argia.eus
INPRIMATU
Antzinako merkataritza isil eta eraginkorra
  • Feiniziarrek, hizkuntza jakin gabe, eta harremanetan sakondu gabe, konfiantzan eta errespetuan oinarritutako trukeak egiten zituzten Afrikako kostaldeko herriekin.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko abenduaren 14a
Feniziar ontzia, K.a. II. mendeko sarkofago batean zizelkatua. (argazkia: Beiruteko museo nazionala)
Feniziar ontzia, K.a. II. mendeko sarkofago batean zizelkatua. (argazkia: Beiruteko museo nazionala)

Afrikako kostaldea, K.a. VII. mendea. Nekao II.a egiptoar faraoiaren aginduz, feniziarrek Afrika zirkumnabigatu zuten. Itsaso Gorriaren iparraldetik abiatu, Indiar Ozeanotik kontinentearen ekialdeko kostalde guztia ibili, Ozeano Atlantikoan sartu, aurkako haize eta korronteak gaindituz iparraldera egin eta Gibraltarko itsasartetik Mediterraneora itzuli omen ziren. Edo horixe dio Herodotok (K.a 484-425) Historiak lan marduleko IV. liburukian.

Ondare material gutxi utzi zuten feniziarrek eta nagusiki historialari greziar eta erromatarren bidez dakigu haien berri. Nabigazioan eta merkataritzan nabarmendu ziren nagusiki, eta Mediterraneo ekialdetik mendebalderantz zabaldu ziren, Afrikako kostaldean koloniak eratuz. Zenbait kasutan, Kartagon, esaterako, benetako hiriak sortu zituzten, beste batzuetan harresiz inguratutako portu-biltegiak, greziarrekin gatazkak izan zituzten merkataritza gune eta bideak kontrolatzeko, hala nola Alaliako guduan… Baina Mediterraneoko portuetako iskanbilaz eta truke zalapartatsuez haratago bestelako merkataritza modu lasaiagoak erabili zituzten.

Herodotok IV. liburuan dioenez, salerosleen arteko inolako kontakturik gabeko trukeak egiten zituzten feniziarrek Libian, "Herkulesen Zutabeez haratago”. Greziarrek Afrika osoari esaten zioten Libia eta Herkulesen Zutabeak ziotenean Gibraltarko itsasartea esan nahi zuten. Besteen hizkuntza jakin gabe, eta harremanetan sakondu gabe, konfiantzan eta errespetuan oinarritutako trukeak egiten zituzten.

Feniziarrak kostaldera iristen zirenean beren salgaiak hondartzan utzi eta suak pizten zituzten, kearen bidez bertakoei jakinarazteko trukean has zitezkeela. Bertakoek orduan salgaiak aztertu eta beren ustez merezi zuten ordaina, nagusiki urretan, uzten zuten salgaien ondoan. Feniziarrek prezio egokia iritziz gero, urrea hartuko zuten eta ondoren bertakoek erositakoa jasoko zuten. “Baina ez bazaie nahikoa iruditzen, ontzietara itzultzen dira, eta bertakoek urre gehiago eransten dute, besteen nahiak ase arte, jakina baita batzuek ez dutela urrea ukitzen prezio egokia lortu arte, eta besteek ez dutela salgairik ukitzen beren urrea hartzen dieten arte”.