argia.eus
INPRIMATU
Artisau erupzioa
Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2021eko abenduaren 25a
Argazkia: Ania Rio Taracido

Eztanda egin zuen La Palmako sumendiak eta orduz geroztik ez du su etenik izan. Irlako erupzioa baino lehenago leherrarazi zen Gasteizko Sumendi espazio autogestionatua eta harekin batera Judimendi auzoko berpizkunde kulturala. Lau urte pasa dira jada haren jaiotzatik, bien bitartean tailerrak, Scape Room-a, kontzertuak, bazkariak, txokolatadak eta era askotako ekintzak eraman dituzte aurrera, eta egunotan Artiston azoka antolatu dute.

Artiston azoka
Noiz: abenduaren 18 eta 19an eta urtarrilaren 2an
Non: Gasteizko Sumendi

Gabonetako kontsumo basatiaren aurrean beste kontsumo eredu kontziente eta gertuagoko bati egin nahi izan diote tokia. Benito Ginea kaleko lokalak abenduaren 18 eta 19an eta urtarrilaren 2an askotariko sortzaileak bilduko ditu, eskaintza zabal eta berezi batekin.

Azokaren xedea kontsumo eredu nagusiaren alternatiba bat eskaintzea da, beti ere, arte mota askori tokia eginez. Hori dela eta, aurtengo azokan era guztietako postuak izan dituzte eta izango dituzte.

Bertaratutakoek modan dauden Tote Bag-ak eskuratzeko beta izan dute, harekin batera produktu naturalekin egindako xaboiak, olioak eta kremak ere aurkitu dituzte. Ezin ziren falta mila koloretako makrame korapiloekin egindako lepokoak eta pultserak, ezta zeramikazko belarritakoak ere.

Argazkia: Ania Rio Taracido

Gasteizko eta Euskal Herriko edozein puntatik gerturatutako artisauak elkartu dira Sumendin, eta haietako bat da Lu. Estampatuak ezizena duen sortzailea. Haren postua Tote Bag-ez gain ilustrazioz jositako koadernoz, egutegiz eta postalez osatua zegoen. Ania Saenz de Buruagak ere bazuen bere tokitxoa, ilustratzailea eta marketingean aditua da, emakumea ardatz nagusi duten koadro eta posterren egilea. Haren ondoan, Saul Vara artista, zuri beltzezko argazkien bidez eta egunerokotasuneko oinarrizko elementuei argazkiak eginez sormena lantzen duen artista. Argazkiak erabiliz hainbat material ekoizten ditu, imanak edo koadroak, esaterako.

Abenduko azokarekin batera urtarrileko azokari emango diote ongi etorria Judimendiko auzokideek urte berriari. Sumendi auzora zabalduko da berriro ere V. edizioarekin, auzotarrek auzotarrentzako sorturiko espazioak labaz gainezka jarrai dezan.