“Bortxaz jokatzeak batu egiten gaitu errugbilariok”

  • Ekuazioak nola, hala askatzen ditu meleak Saioa Jaurenak (Elizondo, 1989). Kalkulagailua eta baloi obalatua ditu lanabes, matematika irakaslea eta errugbilaria den heinean. Bi alorrak halabeharrez uztartu behar ditu: errugbian ez du sosik ere jasotzen, Frantziako maila nagusian diharduen arren, Baionako Neskak taldean. Bizimodu horri “sakrifizioak eginez” eutsi dio, baina ez da damutzen, ibilbide oparoa osatu baitu hamasei urtez.

Saioa Jaurena hamasei urterekin hasi zen errugbian jokatzen. Baionako Neskak taldean ari da aurten, egoera korapilatsua bizi duen klubean.
Saioa Jaurena hamasei urterekin hasi zen errugbian jokatzen. Baionako Neskak taldean ari da aurten, egoera korapilatsua bizi duen klubean. "Datorrena ona izango da, baina mingarria da pasioz bizi izan duzun hori atzean uztea", dio, agurra geroz eta gertuago ikusten duen honetan.DANI BLANCO

Egina zuen kalkulua Jaurenak: denboraldi hau izango du azkena errugbian. Zer diren gauzak, litekeena da agurra berak nahi baino lehenago eta nahi ez lukeen moduan heltzea, ASBko nesken taldea Elite mailatik erretiratu baitzuen zuzendaritzak azaroaren 17an, jokalariek partida batean planto egin ostean euren baldintzak salatzeko. Apur bat lehenago egin genion elkarrizketa elizondoarrari; artikulu hau ixtean, irtenbiderik ez zaio eman oraindik auziari. Gertu dakusa Jaurenak botak erantzi eta zenbaki artean buru-belarri murgiltzeko tenorea.

Eskubaloia izan zen zure lehen kirola, baina errugbia aukeratu zenuen gero. Zer dela eta?

Errugbian benetan neroni sentitzen naiz. Dena den, beti esan dut: errugbia utzi eta beste kirol bat hautatu beharko banu, eskubaloia izango litzateke. Biak dira talde kirolak, eta kontaktua oinarrizko osagaia da. Ordea, bada gauza bat errugbia berezi egiten duena: aurkariarekin talka egiterakoan, beti behar dituzu bizpahiru taldekide ondoan, harroin postuan batez ere. Eskubaloian, kontaktuak buruz-burukoak izaten dira batez ere.

Hamasei urterekin hasi zinen errugbian jokatzen; hasiera batean, mutilekin. Hastapenak nola oroitzen dituzu?

Garai onean hasi nintzen errugbian. Gaur egun, badira sei edo zortzi urterekin jokatzen hasten diren neskak. Lehen, ordea, bestelakoak ziren gauzak: nire adineko batzuk unibertsitate garaian hasi ziren, pentsa. Nik Baztanen egin nuen proba, mutilekin, ez baitago nesken talderik. Hamar bat neska elkartu ginen, eta han ezin genuen partidarik jokatu: hamasei urte arte osa daitezke soilik talde mistoak. Guk entrenatu besterik ezin genuen egin, eta Iruñera joatea erabaki genuen azkenean.

Nerabezaro betean, errugbiak pertsona bezala garatzen lagundu zizun?

Hala da. Dena elkartu zen: ate asko ireki zitzaidan, nire antzeko zaletasunak zituen jende asko ezagutu nuen… Adin zailak dira, zure nortasuna eraikitzen ari da, eta oso garrantzitsua da gauzak ongi egiten dituzula sentitu, eta zure lana baloratzen dela ikustea. Konfiantza lantzeko aukera eman zidan Iruñeko esperientziak. Leku berri batera joan nintzen, pertsona berriekin kirol berri batean jardutera, eta pauso hori nik eman nuen, ez nire gurasoek.

Noiz sentitu zenuen errugbian bidea egin zenezakeela?

Taldekide batek erraztasun handia nuela esaten zidan. Ez nion kasu handirik egiten, baina gauzak aldatzen hasi ziren pixkanaka. Izan ere, prestaketan koska bat igotzean, nire jokoa asko hobetzen zen, eta asko gozatzen nuen. Garapen horren berri izateak asko animatzen ninduen. Esfortzua egitean, beti jasotzen nuen saria. Nahiko goiz izan nuen aukera Euskadiko selekzioan jokatzeko, baita Lehen Mailan debuta egiteko ere.

Getxok eman zizun Espainiako maila nagusian jokatzeko aukera. Eta gero, Zeelanda Berrian aritu zinen urtebetez. Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera?

Errugbiaren kultura oso indartsua da han, eta ametsa zen han jokatzea. Aukera hori beti zebilkidan buruan. Egun batean, Zeelanda Berrian zegoen ezagun batekin hitz egin nuen, eta han egoteko baldintzak zeintzuk ziren azaldu zidan. Izan ere, gauza bat da oporretan joatea, eta beste bat egonaldi luze bat egitea. Baimena erdi zozketaz lortzen zen, eta inori ezer esan gabe eskatu nuen, zorterik izango ez nuelakoan. Bada, tokatu egin zitzaidan, eta etxekoak konbentzituta, harat joan nintzen. Unibertsitate ikasketak bukatu berri nituen, eta oraindik ez nintzen lan egiten hasia. Momentu ona zen.  

Nolako esperientzia izan zen?

Aparta: hango selekzioko jokalari batzuekin batera jokatu nuen, eta beste batzuen aurka. Errugbia oso modu ezberdinean bizi dute; mundu guztiak ezagutzen du eta edozein tokitan ikusi daiteke. Eskuak zabalik hartu ninduten hango klub batean, eta maila oso altua izan arren, jokatzeko aukera ugari eskaini zidaten. Asko ikasi eta gozatu nuen.

Etxera itzulita, Baionan hasi zinen jokatzen, Frantziako maila nagusian. Alde handia dago Espainiako ligarekin?

Frantziako liga beste zerbait da. Baionako neskak maila nagusira igo berriak ziren, eta itzultzeko aukera eskaini zidan entrenatzaileak, aurrez denboraldi bat jokatu nuelako han. Beti hartu behar izan dut autoa entrenatzera joateko, eta Baionakoa aukera perfektua zen: etxetik nahiko gertu eta liga askoz ere indartsuago batean joka nezakeen. Ingurune aproposa zen, aurrez ezagutzen nituen taldekide batzuekin. Euskaraz aritzeko aukera ere hor zegoen. Frantziako ligan jokatzea arras ongi etorri zait, kontaktu maila eta entrenamenduen exijentzia handiagoa delako. Nire tokia egin dut pixkanaka, eta bertakoa ez naizen arren, etxean bezala sentitzen naiz.

Gatazka piztu zen duela aste batzuk: partida batera ez aurkeztea deliberatu zenuten, klubeko baldintza txarrengatik protesta egiteko.

Egia da klubak laguntza gutxi ematen digula, baina ez nago ados kexa adierazteko hautatu den moduarekin, eta nahiago dut gaiaz ez hitz egin.

Orokorrean, zer baldintzatan diharduzue Frantziako ligan?

Gaur egun, klub askok zerbait ordaintzen die jokalariei, baina liga ez da profesionala. Inor ez da errugbitik bakarrik bizi. Salbuespena, Frantziako selekzioan jokatzen dutenak dira, Federazioak lanaldi erdiko kontratua egiten dielako. Neska horiek kontratu horrekin eta klubak ematen dienarekin bizi dira. Baina ez dute, inolaz ere, mutilen dirutzarik jasotzen. Haien ligak sekulako indarra du. Aldea sekulakoa da, Espainian futbolean gertatzen den bezala. Klub mailan, nik ez dut sekula dirurik jaso errugbian jokatzeagatik; hau da, beti lan egin behar izan dut errugbian jokatzen jarraitu ahal izateko.

“Errugbiak ikaragarri lagundu nau nire burua ezagutzen, eta bizipen aldetik ere asko eman dit. Zoriontsu egin nau”

Matematika irakaslea zara. Bada, buruketa zaila ebatzi behar duzu egunero, lana, kirola eta bizitza pertsonala bateratu ahal izateko.

Zaila da, ez dizut gezurrik esango. Egunean zortzi orduz lan egin behar dut, eta gero astean hirutan Baionara joan behar dut entrenatzera. Gainera, egunero gimnasio lana ere egin beharra dago, eta bestelako ariketa batzuk ere bai. Hortik kanpo ez zait ia denborarik gelditzen, eta halabeharrez, sakrifizioak egin behar dituzu. Aurreko ikasturtean sei hilabetez egon nintzen soilik entrenatzen, Espainiako selekzioaren proiektu bati esker. Eta argi ikusi nuen zenbatekoa den aldea: ondo deskantsatu eta entrenamenduak ondo egituratzen badituzu, zure errendimendua hilabetero hobetzen da.  

Halere, egin beharreko sakrifizio guztiek merezi dute. Bestela, errugbia lehenago utziko zenukeen.

Garesti ordaintzen da, baina bai, merezi du. Pertsona bezala ondo sentiarazten zaituen giro batean zaudenean, zergatik utzi? Asko murriztu behar izan dut familiakoei eta lagunei eskainitiako denbora, baina errugbia orain bizi beharreko zerbait da. Gero ez dut izango. Pentsaera hori izan dut urte hauetan. Benetan ezagutzen nauenak badaki kirolak zenbat ematen didan.

Zer da, zehazki, errugbiak urte hauetan guztietan eman dizuna?

Errugbiak ikaragarri lagundu nau nire burua ezagutzen, eta bizipen aldetik ere asko eman dit. Zoriontsu egin nau. Garaipenekin edo garaikurrekin baino gehiago, taldekideekin bizitako momentu bereziekin gelditzen naiz.

Elkarren aurka talka egiten duzue behin eta berriz, eta halere, kiroltasun handiz lehiatzen duzue errugbilariok. Hirugarren denbora delakoa ere hor dago, partiden ostean aurkariekin solas egiteko.

Zelai barruan bortxaz jokatu beharreko egoera asko dago, eta horrek batu egiten zaitu bai taldekideekin, baita aurkariekin ere. Kanpotik oso kirol bortitza dirudi, baina gogortasunak elkartu egiten gaitu. Azkenean, kontaktua kirol honen oinarrizko osagaietako bat da, eta badakigu talka egiterakoan nola jokatu behar dugun.   

Garbi gera dadila: errugbia eta futbol amerikarra ez dira gauza bera.

Baloiak forma bera du, baina ez dute zer ikustekorik. Legeak zeharo desberdinak dira: adibidez, futbol amerikarrean edozein tokitara pasa dezakezu baloia, eta edozeini egin diezaiokezu plakaketa, baloia eskuetan izan ala ez.

Zer ezaugarri behar da errugbilari ona izateko?

Sakrifizioa eta konstantzia, kirol guztietan bezala. Bestalde, nik fisiko indartsua behar dut, harroin postuan jokatzen dudalako. Soslai oso desberdinak daude taldean. Aurrean jokatzen dugunok indar lan gehiago egin behar izaten dugu. Atzean daudenek, berriz, abilezia eta abiadura landu behar dituzte.

Espainiako selekzioarekin hurrengo Munduko Txapelketarako sailkatzea zen zure ibilbideko azken erronka handia, eta ez da posible izan. Porrotak azkartu egin al du erretiratzeko erabakia?

Aurretik argi nuen Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketako bidea bukatu arte jarraituko nuela. Dena batera uztea nuen pentsatuta, baina etxera itzulita, ezinezkoa egin zait hori onartzea. Ohitura eta errutina jakin batzuk urte luzez barneratu dituzunean, bat-batean dena aldatzea oso gogorra da. Hortaz, berriz ere entrenatzen hasi naiz, eta itxura osoa du denboraldi honetan ere jokatuko dudala. Jokalari asko irten da, eta gazte asko iritsi, eta laguntzeko intentzioarekin jarraituko dut.

Afizioari agur esango diozu, baina ofizioa hor duzu. Hutsunea ez da erabatekoa izango.

Denbora asko eskaini diot errugbiari, baina kanpoko bizitzarekin jarraituz. Ez dut dena albo batera utzi. Baditut taldekideak selekzioan soilik errugbian aritu direnak, eta orain, etxera iritsita, ez dute deus. Eta hori oso gogorra da. 30 urte dituzu, eta lanik gabe edo ikasketak bukatu gabe zaude. Eta, batez ere, inongo proiekturik gabe. Nik, behintzat, nire lana daukat, eta bikotekidearekin bizi naiz. Bizitza nahiko eraikita daukat. Halere, nire bizimodua guztiz aldatuko da. Datorrena ona izango da, baina mingarria da pasioz bizi izan duzu hori atzean uztea. Prozesu bat da, eta barne lanketa eskatzen du. Kirolean zabiltzala sekulako garrantzia du buruak, baina gerokoa ere prestatu egin behar da, kontziente izanez hau bukatu egingo dela momenturen batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errugbia
Frantziara eta Espainiara bidean

Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko... [+]


Aviron Bayonnais errugbi taldeko presidentea
“Beti erran didatenez, Euskal Herrian emazteak sukaldean gelditzen dira”

Kazetarien aitzinean izanik ere, lasai asko aritu dira irakurketa matxistak zabaltzen Aviron Bayonnais Campus formakuntza gunearen inaugurazioan. Jean-Jacques Lasserre politikari ezagunak ere egin ditu gisa horretako adierazpenak:  "[Errugbilarien zapaten] kranpoiak... [+]


2021-11-18 | Jon Torner Zabala
ASBko nesken taldea Elite mailatik erretiratu du zuzendaritzak

Pasa den azaroaren 7an, Frantziako Kopako partida ez jokatzea erabaki zuten AS Baionako emakumeen errugbi taldeko jokalariek, Elite 1 mailako gainerako taldeekin alderatuta baliabide gutxi dutela eta taldeko arduradunek euren eskaerak aintzat hartzen ez dituztela azalera... [+]


2021-11-09 | ARGIA
“Hainbat gauza eskatu ditugunean, printzesa apetatsuen moduan tratatu gaituzte”

"Urteak eman ditugu prestatzaile fisiko bat eta muskuluak lantzeko pisu egokiak lituzkeen gimnasioa eskatzen. Aurten lortu ditugu, baina beranduegi da. Jende gehiegik egin du ospa taldetik. Gainerako taldeekin alderatuta, baliabide gutxi dugu. Horrelakoak eskatu ditugunean,... [+]


2020-02-12 | ARGIA
Baionako funtzionarioaren ustelkeria kasua: Gidabaimeneko puntuak, oparien truke

Bertako 47 pertsona ezaguni egin zizkion "mesedeak", tartean dira kirol munduko pertsonak eta enpresariak, Naizek eman duen albistearen arabera. Otsailaren 11n deklaratu du Paueko auzitegian. Urtarrilaren 24az geroztik behin behineko atxiloaldian da.


Baionako suprefeturatik bideraturiko ustelkeria argira atera da

Hasiera batean barne mailan eramanik inkesta, Baionako auzi poliziak hartu du segida eta argi geratu da: Baionako suprefeturako langile batek gidabaimena faltsuak banatzen zituen, opari batzuen kontra. Besteak beste, errugbi partidetarako txartelen kontra. Nahiz eta hori... [+]


Saioa Jaurena Atxa, Elizondoko errugbilaria
“Ametsak egia bihurtzen direlarik dena errazagoa da”

16 urte zituela hasi zen errugbian eta geroztik horri lotuta bizi da. Euskal Herrian eta nazioartean ibilbide polita osatzen ari da eta orain Munduko Txapelketari begira dagoela aitortu digu.


2019-08-19 | ARGIA
Ipar eta Hego Euskal Herriko zazpi errugbi taldek liga jokatuko dute lehen aldiz uda honetan

Abuztuaren 17an hasi dira partidak jokatzen eta irailaren 7an bukatuko dute. Antolatzaileak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea eta Eusko Jaurlaritza dira.


2018-05-31 | Zuzeu
Errugbi Txapelketa barneratzaileko bigarren edizioa ekainaren 9an Hernanin

Hernanin, Landaren izango da Inklusibo txapelketaren 2.edizioa ekainaren 9an, larunbatean.


2018-05-11 | ARGIA
Bideoa | Bultzaka datoz emakumeak errugbian, geratzeko asmoz

Arrakasta ari da izaten Getxoko, Gernikako, Bilboko eta Eibarko emakumezko errugbilariek Europako txapelketaren finalaren atarian zabaldu duten bideoa. Gizonezkoak baino ageri ez diren bideo bat egin du Bilboko Udalak finala iragartzeko. Gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere... [+]


2018-04-12 | Jon Torner Zabala
Sexu erasoak: egunkariko iragarki-orrietara egin du salto eztabaidak

2016ko ekainean emakume bat bortxatu izanaz akusatu (eta absolbitu) dituzten Ulster Rugby taldeko bi jokalarien auziak hautsak harrotu ditu Irlandan. Egunkariek tarte handia eskaini diote kasuari, ez soilik kronika edota iritzi sailetan, baita iragarkientzat gordetako... [+]


Louisa Wall
“Datozen hamar urteetan Zeelanda Berriaren erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat”

Zeelanda Berriko errugbi izarra, LGBTI kolektiboaren borrokan liderra eta herrialdeko komunitate indigenaren defendatzaile sutsua da Louisa Wall maoria (1972). Parlamentari dihardu, britainiarren kolonizazioak utzitako ondorioei aurre egitea helburu.


2018-01-24 | ARGIA
MTVren sarietan euskarak toki “duina eta aproposa” izan behar duela gogorarazi du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru diputatuari.


2018-01-08 | Jon Torner Zabala
“Emakumea eta errugbian?”. Aurreiritzien kontrako spota

Iragarkiaren hasieran, entzun behar izan dituztenak kontatzen dituzte errugbi jokalariek: “Ez da neskentzako kirola”, "mari-mutila”, “errugbian jokatzen baduzu lesbiana izango zara, ala?”... Beste aldea dator gero: “Jarraitu... [+]


Eguneraketa berriak daude