argia.eus
INPRIMATU
Fikzioaren gramatika V: (Sisiforen) esplikatiboak
Edu Zelaieta Anta 2021eko abenduaren 10

Fikzioa omen da komunikazioa, norberaren interpretazioa ez bezala. Fikzioa omen da egia, gezurra ez bezala. Fikzioa omen da errealitatea, fikzioa bera ez bezala.
A. Alieva

Mezuak helarazteko bide eraginkorrak erabiltzen saiatzen zara maiz, gogotik saiatu ere. Alabaina, parean dituzunen begitarteak irakurrita ohartzen zara, nahi baino aise gehiagotan, beste hitz batzuetara jo beharra duzula adierazi nahi duzuna ulertuko bada. Birformulazioan trabatua ibilki zara urtearen azken hilabete honetan; zintzurrean arrain hezurra katigatua nola.

Sisiforen harri esplikatiboen zama gero eta astunago: zintzo azaltzeko lanetan ari zarela, bereziki trinkoa edota maldatsua den emozio batekin topo eginez gero –eta hori ere gero eta gehiagotan suertatzen ari zaizu– tupust eragiten duzu zure inguru ustez maitean. Eta, negua oraindik ere ailegatzeko dagoen honetan, talka etortzen da bukaeran. Inongo gramatiketan ikusi ez dituzun hiru T-ak, elkarren ondotik: Topo, Tupust eta Talka.

“Hau da”, “hots”, “alegia” eta kidekoak baliatzeko trebezia estimatuko zenuke zinetan. Baita isilik egotekoa ere, beharbada. Noiz. Nola. Norekin.