argia.eus
INPRIMATU
Beldurrari beldurra
Iñigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2021eko abenduaren 21a
Argazkia: Iñigo Basaguren-Duarte

Norbaitek oihu egin du gela barruan, oihu buru barruan. Sei pertsona daude eraikin bateko gela eta pasilloetan, elkarrengandik ihesi, bata besteari hizketan. Sei pertsona lehoietatik begira kalera irten ezinik. Beldurra da ideia eta hitzik errepikatuena Mugurdiak Lugorrian izeneko ikus-entzunezko lan honetan. Abenduaren 10ean aurkeztu zuen Izaro Ieregik (Algorta, 1987) Me cabezo, Me cuello, Te ombligo erakusketaren barruan, Erromo Kultur Etxean. Ikus-entzunezko lana Vimeo plataformara igo du. Biak ala biak ikusteko aukera egongo da abenduaren 30era arte.

Mugurdiak Lugorrian
Noiz: abenduak 10
Non: Erromoko kultur etxea

Lan kolektiboa da, partaideen artean mamitua eta osatua. Izaro Ieregik proiektuaren parte ziren lau tailer antolatu zituen uztailean. Lau saio horietan gorputzari eta beldurrari buruz hausnartu zuten, dantza egin eta partiturak landu zituzten. Lanketa kolektibo horren fruitua da Mugurdiak Lugorrian filma, zeinetan tailerretan parte hartu eta testuak idatzi dituzten sei kideen arteko bakarrizketa eta elkarrizketak aurkezten diren. Filmaren ondoren performance bat burutu dute erakusketa ikusgai dagoen aretoan bertan. Berriz ere lau-bost gizaki izan ditugu hizketan, bakarrizketan zein elkarrizketan. Eta, zeri buruz dihardute sei izaki hauek? Zeri buruz, gela itxi horretan? Beldurraren inguruan, baina ez bakarrik. Haien artean hitz egin dute, baita ikusleari zuzendu ere.

Argazkia: Iñigo Basaguren-Duarte

Munduak kolapsatu behar duela dirudien garai hauetan inoiz baino denbora gehiago eman dugu gure buru eta gorputzekin, gure mamu eta beldurrekin. Gure lotsa eta minekin. Horrek guztiak aurrera egitea galarazi digu askotan. Eta aurrera egin nahi dugu, batzuetan geldi egotea aukera bada ere. Gure buru barneko mamuek, gure ni guztiek, gure izaeraren kontraesanak gogorarazten dizkigute. Beldurrik ez dugula diogunean, gure beste ni-etako batek gogoraraziko digu guztiok beldur garela. Ausart izan nahi dugunean, lotsaraziko gaituzte. Gure buruarekin gogorregiak izango gara, mundua soilik indartsuenentzat eginda dagoela errepikatuko dugu. Gure baitan daude gure ahulezia guztiak eta gure azalean tatuatuta daramatzagu gure zaurien orbainak, gizartearen indarkeriak gure gorputzen aurka egin duen min guztia. Motxilan sartu ditugu egokitu dizkiguten rolak, exijitzen zaizkigun portaerak eta, askotan, besteen zaborra. Gainerakoen mamuen zama gure egiten dugu.

Hori guztia, eta gehiago, esan digute ikusleoi gela horretatik irten ezinik zeuden gizakiek. Saihestezina dirudien kolapsoaren aurrean burmuinean ditugun epaileei men egitea baino, dantzatzea ere aukera bat dela erakutsi digute. Edo ur gainean egon, gorputzak geldi eta elkarri eskutik hartuta, lasai, ezkatarik dugun arduratu gabe. Oraina biziz.