argia.eus
INPRIMATU
Jose Luis Garcia. Sexu hezitzailea
“Gurasoek haurren etorkizun sexuala erabaki behar dute”
  • Amazonek haren dibulgazio lan bat erretiratu duenean azaldu da Jose Luis Garcia (Salamanca, Leon, 1955) komunikabideen lehen lerrora, baina hamarkadak daramatza sexualitatearen dibulgazioan. Haur eta gazteen pornografiaren kontsumoarekin arduratuta dabil, are gehiago Internetek eztanda egin ondotik. Haurrek pornoa ikusiko dutela onartuta, sexu heziketan eta bestelako ereduetan sakontzea ikusten du irtenbide bakarra.

Ander Perez @ander_prz 2021eko abenduaren 22a
"Interneterako konexioa duen mugikor bat duen edozein haurrek bai ala bai egingo du topo pornoarekin, industriak aurreikusia duelako hori: algoritmoek gazteak bilatuko dituzte, ehizatzeko, kontsumitzaile eta menpeko egin daitezen". (Argazkia: Josu Santesteban)

Biribil diozu: “Zure seme-alabek pornoa ikusten dute”.Hobe da hasieratik onartzea?
Ikerketen arabera, 6 urterekin hasten dira haurrak pornografia ikusten, eta zaila da pornorik sekula ikusi ez duen 18 urteko gazte bat topatzea. Nerabeen laurden batek, 18 urte betetzerako, 10.000 ordu kontsumitu ditu. Pornoaren kontsumoa orokortuta eta normalizatuta dago. Gurasoei esaten diet: “Zuen haurrek pornoa ikusiko dute, bai ala bai”.  Eta gainera, porno bortitza da ikusten dutena, emakume eta adin txikikoenganako bortizkeria dosi handikoa. Hau erloju-bonba bat da, eztanda egingo diguna: sexu desira botere handiko motibazioa da gizakiarentzat, eta gaizki lantzen bada mina eta sufrimendua dakar. Gorantz doaz gazteen arteko sexu erasoak eta jokabide bortitzak. Eta ez da faktore bakarra, baina porno bortitzaren kontsumoa zuzenean dago lotuta horrekin.

Gizarte digitalak zerikusi du horretan, ezta?
Noski. Nire garaian pornografia bazen, aldizkari pornoak poltsa opakutan zetozen, X zinemak zeuden, eta Canal Plusek pelikulak ematen zituen. Pornografia beti izan da: badira duela milioika urteko pinturak, gizakiak beti bilatu duelako estimulu sexuala. Teknikaren garapenarekin aldatzen joan da: inprentaren agerpena, argazkigintza, zinema... Baina oraingoa iraultza bat da. Internetek atea ireki du. Nik gurasoei esaten diet: Interneterako konexioa duen mugikor bat duen edozein haurrek bai ala bai egingo du topo pornoarekin, industriak aurreikusia duelako hori: algoritmoek gazteak bilatuko dituzte, ehizatzeko, kontsumitzaile eta menpeko egin daitezen. Mendekotasuna porno kontsumoaren ondorio nabarmenetako bat da, eta eragin handia du osasunean.

"Ume pornografikoak" kategoria darabilzu. Zeri deitzeko?
Ume pornografikoak sexua ia-ia porno bortitzaren bitartez bakarrik ikasi dutenak dira. Pornografiaren eragin boteretsuarekin kontrastatuko duen sexu heziketa falta da. Eta horrek ondorioak ditu: ume horiek, heldutan, trastorno emozional, afektibo eta sexualak izan ditzakete: mendekotasunak, sentikortasunarekin lotutako burmuin alterazioak, prostituzioaren kontsumoa, drogen eta alkoholen kontsumo handiagoa, eta, batez ere, adin baterako desegokiak diren praktika sexualak. Pornoak, jokabide gisara, sarketa baginala, anala eta ahokoa planteatzen ditu, txandaka, kondoirik gabe. Umeek gidaliburutzat hartzen dute, eta imitatzen saiatzen dira, hori delako haien eredu bakarra. Ondorioa: desastre bat.

Nola saihestu daiteke, saihestu badaiteke?
Saihestea oso zaila da, pornoaren industria oso boteretsua delako, eta ez dagoelako kontrolatzerik. Familiak eta eskola trebatzea da egin daitekeen bakarra. Pornoari konpetentzia egitea da erronka, eskaintzen dituen jarrera eta jokabideen bestelako eredua ematea. Gurasoek sexuaz modu positiboan hitz egin behar diete haurrei, osasunari, afektuei, ardurari eta elkarrekiko akordioari lotuz. Sexualitatea alderdi positiboa da, eta ez du zerikusirik biolentziarekin. Baina pornoak, sistematikoki, biolentzia eskaintzen du.

Gauza da gurasoek ez dutela hitz egiten. Zergatik?
Sexualitatea modu osasuntsuan hartzeko gai izan ez den kultura batean bizi gara. Belaunaldiz belaunaldi, ahal izan duen moduan moldatu da bakoitza. Etxean ez da hitz egiten gazteei interesatzen zaizkien gaiez: sexu plazera, masturbazioa, pornoa. Gurasoek ez dakite zer egin, haiei ere ez dietelako erakutsi. Zaila da pornoarekin lehiatzea, plazera ematen duelako, eta plazer sexuala gakoa da hau guztia ulertzeko. Ikusten dutena indartzen du.

Badira beste mota bateko erresistentziak ere? Politikoak, esan dezagun.
Nafarroa plaza zaila da, sexu heziketarako eredu ezberdinak defendatzen dituzten taldeak daudelako, aurrez aurre. Eskolan eta familietan sexu heziketa zientifiko eta profesionalaz hitz egitearen kontra daudenek eredu tradizionala defendatzen dute: isiltasuna, bekatua, arriskua. Nik bereizketa egiten dut pelikula pornografiko eta erotikoen artean. Baina badago erabat kontra dauden taldeak (Eliza, eskuina, mugimendu feminista tradizionala…), eta edozein porno motaren alde daudenak (industria, kontsumitzaileak, mugimendu feminista liberala, queer mugimendua…). Aurrez aurre daude, sexua nork kontrolatuko, eta ni tartean, alde guztietatik ostiak hartzen. Gizarte guztiak saiatu dira sexua zorrotz kontrolatzen, herritarrak kontrolatzeko. Gaur ere bada lehia hori. Bitartean, gure haurrek segitzen dute pornotik ikasten.

Porno onik ba al dago?
Eztabaida interesgarria da. Gizakiok estimulua behar dugu desira sexualerako, arrazoi biologikoengatik. Badira misio hori duten pelikula, liburu edo komiki mota batzuk, desira pizten dutenak. Ederki. Baina horrek ez du zerikusirik pelikula bortitz batekin. Hori tekila eta alkoholik gabeko garagardoa parekatzea bezala da. Niri ez zait pornografia hitza gustatzen, ideologikoki eta moralki kargatuta dago. Pelikula erotikoen eta eduki biolentoa dutenen artean bereizten dut. Nerabezaroan normala da pornoa ikusten masturbatzea; behar badute badira beste baliabide batzuk, baina ez dezatela kontsumitu erabat matxista eta misoginoa den porno bortitz hori. Gurasoek dilema handi bat dute: edo pornoa, edo haiek. Haien haurren etorkizun sexuala erabaki behar dute.

Hezitzaileen hezitzaile
“Psikologian doktorea naiz, eta sexologian aditua. Bizi osoa daramat arlo horretan lanean, pasio handiz. 36 urtez Nafarroako Gobernuan aritu naiz, kontsulta kliniko publiko batean, arazo sexualekin lanean. Dibulgazio lan handia ere egin izan dut, liburuak argitaratu, irakatsi. Sexualitateari buruzko orri bat izan nuen Egin-en, eta kolaborazioak egin ditut beste hainbat hedabidetan ere. Tailerrak egiten ditut gurasoekin, baliabide zehatzak emateko, haien lana errazagoa izan dadin. Baina zaila da: lotsa gailentzen da, eta amore ematen dute”.