argia.eus
INPRIMATU
Zemmour “polemista” lehen lerroan jarri dute hedabideek, faxista bat boterean jartzeko arriskua hartuz
  • Eric Zemmour. Alde batetik eta bestetik, etengabean dugu Frantziako presidentzialetara aurkeztu den kazetari eta kronikariaren berri. Gogoeta eta proposamen faxistak dituena “polemista” gisa aurkeztuz, sekulako lekua bideratzen diote mainstream komunikabide handiek. Zemmourrek berak hori du helburu, nahiz eta Donald Trumpen antzera etsai gisa kokatu kazetariak. AEBetako komunikabideek egin Trumpen jarraipenetik ateratako irakaspenei begiratu behar diegu, faxista bat boterera iristeko arriskua saihesteko gisan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko abenduaren 21a

Komunikabideen esparrua kakaz estali” aholkua eman zion Steve Bannon kanpaina zuzendariak Donald Trumpi. Irudia hitz konkretuetan jarriz: ahal bezain eskandalagarria izan zaitez, komunikabideen zentroa okupatzeko gisan. Ozeanoaren beste aldean izanda ere, gurera heldu zen Trumpen oihartzuna, eta badakigu ere estrategia horrek funtzionatu zuela, eskuin-muturrekoak AEBetako presidentearen aulkia irabazi zuelako 2017an.

Gomendioa gogoan hartu eta bide beretik dabil Eric Zemmour, apirilaren 10 eta 24an iraganen diren Frantziako presidentzialetako hautagai faxistak. Net Hurbil bat eskaini diogu, behintzat Ipar Euskal Herrian nahi baino gehiago janen dugulako bere kaka ondoko egun, aste eta hilabeteetan.

Faxistari “polemista” deitzen diote bera lehen lerrora ekartzen ari diren mainstream komunikabide handiek, erru txikiagoa sentituko dutelakoan. “Polemista” antifeminista, misoginoa, arrazista, xenofoboa, homofoboa, lesbofoboa, transfoboa da, eta zaku bete adierazpen daude hori frogatzeko. Zientzia politikoak ikasirik, kazetaritzan ariturikoa da, eta irratiko zein telebistako kronikari gisa egin zen ezagun 2000ko hamarkadan, batez ere On n´est pas couché eta Ca se dispute telebista emankizuneei esker. Trumpen gisara, beraz, telebistatik sarturik dugu herritarren saloietara.

“Polemista” baino gehiago faxista izanik, Justiziak behin baino gehiagotan zigortu du: 2011n “arraza diskriminazioa probokatzeagatik” eta 2018an “musulmanekiko herra probokatzeagatik”. Bere ibilbide politikoaz arras guti dago errateko: “Eskuinarentzat hainbat ideia biltzen dituen plataforma” osatzen zebilela zioen 2019an, eta bere jarraitzaileek aurten osatu dituzten “les amis d´Eric Zemmour” eta “Génération Z” gazte taldea. Azkenik, azaroaren 30ean jakitera eman zuen ofizialki presidentzialetarako hautagai dela, Reconquête [Errekonkista] alderdi berria sortuz. Puntu. Ez dago beste ezer. Beste guztia mainstream komunikabideek osaturikoa eta hauspoturikoa dugu. Bere hautagaitza oztopatzeko azken harresia: Frantziako legediari segi, presidentzialetarako aukeztu ahal izateko hautagai potentzialek beharrezkoak dituzten 500 auzapezen sostenguak.

Kazetarien joko arriskutsua

“Sistemaren biktima baten istorioa etengabe kontatzen du Zemmourrek, argi utziz pentsaera onak, politikoki zuzenak edo komunikabide ezkertiarrek zentsuraturiko istorioa dela. Aldi berean, albistegiak okupatzen dabilen eskuin-muturreko hizlari batailoia Zemmourren ideiak zabaltzen ari da”, irakurri daiteke Mediapart-ek plazaraturiko Zemmour, un infernal piège médiatique (“Zemmour, infernuko zepo mediatikoa”) erreportajean. AEBetako hedabideetan aditua den Jay Rosenek artikuluan dio Trumpen ekipoak xeheki landu zutela “komunikabideen esparrua kakaz estaltzeko” estrategia, eta hortik, hainbat aholku bideratzen dizkie Frantziako kazetariei. “Erretorikaren, gezurren eta dibertimenduen urakana hor dagoelako”, orain arteko kazetaritza ohiturak birpentsatu behar direla dio: “Ez pentsa orain artekoak funtzionatuko duela; hauteskundeak politika-kazetaritza tradizionaletik jorratuz gero arroilara eroriko zarete. Demagogo hauek dioten guztia ez da zabaltzekoa, nahiz eta aktualitateko gertakizun gisa ikusia izan kazetaritza eredu klasikotik”.

Gomendioak haizeak eraman ditu. Komunikabideak aztertzen dituen Acrimed elkarteak ikertu berri du Zemmourrek hedabideetan duen lekua: irailean, hau da, hilabete bakarrean “Zemmour” 4.167 aldiz aipatua izan zen –egunero 139 aldiz!–; ia mainstream egunkari eta astekari guziek azala eskaini diote –eskuin muturreko Valeurs actuelles-ek bost aldiz–; eta, nahiz eta ofizialki hautagai ez izan, botoei buruzko hamalau zundaketetatik hamabitan agertzen zen bere hautagaitza. Anitz dira telebista kate publikoek Zemmourri bideratu emankizunak. Faxista horren parean, kazetarien partetik izpiritu kritikoa eskas dela azaltzen da Acrimeden Médias et extrêmes droites: mais que font les rédactions (“Hedabideak eta eskuin muturrak: baina zertan dabiltza erredakzioak”) artikuluan. Joera arriskutsua Acrimeden iritziz: “Itsukeria honen parean, zuzendaritzen konplizitate esplizituaren eta profesioaren atoniaren parean premiazkoak ditugu erantzun kolektiboak. Sistema mediatikoaren kritika erradikala zabaltzen segitu behar dugu, horren funtzionamenduak irekitzen diolako bidea arrisku faxistari”.

Dena dela, Zemmourren gogoeta eta proposamenak kritikotasunetik jorratuta ere, onura gehiago ekartzen dizkiola irakurri daiteke The Atlantic komunikabidearen The Trump Playbook Hits France (“Trumpen joko-arauak Frantziara datoz”) erreportajean: “Jarraipen kaltegarriarekin kalte eginen diogula pentsatzen segitzen dugu, baina Trumpen jarreratik ikasi dugu hori alderantzikatzen duela, bere alde erabiliz. Frantsesei ohartarazi nahi diet ikusten dutenean kritika errekuperatu eta bere diskurtsoan txertatzen duela [Zemmourrek], orduan arrisku-gunean daudela eta kazetaritza eredua birpentsatu behar dutela”.

Hau ere Jay Rosenen aholkua da.

Kezkagarria da Zemmourizazio hau eta Kazetarien Sindikatu Nazionalak ere 103. kongresuko ebazpenean deitoratu du “presidentzialetako kanpainaren Zemmourizazioa”, Zemmourren “jarraipen frenetikoa” eta erredakzio eta zuzendaritzek daukaten “segipen okaztagarria”. “Kazetariok ez gara gorrotoaren konplize izanen” zutabea izenpetu zuten urrian 300 kazetarik. “Komunikabideen patroi handiez bereizten gara”, diote testuan. Arazoaren oinarrian hori ere badelako: Frantziako komunikabideak bilioiak dituzten hamar gizonen esku dira –Bouygues, Xavier Niel, Dassault, Bernard Arnault, Bolloré, Pierre Bergé, Patrick Drahi, François Pinault, Matthieu Pigasse eta Lagardère–. Horiek dirua egitea dute helburu, eta berdin du faxista bat boterera heltzea baldin bada horren ordaina.

Abenduaren 5ean buruturiko lehen mitinean, arrazakeriaren kontrako mezua zabaltzera etorritako SOS Arrazakeria-koak bortizki jipoitu zituzten Zemmour zaleek. Kazetariak ere jo zituzten, Zemmourrek kazetariak gogor kritikatu eta haien kontrako herra sustatzen duelako. Hori ere, jakina, Trumpi lapurturiko taktika.