte txiki hori zuzentzeko: 4000. urtea ez da bisurtea izango, eta 8000. urtea ere ez.