argia.eus
INPRIMATU
Denak ala inor ez, dena ala ezer ez
Itziar Moreno Martínez 2021eko abenduaren 15

Bakarka ezin da, kantatzen zuen Laboak. Ondotxo daki hori presondegiko jendilaje orok, txakurrek, matoiek (bokiek, urdinek, kartzelariek...), espetxe zuzendariek eta abarrek: presoak, batuz gero, arriskutsuak dira! Horratik, elkartasuna eta kontzientzia kolektiboa ezabatzea dute helburu (eta obsesio) nagusi. Xede horretan, originaltasun gutxi: Divide et impera makiaveliko zaharra darabilte presook elkarren aurka mokoka aritu gaitezen, eguneroko ogi ditugun gehiegikeriei aurre egiteko protestak antolatu beharrean. Zaharrak berri, homo homini lupus. Bada, nola barruan, hala kanpoan. Jakin badakigu kartzelaren ispilu leiala baino ez direla borrokatzen ditugun egungo estatu kapitalistak: patriarkalak, autoritarioak eta, noski, entseina berdintsuei lotuak.

Historiari gainbegiratu arin bat botatzea baino ez dugu ohartzeko ezkertiarron arteko ika-mikek iraultzak ahuldu baino ez dituztela egin; direla komunistak anarkisten aurka Errusiako iraultzan edota Espainiako 36ko gerran, direla feministen arteko tirabirak gai jakinen inguruan, direla turkiar ezkertiarren desadostasunak Kurdistaneko mugimendu askatzailearekin... tamalez, adibide gehiegi datozkit arrapaladan burura! Zer esanik ez, gaurko Euskal Herriko errealitate politiko zalapartatsuan.

"Zer pentsatu ematen dit entzuteak, maizegi, etsaiaren kontra jo beharrean, ezkertiar, abertzale eta iraultzaileen arteko ika-mikak elikatzen direla aipatu sareetan"

Kartzelan hamar urte baino ez daramatzadan arren, nik ez ditut ezagutu sare sozialak eta, are gutxiago, bertan pizten diren eztabaida politikoak (Cro-Magnon garaikoa ote...?). Zalantzarik gabe, sareok borroka ideologikorako tresna eraginkorra izan daitezke; aldiz, zer pentsatu ematen dit entzuteak, maizegi, etsaiaren kontra jo beharrean, ezkertiar, abertzale eta iraultzaileen arteko ika-mikak elikatzen direla aipatu sareetan.

Aitzitik, euskal sukalde matxinatua sigla salda betean dugula dirudi. Iruditzen zait ez dela atsekabetzeko moduko fenomenoa... inondik inora! Hainbat borroka-osagai su eztitan nahastuz gero (natural bezain zilegi delako eta, batez ere, ikuspegi iraultzaile estrategiko batekin!), iraultzaren zukua(k) borborka jarri eta garaipenaren bidea sendotu baino ez dugu egingo. Sigla salda horretan ez dugu zertan arerio izan; sozialdemokraziaren fast-food-ari muzin eginez, aniztasuna indar bilakatu dezagun!

Antolatuta edo gabe, lurrari grinaz lotzen eta betiere herriko gaiak lantzen. Batzuek manifak eta bilerak antolatuko dituzte, jaiak eta kontzertuak besteek; hemengoek kalea astinduko dute, kooperatiba alternatiboak sortu horkoek, instituzioetatik borrokatu hangoek; batuko gara herriko gaztetxeetan, zahar-etxeetan, ikastetxe eta auzo-etxeetan, udaletxeetan edo kale gorrian, sortzeko, bizi-bizi eztabaidatzeko, amesteko, ekiteko; antolatzeko herri ekimenak, desobedientzia, kultur eztandak, akelarreak, ekintza erradikalak, erreferendumak; idazteko esku-orriak, liburuak, pintadak, fanzineak; solasteko irratsaioetan, sareetan, belar-ur-tertulia gozoetan, gaubeila magikoetan; larruak jotzeko eta etsaiak larrutzeko... bakoitza berean, denak gurean: aldarrikapen eta bitarteko guztiak zilegi bezain beharrezko ditugu iraultzaren bidean! Denak ala inor ez, dena ala ezer ez! Estatuen biolentzia estrukturalari aurre egin eta herri askea(k) eraikitzeko osagai sorta zaporetsua daukagu gurean, maneatu gustura eta ekin borrokari!