argia.eus
INPRIMATU
Bizitza jokoan
Uxue Apaolaza Larrea 2021eko abenduaren 24a

Zure bizitza jokoan jarri nahi baduzu, jarri, baina gainerakoen bizitza jokoan jartzea? Hori ezin dut ulertu”. Aspaldidanik egiten ari dira, Sagarduiren aurretik. Ez dugu asko protestatu horren kontra, ez? Hainbeste frontetatik jartzen dute jokoan gure bizitza, aukeratu egin behar izaten da unean-unean zure aurkako zer hilketa ahaleginek asaldatuko zaituen. Baina hilketa horietako edozein gure funtzionaltasun produktiboa eragozten hasten bada, Osakidetzan amaituko dugu. Tira, Osakidetzarekin telefonoz hitz egiten. Munduko ospitale handienera ere iritsi egin behar da, eta, dirudienez, gero eta gehiago abiatu beharko dugu hara, diagnostikorik gabe, larrialdietara.

“Egoera honetan berritu eta indartu egin behar dugu Osasun Sailetik…” ari zen Sagardui, Osasun Sailburua. Azkenean! Zer? Zer indartuko dute Osasun Sailetik? “…herritarrei egiten diegun deia, kontu handiz ibiltzeko pandemia, ospitaleratzeak eta COVID bidezko heriotzak ez hedatzeko [gaztelaniazko bertsioan pandemia zen hedatzen zena] prebentzio neurriak betetzeko”.

“'Lehen arreta lapurtu dizuegu' aurpegira esanda ere ez dugu ulertzen horrek 'gu baino lehenago eta sufrimendu askoz handiagoz hilko zarete, eta zuen dirua erabiliko dugu horretarako' esan nahi duela"

Datuak eman zituen segidan; txarrak. Tira, datuak horrela badaude, eta jendeak daukan elkartzeko joera hori areagotuko duten oporrak datozenez (lan egiteari utziko diogu, kontuz), zerbait egin beharko da. Gure lanarekin sortu dugu nahikoa diru zenbait gauza komun finantzatzeko, ez? “Osakidetzako sare osoa kontingentzia planeko bigarren agertokian dago eta horrek eragin du kirurgia gutxiago programatu behar izatea”. Nor ote da ebakuntzak egiten uzten ez duen kontingentzia hori, gainera, lehen arretan ere tentsioak sortzen dituena. Aurre egin diezaiogun bada kontingentziari, indar dezagun lehen arreta. “Hori dela eta, premia berezia ez duten kontsultak atzeratu egingo ditugu”. Ahaztu egin zaio esatea kontsulta berririk ere ezingo dugula hitzartu, telefono deien kate batean trabatuko garela saiatuz gero.

Ea, egoera larria da ala ez? Gure gobernuari larria iruditzen zaio, bai ala ez? Nahasgarria da. Guk sortutako aberastasuna kudeatzen ari denari gertatzen ari dena oso larria iruditzen bazaio, gertatzen ari denak gure bizitzak arriskuan jartzen baditu, aukera bakarra zegoen. Prentsaurrekoak osasun-sistema (osasunean burua ere sartzen da, badaezpada ere diot, arreta hori ere telefonoz egiten ari direnez) nola indartuko duten azaltzeko baino ez luke izan behar.

Mediku bat datorkit gogora, baliabide faltagatik protestan ari zela: “Eskuak falta zaizkigu, belarriak falta zaizkigu, fonendoskopioak falta zaizkigu, gure pazienteei entzuteko”. Ez makina sofistikatuak. Eta non dago medikuek, erizainek… eskatzen dutena bermatzeko dirua? Zertarako erabiltzen ari zarete? “Zure bizitza jokoan jarri nahi baduzu, jarri, baina gainerakoen bizitza jokoan jartzea? Hori ezin dut ulertu”. Sagardui txertatu ez direnei buruz ari zen: ba, nik ere ezin dut ulertu nola egiten duzuen, Sagardui anderea, ez dakit nola ausartzen zareten gure baliabideak hartu, porlanaren bidez zenbait laguntxori eman, eta gure bizitza jokoan jartzera. Nire bizitza ez baitute jokoan jartzen txertatu ez direnek, niri bizitza zuek kenduko didazue. Baina, lasai, ondo egiten ari zarete. Inkesten arabera, prentsaurreko batera atera eta “lehen arreta lapurtu dizuegu” aurpegira esanda ere ez dugu ulertzen horrek “gu baino lehenago eta sufrimendu askoz handiagoz hilko zarete, eta zuen dirua erabiliko dugu horretarako” esan nahi duela. Ayusoren askatasunaren bila gabiltza hemen ere, eta bestea muturren aurrean kenduko digute.