Langile bat hil da etxe baten estalkiaren konponketan ari zela. Portugaleten gertatu da aste honetako ezbeharra, baina interneteko bilatzailean “langilea”, “teilatua” eta “heriotza” jarriz gero, albiste-kate luzea azaltzen da gure begien aurrean. Hainbeste kasuk azaleratzen du eraikuntza bat egiteak ekartzen duen heriotz-arriskua eta eraikuntza sektoreak pairatzen duen lan-baldintzen prekarietatea.
Eraikuntzako hainbat lanek “kualifikatu gabeko esku-lana” eskatzen dute. Arkitekto batek sekula ez luke baieztapen hori babestuko, adreilu bat bata bestearen gainean jartzeak arte eta jakintza jakin bat eskatzen duela sinisten duelako, eusteko helburua duen paretari beste hainbeste zeregin eskatzen dizkiolako arkitektoak. Eraikitzaileak berriz, paretak buruhauste gutxien emango dion soluzioa nahi du, etorkizuneko arazoak ekiditeko eta diruz errentagarriena gertatuko zaiona bilatuz. Egia dena da, gure etxeak eta herriko eraikinak oraindik ere eskuekin egiten direla –makinariaren laguntzaz–, eta beraz eskuak dituen “edonork” burutu ditzakeela, baina batez ere, lan-baldintza gogorretan lan egiteko prestutasuna duen langileak egingo du, euriarekin, hotzarekin, eguzki azpian egitekoa baita. Eta kasu askotan, aldamiotik erortzeko arriskua hartuta.
Etxebizitza eraikuntza dirua ematen duen lana da gaur-gaurkoz, baina erantzukizun handiko lana ere bada. Arkitekto orok badakigu gure lanak ekar ditzakeen epaiketa arazoak, obraren eraikuntza prozesuan eta obra bukatutakoan ere bai. Segurantza zibilaz gain, eraikinen eraikuntzarako segurtasun neurrietarako dokumentu zehatz bat idazten da eta pertsona batek ziurtatu behar du betetzen dela. Hala ere, segurtasunean aurrezteko tentazioa handiegia da. Eraikitzailearen erru-zama kendu gabe, gizarteak eraikinak eta etxeak oso epe laburretan egiteko eskaera egiten du eta eraikuntzako lanen prezioak beti iruditzen zaizkigu garestiak. Merketzearen eta azkartasunaren balioa, batzuetan, langilearen bizitza da.