argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Alde egiteko
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko abenduaren 14a

Antza ez gara euskaldunok elkarrekin eta elkarren ondoan ibiltzen garen bakarrak. Natalia Ginzburg ere Torinotik kanpo elkartzen zen torinoarrekin Torinori buruz hitz egiteko. Kontua izan daiteke, hartara, zertarako baino, zer gogo-aldarterekin elkartzen garen: “elkartu eta gure hiriaz hizketan hasten garenean, ez zaigu damugarri hura utzi izana, eta esaten dugu orain ezinezkoa litzaigukeela han bizitzea”, dio une batean; esateko gero, “hemen, gure etxean, gure hirian, gaztaroa eman genuen hirian, jada gauza gutxi baitugu bizirik, eta hamaikatxo oroitzapenek eta itzalek egiten baitigute harrera”. Bertute txikiak izeneko liburuan bilduta dago testua, eta osorik da testu ederra, hildako lagun Cesare Paveseren omenez idatzitakoa. Barbiturikoak hartuta hil zen laguna, berrogeita bi urterekin, bakarrik, heriotza etorri eta zure begiak izango zituela idatzi zuena. Torinoren antza zeukan, gainera: “Gure hiriak (…) antz handia du bera maite-maite zuen eta orain galdu dugun lagunarekin; maratza da, bera bezalatsukoa, beltzuria bere maraztasun suhar eta setatsuan, eta, aldi berean, geldoa eta prestua nagitasunean eta ametsetan aritzeko”.

Etxeaz, hiriaz, gaztaroaz ari garela, liburua euskaratu duen Irene Saratxo de Hurtadok berak, beste bide batez bada ere, oparitu zidan Paveseren beste definizio hau, La luna e il falò eleberriko protagonistaren ahotan jarri zuen sorterriaren definizioa: “Herrialde bat behar da, alde egiteko besterik ez bada. Herrialde batek esan nahi du ez egotea bakarrik, jakitea jendeagan, landareetan, lurrean badagoela zure zerbait, zu ez zaudenean ere zure zain geratzen dena”. Herrialde horren falta sentituko zuen Pavesek agian Torinoko hotel hartan bere buruaz besta egitea erabaki zuenean. Baina oso-osorik tatuatzeko moduko definizioa iruditzen zait. Edo, akaso, azal nahikorik ez, luzeegi, eta lehen esaldia bederen: “Herrialde bat behar da, alde egiteko besterik ez bada”.