argia.eus
INPRIMATU
Egin hazka!
Amaia Alvarez Uria 2021eko abenduaren 25a
Ez dakit zertaz ari zaren | Ana Malagon | Elkar, 2021
Ez dakit zertaz ari zaren | Ana Malagon | Elkar, 2021

Kris, kris, kris... Izenburuan hazka eginez gero ikusiko dugu eguneroko elkarrizketetatik ateratako formulak hautatzen dituela Ana Malagonek: Lasai, ez da ezer gertatzen (2014), Gelditu zaitezte gurekin (2017) eta Ez dakit zertaz ari zaren (2021). Gauza bat esan eta beste bat adierazi ohi dute. Izan ere, errealitateak geruzak ditu eta zauriak, hutsuneak eta zailtasunak ezkutatzen ditu begiratu nahi ez edo ikusi ezin duenarentzat.

Kris, kris, kris... Azaleko irudiari hazka eginez El hoyo pelikula etorri zaigu burura. Bakarrik gaudela eta aurrera egin beharra gogorarazten digute biek. Narrazio hauetan ahots narratiboak azazkalez arrakalatuko ditu familiaren, bikote harremanen, lan munduaren eta hezkuntzaren lehen geruzak. Bizitzaren laugarren hamarkadan sartuta dagoen Malagonek garai horretako banaketak, prekaritatea, bakardadea eta galerak ditu lehengai hamabost ipuinotan. Beraz, badakit zertaz ari zaren, Ana: bizitzaren kolpeez, doluaz eta berriro jaikitzeko beharraz. Baina umorea agertuko zaigu, garratz, izkinaren bueltan, bidelagun.

Kris, kris, kris... liburuaren soinu banda dugu jarraian. Agur Jesusen ama kantuarekin hasi (Anari etorri zait burura) eta There is a light that never goes out-ekin (The Smith) amaitzen da playlist-a. Bere hiru liburuetan musikak bai forman bai edukian du eragina, beste pertsonaia bat izatera heltzeraino.

Kris, kris, kris... Egitura dator segidan. Mikroipuinekin hasi zen lehen bilduman, paragrafo luze ziren ipuinekin, eta pixkanaka luzatzen joan dira testuak, bost-bat orriko luzerakoak izan arte azken lanean. Hala ere, trinkotasuna eta intentsitatea dira Malagonen testuen ezaugarriak; paragrafo azpimarragarriak topatu ditut han eta hemen, bost lerrotan izaera, giro eta ziztada multzo bat josten abila baita egilea: “Orduan konturatu gara amaitu dela ikuskizuna, zuloan dagoela izeba eta putzu batean gu”.
Kris, kris, kris... Bereziki gustatu zaizkit lotura afektiboen gaineko gogoeta egiten duten (Axola behar zaio, baina bere neurrian; Gertuko familia), ama-alaba harremanean ausartzen diren (Gaueko txanda; Mina), eta prekaritatea eta absurdoa uztartzen dituzten (Larrialdi zerbitzua; Klaustroa) ipuinak.

Kris, kris, kris... Azazkalekin egunerokoari berniza kendu eta atzean zer dagoen begiratu nahi dutenentzako liburua.