argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Erroma
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko abenduaren 21a

Torino ez da Erroma, Erroma ez da Torino, baina Natalia Ginzburgek bezala ez luke atzera egingo Pier Paolo Pasolinik gazte, haur garaira. Mundu guztiari esaten omen zion, aukera zuen guztietan, Erroma zela munduko hiririk ederrena. Ezagutzen zituen hirietatik, hura zen bizileku nahi zuena: are gehiago, hitzok bildu zituen artikulua idatzi zuenean, 1957an, ez zuen bere burua beste inon bizitzen irudikatzen. Amesgaiztorik handiena litzateke Erroma abandonatu eta Italia iparraldera itzultzea. Zergatik da Erroma hain hiri ederra, ordea? Zerk egiten du hiri bat eder, eta ondorioz erakargarri, zerk beste hiri bat zatar, arbuiagarri? Erromarena litzateke edertasun arraro bat, edertasun ederregi bat, itsusitasuna ere bere baitan hartuko lukeena. Izan ere, ez ote daude edertasuna eta itsusitasuna elkarri lotuta? Ez dira ugari soilik eder, soilik itsusi diren lekuak. Pasolini: Erroma litzateke munduko hiririk ederrena, aldi berean ez balitz munduko hiririk itsusiena?

1950eko urtarrilaren 28an iritsi da Pasolini amarekin Erromara, aita atzean Friuliko Casarsan lotan utzita. Periferiako auzo pobre bat du bizileku, Ponte Mammolo, Rebibbiako kartzela ondoko etxe bat teilaturik ere gabea. Baina hortxe ezagutuko ditu gerora lehengai izango dituen aldirietako langilegoa, bere hizkera, kultura, bizitasun bortitza. Hortxe eta Tiber ertzeko maitasunetan. Ragazzi di vita (1955) eleberrian jaulkiko ditu estreinako aldiz. Erromako bizitza intelektual eta artistikoan leku egingo du pixkanaka, Piazza Navona, Piazza del Popolo, Campo de’ Fiori, zinema egiten hasiko da: Accatone (1961), Mamma Roma (1962), La ricotta (1963), hiru horiek osatzen dute Pasoliniren trilogia erromatarra. Eleberri, film, lan horietan guztietan aurki dezakegu Erromaren gaiztotasun sendaezina, eta Erromaren ontasun aingerutarra; guztia arima bakarrean, Erroma den arima bakan horretan.