“Lesakatik eta periferiatik sortzea, hori da aurrera ateratzeko gure aukera bakarra”

  • Led Silhouette dantza taldearen izenak erakusten du Martxel Rodriguez eta Jon López sortzaileen filosofia: led argia da. Argi ona, berria, baina jasangarria aldi berean. Silhouette, beste gauza batzuen artean, euskal abizena ere bada (Ziloeta, Xiloeta), hala ere izen honek, bere itxurarengatik, kanpoko munduarekin lotzen gaitu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Martxel Rodriguez Etxabide. Lesaka, 1990

Dantzari eta koreografoa. Lesakan finkatuta dagoen Led Silhouette taldeko sortzaile eta zuzendarietako bat da Jon Lópezekin batera eta, aldi berean, freelance moduan aritzen da hainbat proiektutan. Txikitatik euskal dantzetan eta dantza modernoetan aritu ondoren, balleta eta dantza garaikidean murgildu zen gaztetan.  Fisikan graduatu zen EHUn. Danimarkako Black Box Dance Company konpainian eta Kukai Dantza Taldearen Oskara ikuskizunean aritu da, besteak beste.
Aurten Nafarroako Gobernuaren Talentu Artistikoa Sustatzeko saria jaso du eta apirilean Los perros/Zakurrak proiektu berria estreinatuko dute DNA dantza programaren barruan.

Urriaren amaieran Lys zuen lan berria estreinatu duzue. Argia esan nahi du, ezta?
Bai hala da, danieraz. Dena sortu zen Guggenheim museoan Olafur Eliasson artistaren argiz eginiko instalazioa ikusi genuenean, eta pentsatu genuen hori ere aplikatzen ahal zela eszenan. Azken urteotan lan egin dugu hemengo argi diseinatzaile batekin, Andoni Mendizabalekin. Beti esperimentatzeko gogo handia izaten du eta berehala ikusi zuen ikaragarrizko aukerak zeudela dantzan argiarekin jozeko. Bestaldetik, argia itxaropen bezala ere ikus daiteke, eta hori oso ongi dago une ilunetik heldu garelako. 90eko hamarkadan jaiotakook pasa ditugu krisi dezente gure bizitzako une klabeetan eta uste dut gure lanak baduela errealitatea aldatzeko gogo hori. Garrasi egiteko gogoa modu estetiko eta formal batean.

Hortaz arituko da ere Los perros/Zakurrak orain prestatzen ari zareten proiektu berria?
Bai. Jon bikotekidea eta biok gara Led Silhouette taldeko sortzaileak eta oraingo honetan duo bat eginen dugu Marcos Morau koreografoaren laguntzarekin. Zuzendari hagitz ospetsua da, La Veronal konpainiako zuzendaria. Berak egin zuen Oskara, adibidez. Lagun mina dugu, agenda oso betea du eta berarekin lan egitea suerte handia da. Desegiten ari den mundu batean, bi pertsonen arteko laguntasuna eta maitasuna islatu nahi ditugu. Erakutsi nahi dugu maitasuna eta fideltasuna euskarriak izan daitezkeela aurrera segitzeko.

Belaunaldi baten manifestua?
Erabat. Munduari zaunka egitea beharrezkoa da. Maitasuna eta konplizitatea erakutsi nahi ditugu, baina baita errealitatea eraldatzeko nahia ere.
Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza eskuratu genuen lan honetarako eta apirilean estreinatzeko asmoa dugu. Lehenbizi Lesakan DNA programaren baitan egin nahi dugu eta ondoren Gayarre antzokian, apirilaren 29an , Dantzaren Nazioarteko Egunean. Horretarako ere badirudi astroak lerrokatu direla.

Testurik badu?
Bai, idatzia. Hainbat hizkuntzatan jarriko dugu goitituluekin. Lesakako estreinaldia euskara hutsez eginen dugu, Iruñean elebiz, seguruenera, eta geroko emanaldiak antzokiek eskatzen dizkiguten hizkuntzetan.

Hainbat urtetan ezpata-dantzarien buru ikusi zaitugu Lesakako Zubigaineko dantzan. Herriko dantza taldean daude zure lehen urratsak?
Hala da. Hemen Lesakan ume guztiak apuntatzen dira dantzara eta musika instrumentu batera. Gero adinarekin mutilek, batez ere, uzten diote dantzatzeari eta aunitz futbolera pasatzen dira. Nik gustukoa nuen eta jarraitzea erabaki nuen, baina ez da nire bokazio bakarra. Nik uste dut pertsonek izaten ahal ditugula bokazio bat baino gehiago. Txikitatik interesa izan dut bai zientzian eta bai dantzan. Ematen ahal du kontrajarriak direla, baina nik uste dut badutela konexio handia.

Konexio hori jakin-mina da?
Bai. Ez dakizun horren bilaketan oinarritzen dira biak. Dantzan gu beti ari gara mugimendu berriak bilatzen. Pieza guztiak esperimentu txikiak dira.

"Dantzatzeko ohitura galtzen dugu gure hezkuntza sistemagatik, hetero-patriarkatuagatik, homofobiagatik, bizimoldeengatik eta tradizio zurrunengatik”

Nolakoa izan da zure ibilbidea?
Euskal dantzekin hasi nintzen txikitan. Gero, emakume bat dantza-jazz ematera etorri zenean Lesakara, apuntatu nintzen. Han deskubritu nuen bazeudela mugitzeko beste modu batzuk. Berak esan zidan balleta egin behar nuela eta Hondarribian eta Donostian aritu nintzen ikasten. Bilbon Fisika ikasten nuen bitartean dantza garaikidean murgildu nintzen. Gorputz pribilegiatua nuen balleterako eta 14 urterekin aukera izan nuen Parisen formakuntzarekin jarraitzeko, baina nahiago izan nuen Lesakan gelditu. Ohartu gabe, nire buruan dantzarako bide hori itxi zen eta erabaki nuen Fisika ikastea. Lehen klase egunean ikusi nuen nire klasekoak ez zirela nik espero nituen frikiak. Bazen klarinete jotzaile bat, DJ bat, flauta jotzaile bat, Alaine Agirre idazlea nire gelan zegoen... eta bazen lagun bat arratsaldero Deustuko La Fundición aretora joaten zena dantza garaikide klaseak hartzera.

Egun batean, bigarren mailan geundela, galdetu nion ea ni ere joan nintekeen. Han ezagutu nuen Matxalen Bilbao eta berak esan zidan Donostiako Artelekun bazegoela dantzari gazteez osatutako dantza konpainia bat,  Dantzaz izena zuena, eta hara jotzeko. Han izan nintzen urte batez. Orduan Danimarkatik etorri zen zuzendari bat Dantzaz ekimenaren egitura ezagutzeko helburuarekin. Aipatu zuen bi mutil beharko zituztela hurrengo denboraldirako eta aukeratu ninduten. Han izan nintzen urtebete eta jarraitzeko aukera nuen, baina Jon Maiak deitu zidan esanez Marcos Morau etorriko zela heurekin proiektu bat egitera eta uste zuela nik, gorpuzkerarengatik, mugitzeko moduagatik eta euskal dantzekin nuen harremanengatik, taldearen parte izateko aukera nuela. Erran nion baietz. Han ezagutu nuen Marcos eta horrela sortu genuen Oskara. Gero Jon ezagutu nuen,  Marcosekin La Veronalen dantza egiten zuela. Kukaik duen proiekzioak eta Marcosen talentuak eraman zuten Oskara beste dimentsio batera. Prekario ez den proiektua izan zen. Max sarietarako hautagaitza pila izan genuen, nirea, besteak beste, dantzari bezala. Poz handia eman digun lana izan da.

Argazkia: Dani Blanco

Lesakan kokatu duzue zuen konpainia. Ez da ezinbestekoa, beraz, hiri batean bizitzea dantzatik bizitzeko?
Batere ez. Nik uste dut kontrakoa gertatzen dela. Dantza garaikidea mundu hagitz zabala da eta hirietan superprodukzio handia dago. Bartzelonan bizi izan gara bi urtez. Han entseguak egiteko gela bat ordaintzen genuen orduka. Herriko eragile kultural gisa,  Lesakan badugu aukera antzoki osoa erabiltzeko, eta etxetik minutu batera dugu gainera. Dantzariak kanpotik etortzen direnean sorkuntza lan batean parte hartzeko, harrituta gelditzen dira. Guretzat Lesakan finkatzea ez da izan aukera hobeago bat, baizik eta aukera bakarra. Lesakatik eta periferiatik sortzea gure aukera bakarra da aurrera atera nahi badugu.
Gure sorkuntzak zero kilometro dira: argien diseinua egiten duena Beran bizi da, Gaizka musikaria hemengoa da, arropa egiten diguna, Iñaki Cobos, Uhartekoa, gertu ditugu mertzeria bat, burdinarekin lan egiten duen enpresa txikia, eta behar dugun guztia… Gure erreferente gehienak holakoak dira. Hau da gure belaunaldiaren ezaugarrietako bat. Aldarrikapena eta beharra dela uste dut.

Eta pandemia dela eta, zer moduz ibili zarete?
Dantza munduan beti erraztasun handia izan dugu egoeretara moldatzeko, horregatik COVIDak ez digu hainbeste eragin. Guretzat krisia lehenagotik zegoen eta Lesakan burbuila gisako bat eratu dugu eragin hori hain bortitza ez izateko.

Hemen bizi, baina bidaiak egiten dituzue maiz…
Bai, Lesakara itzultzen gara beti, baina guk lan egiten dugu antzokiak dauden tokietan. Ni Kukai dantza taldearekin ibili naiz bost urtez bueltaka Europa osoan zehar eta Jon berdin ibiltzen da La Veronale konpainian. Polita da Europan zehar lan egin eta beti Lesakara itzultzea. Beste alde batetik, gaizki sentitzen gara gure karbono aztarna nahiko altua delako bidaiengatik. Kukairekin nik bi eguneko bidaia azkar asko egin ditut. Moskura joan eta etorri, esate baterako. Horregatik, gainerako denbora guztian saiatzen gara modu ahal den jasangarrienean aritzen.

Fisikoki nolakoa da dantzari izatea?
Zoritxarrez, egiten dugu beharko genukeena baino gutxiago. Nik Danimarkan lan egin nuen urtebetez eta han ezagutu nituen bestelako lan baldintzak. Bai konpainietan finko daudenak, bai freelance moduan aritzen direnek badute aukera entrenamenduak eta formakuntza teknikoa doan egiteko. Hori hemen pentsaezina da. Guk yoga egiten dugu, baina kudeaketa lanak ere egiten ditugunez, ordenagailu ordu piloa sartzen dugu eta horrek gorputzari eragiten dio.
Nafarroako Gobernuan, aldaketaz geroztik, sumatzen dugu gauzak aldatzeko eta sortzaileen lan baldintzak hobetzeko desioa, baina sektore hau oraindik ez da ateratzen zulo horretatik.

"Nafarroako Gobernuan, aldaketaz geroztik, sumatzen dugu gauzak aldatzeko eta sortzaileen lan baldintzak hobetzeko desioa, baina sektore hau oraindik ez da ateratzen zulo horretatik"

Zahartzeak ez dizu beldurrik ematen?
Ez. Nik uste dut gorputzak fase bakoitzean badaukala balio bat. Niretzat erreferentea eta irakasle handia den Matxalen Bilbaok dio bere faserik onena izan dela 40 urtetik aitzinera. Bera dantzaria eta sortzailea da eta eszenatokian jarraitzen du. Haren adinarekin dantzan ikustea brutala da. Badu beste esperientzia bat, beste pisu bat... Oroitzapen aunitz daude gorputz horretan islatuak eta hori ere erakargarria da. Jakin behar da gorputza fase bakoitzean aprobetxatzen. Gu orain birtuosismoaren garaian gaude, baina gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari gara mugimendu bakoitzaren inguruan. Adinaren beldur hori gehienbat balletetik datorren ikuspegi zurruna da. Horretan ohikoa da 40 urtetik goiti erretiratu behar izatea, baina dantza garaikidean badago jarraitzeko aukera. Gorputza, azken finean, errelato aunitzen osaketa bat da eta hamaika istorio kontatzeko balio du.

Besteok gorputzetik deskonektatua bizi gara?
Pasada bat da. Konexio hori oso eskasa da orokorrean, batez ere Mendebaldeko munduan. Ibiltzeko modua eta gorputzeko mugimenduak ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Euskaldunon DNAn zurruntasun aunitz dago.

Emakumeok konektatuago gaude? Horretarako baimena dugu?
Gure publikoaren %90 emakumea da; tailerren bat egiten badugu %100 emakumeak zarete... Dantzari mutil gutxi gaude, aldiz, koreografo gizon aunitz, eta antzoki zuzendariak are gehiago. Gertatzen da unibertsitatean bezala: ikasleen artean, Fisika ikasketetan adibidez, erdia eta erdia ginen, eta gero doktoretzan emakume gutxiago eta katedradunak are gutxiago.

Dantza zokoratua dago?
Bai eta neurri batean izanen da gorputzarekin dugun konexio eskasarengatik. Ulertzeko beharra ere sentitzen dugu beti eta dantza emanaldietan jende aunitz galdu egiten da. Uste dut, hala ere, publikoa hasi dela onartzen ez dela deus ere ulertu beharrik baizik eta hara joan, egon eta ibilbide hori gozatu edo sufritu. Arazoa da aunitzetan ez dakigula egoten. Azken urteotan dantzak Nafarroan bultzada pixka bat izan du eta nabari da.

osé Lainez eta Concha Martínez izan dira hemen dantza garaikidearen gurasoak, nolabait. Haiek eta gerora etorri diren Carmen Larraz eta beste profesional askok lan handia egin dute garai zailenetan. Oraingoek zortea dugu, oraingo kulturarekiko politikak ez direla UPNren garaikoak bezalakoak.

Nafarroako Talentuaren saria eman dizute aurten. Zer izan da zuretzat?
Hagitz berezia. Kanpotik ematen du gure lana oso polita dela, hemen Lesakan sortu eta Europa osoan gure piezak erakutsi... baina guk egunero galdetzen diogu geure buruari zer ari garen egiten. Nire inguruko jende gehienak badu lan iraunkor bat. Asko irakasleak dira. Neu ere irakaslea naiz eta zerrendetan nago. Denboralditxo batez fisika irakaslea izan nintzen Iruñeko institutu batean... Mundua badoa ez dakigu nora eta gu bitartean dantzatzen ari gara. Zalantza asko dugu buruan eta horregatik sari hau izan zen gure lanari egindako aitortza. Eta poz kolektibo bat aldi berean, dantza saritu dutelako.

"Guretzat Lesakan finkatzea ez da izan aukera hobeago bat, baizik eta aukera bakarra. Lesakatik eta periferiatik sortzea gure aukera bakarra da aurrera atera nahi badugu.

Okerrago dago ikusia gaur egun dantza egitea iraganean baino?
Bai, lastima. Lesakan bertan lehen jende guztia aritzen zen dantzan herriko plazan eta nire nerabezaroan ikusi nuen soilik neskak ateratzen zirela dantzara. Lesakan futbolak badu indar handia eta ailegatzen da une bat non mutilek dantza uzten duten futbolera joateko eta bide horretatik ateratzen dena arraroa da, baztertua...

Nik herrian babes handia jaso izan dut beti, baina jende asko dago bizi osoa bitxo arraroa izan dena dantzatzeari ez uzteagatik.

Beste dantza motetan ona zara?
Gure helburua da gorputza beti prest edukitzea edozein mugimendu edo dantza motarako. Nik, adibidez, bachataren mugimendu zehatzak ez dakizkit baina ikasiko nituzkeen segidan.

Niri asko gustatzen zait gauean dantzatzera ateratzea. Ez dut ulertzen jendeak nola egiten ahal dituen parrandak bakarrik edaten eta solasean. Hala ere, baikorra naiz. Uste dut gero eta gehiago dantzatzen hasi garela. Aldakak mugitzera irekiago eta animatuago ikusten ditut euskaldunak. Euskal musika ere ari da estilo berriak esploratzen eta agian bide horietatik hasiko gara gorputza gehiago askatzen.

                                                                                                 *     *    *

BETI DANTZAN
“Noiz hasi zinen dantzan galderak ez du zentzurik. Guri egin beharreko galdera da 'utzi al diozu noizbait dantzatzeari?'. Euskal Herrian, Mendebaldeko munduan oro har, pentsatzen da umeek dantza egitea normala dela, baina helduek ez horrenbeste. Horregatik, arrazoi aunitzengatik, denborarekin dantza utzi eta gorputzarekiko konexioa galtzen da. Terapeutikoki eta espiritualki ona izaten ahal den dantzatzeko ohitura galtzen dugu gure hezkuntza sistemagatik, hetero-patriarkatuagatik, homofobiagatik, bizimoldeengatik eta tradizio zurrunengatik".


Azkenak
Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Eguneraketa berriak daude