argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Bertsotan
Ula Iruretagoiena 2021eko abenduaren 14a

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, gure memorian txertaturik gelditu da egunkariek aurkeztu zuten irudia, Saioa Alkaiza txapeldun berriaren eta Estitxu Arozenaren arteko besarkada. Arkitektoaren begiradak Anaitasuneko eszenatokian jarriko du atentzioa; bertsolarien gibeleko grafikagintza koloretsuan, eserlekuen diseinuan, argi-fokuen erabileran, zoruaren materialean... Baina begirada zorroztean, agian oharkabean igaro den xehetasun bat antzeman dut: bertsolarien mikroko publizitatean ageri den marka eraikuntza material saltzaile ezaguna.

Eraikuntza material denda hau hiri-aldirietako zentro komertzialetan egon ohi da, tamaina handian, etxearen eraikuntzarekin harremanean den material zerrenda zabala eskuragarri –zementu eta isolatzaileetatik hasita lorategi eta komuneko osagarrietara–, eta prezio merkeak ziurtatzen ditu.

Denda barnean, gizonezkoak nagusi dira; iturginak, elektrizistak… Eraikuntzan diharduten gremioak maskulinoak baitira. Hona hemen proletargo maskulinoaren azpi-mundu bat. Gizonaren zereginekin batera emakumezkoak erakartzeko, etxearen dekorazioko objektuak daude, Suediako marka ezagunaren diseinu gabeko alternatiba bat.

Eraikuntzako profesionalez gain, brikolajearen maitaleak aurkitzerik bada. Brikolajea gurean ez dago oso zabalduta, Frantziarekin alderatuz. Norberaren eskuekin etxeko txoko bat atontzeko grina duenak profil kuriosoa badu, dirua aurreztetik haratago gozamen aktibitatea baldin bada. “Do it yourself” etxekoi honetan dabilenak, eraikuntzako lardaskeriak direla esango du garrantzia gutxituz, baina autoezagutza ariketa sendoa da, jakintza kolektibotik xurgatzen duena eta bertsotan aritzen da eraikitzen.

Ekitaldi baten publizitateak ez du zertan ekitaldiaren ideologiarekin bat egin, diru-iturri bat izan daiteke. Akaso bertsolaritzarik urruti sentitu daitezkeen “horietara” iristeko tresna bilakatu da, edo agian ez du inork honetan pentsatu.