argia.eus
INPRIMATU
Lehergailuak mundu erabat administratuari
Ibai Atutxa OrdeƱana 2021eko abenduaren 22a
Sortaldekoak | Hedoi Etxarte | Susa, 2021.
Sortaldekoak | Hedoi Etxarte | Susa, 2021.

Nola egin ihes ospitaleek batzuen eta besteen heriotzak administratzen dituzten moduetatik, eta egonkortasunak maitasuna administratzen duen moduetatik. Nola, elizak eta eskuinak administratutako landa eta kaleetatik; eta norbanakoaren administrazio enpresarialetik. Nola, poliziarentzat eta poliziak administratutako kale pribatizatuetatik, eta aurrezki kutxetan eta eskoletan bortxaz administratzen gaituzten moduetatik. Finean, nola egin ihes mundu erabat administratutik eta haren indarkeriatik.

Beste itaun batzuk ere bai, ziur, baina galdera horixe egitera behartu zaitzake Sortaldekoak poema liburuak, Hedoi Etxartek hirugarrenez Susarekin argitaratu duenak. Bada, lehenengo poema bera jarriko da, jada, erantzunaren bila. Horretarako, oroitzapenen maletan sartu eta ihesean jarriko zaitu liburuak.

Poema bildumak hortaz, behartu zaitzake galdetzera, eta baita harekin sortu diren beste objektu kulturalek ere. Zerua eta sua eta Usozaleak ikus-entzunezkoek elkarrizketa dute liburuarekin –paperean eta online eskuragarri dagoenarekin–. Testuaren izaera diskurtsiboa gainditzeko lana egiten dute bideoetan soinuek eta irudiek, eta oroitzapenen alderdi ez narratiboari egiten diote lekua. Narrazio baten logika lineala gainditzen duen erretorika eta isiltasunek hitz egiten duten poetika da oroitzapenei egozten zaiena orrietan eta klipetan zehar.

Horrenbestez, poemetako oroitzapenak irakurri daitezke mundu erabat administratuaren arauei gainezka eginez bezala. Kolektiboa da norbanakoa, kaosa da ordena, larrua jotzeko dira bankuak eta hilerriak, greba mugagabeak dira festak, merkantziek ez diote erantzuten truke-balioari, eta desirak hartzen ditu gorputzak. Guztiaren erdigunean dago Merced karrika: isilduen sorlekua eta zapalduen gurutzalekua.

Poema liburuko oroitzapenek beraz, egin lezakete lehergailu lana. Agian, posible da, balantza galarazi diezaioketela mundu erabat administratu honen oinarrien logikei. Lehergailuak badira, egingo ahal dute eztanda.