Linterna de Diógenes irratsaioari ahotsa jartzen dio Arkadio irakaslea ezizenez ezaguna den Arkaitz Prietok (Errekalde, 1981). Haien bizimodua, kultura, balioak eta antolaketa moduak ardatz hartuta klase desjabetuen historia azaltzea eta aldi berean menderatze sistemak aztertzea du xede. Zorroztasun akademikoaren bidetik bokazio dibulgatzailea du, adituek josten dituzte informazioz beteriko kapsulak. Monty Pythonen filmetako umoreak ematen die hasiera piezei.
Linterna de Diógenes saioaren 15. denboraldia hasi da aurten. Hamabost urte, azkar esaten da!
Bai, bai… hamabost urte! Programak bilakaera handia izan du. Konstantzia baten isla da, militantzia lana baitago saioaren atzean. Lehen urteetan ia ez zuen entzulerik, baina orain badut erantzukizun bat, baita presioa ere, ez dut ukatuko!
Has gaitezen hasieratik. Diogenes Sinopekoaren izena darama saioak. Intentzioen adierazpen bat da?
Koherentea da guztiz. Platonen etsai aitortua zen Diogenes. Platon ideia abstraktuez arduratzen zen eta Diogenes ideia mundutarrez, sabela betetzeaz, autoritatea desafiatzen zuen hein handi batean ere. Baina, batez ere, mendebaldeko filosofiaren korronte materialistaren abiarazleetako bat izan zen. Platonek irabazi zuen eta ideia abstraktuak gailendu dira beti. Diogenesek lurrera begiratzera eramaten gaitu berriro.
Jakina da garaileek idazten dutela Historia, eta askotan modu partzialean erreproduzitzen dela. Kontakizun hegemoniko horretan arrakala ireki nahi izan duzu?
Behetik datorren Historiaren ikuspegia Ingalaterrako tradizio historiografiko luze batetik dator, E.P. Thompsonek historia soziala bultzatu zuenetik, batez ere. Ikuspegi marxista du, herritarren ikuspuntutik pertsonak nola bizi izan diren aztertzen duena, Historia militarrarekin apurtuz. Hori aztertzen duten adituez hornitzen naiz elkarrizketak egiteko.
Kalera atera duzu akademia.
Saioak erabili eta botatzeko produktu bat ez izatea da nire helburua, baizik eta eskuliburu erraza izatea. Amu bat izatea, gero gai horren inguruan gehiago sakontzeko, ikertzen jarraitzeko. Saioa ez litzateke posible izango akademiaren munduan aurkitu ditudan pertsonak parte hartzera animatu ez balira.
Lortu duzu helburua? Ivoox podcast plataforman 47.000 jarraitzaile dituzu dagoeneko.
Ez dakit zeren isla den zenbaki hori, ez diot garrantzirik ematen. Baina gero eta interakzio handiagoa nabaritzen dut. Urteotan zehar argitaletxe alternatiboak eta kolektiboak jarri dira nirekin harremanetan gauzak galdetzeko, erreferentziak eskatzeko, edo eztabaidak hasteko nire saioetako bat erabili dutela esateko. Hori gozamen hutsa da!
Historia libertarioa ez dago salbuetsita emakumeak ikusezin bihurtzetik… Emma Goldman, Louise Michel eta beste hainbat emakumeren biografiak, grebak eta borrokak ekarri dituzu gogora.
Gero eta gehiago saiatzen ari naiz protagonistak pertsonaia femeninoak izan daitezen, baina ez dira nahi adina. Ni ere konturatzen naiz aldaketak egin behar ditudala nire begiradan. Saioak hutsune asko ditu emakumeen protagonismoari eta kolonialismoari dagokienez.
Etxean grabatzen dituzu saioak orain, baina Bilboko Irola irrati librean hasi zinen emititzen.
Irratiaren mundutik nator, eta irratia egiten dudala pentsatzen jarraitzen dut, nahiz eta saioa etxean grabatzen dudan eta nahieran entzuten den gero.
Berrogei urteko historia dute irrati libreek. Zein puntutan daude?
Hasieran irrati libreek zuten diskurtsoa zen: “Etorri hona eta kontatu esan nahi duzun hori”. Gaur egun edonork egin dezake streaming bat bere etxetik bertatik, kamera edo mikrofono bat besterik ez da behar. Beraz, ezin dugu helburu berarekin jarraitu, diskurtso hori aldatu beharra dago. Nire ustez, kaleko kazetaritzaren aldeko apustua egin beharko litzateke.
Bide hori hartzen ari direla deritzozu?
Irrati libreen topaketa batean egon nintzen duela gutxi. Duela berrogei urteko mezu berbera eta duela berrogei urteko autokonplazentzia eta erosotasun immobilista aurkitu nuen han. Aldi berean, energia handiko jendea bazegoen, irratia egiteko gogoa zuena eta kolektiboentzat eta gizarte mugimenduentzat baliagarri izateko grina zuena. Irratiaren gaitasun subertsiboan erabat sinesten dut, oraindik garaiz gabiltzala uste dut. Komunikabide tradizionalek gero eta legitimitate txikiagoa duten honetan hedabide libreak dira aurrerapausoa eman dezaketenak. Irrati libreek gizarte mugimenduentzat baliagarriak izan behar dute, eta ez alderantziz.
Hainbeste urte igaro ondoren, Linterna de Diógenes zure bizitzaren zati garrantzitsua da, baita entzuleena ere. Luzarorako proiektua da?
Erantzuna ezezkoa da. Hiru urte daramatzat horren inguruan pentsatzen eta oraindik indarra eta kemena behar ditut saioa behin betiko amaitzeko. Bertigoa ematen didan arren, iritsi da unea non beste militantzia batzuei denbora gehiago eskaini nahi diedan. Alderdi komunikatiboan itsu-itsuan sinesten dut, baina orain kalean egon nahi dut ehuneko ehunean.