argia.eus
INPRIMATU
Ilargi argiaren itzala
Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2021eko abenduaren 02a
Argazkia: Ana Rio Taracido

Azaroko gau hotz hauetan Gasteizko kaleak ez ditu ilargiak argitu, Umbra argi festibaleko ikuskizunek baizik. Argi gutxiko egun labur hauetan argien artearen munduan barneratzeko aukera eman digu jaialdiak, izan ere, ikusleek esparru horretako azken adierazpen artistiko eta teknologikoen esperimentua bizi ahal izan dute.

Umbra jaialdia
Noiz: azaroak 12-13-14
Non: Gasteiz

Arte bisual digitaleko 19 ikuskizun bildu dituzte aurten, hiriburuko kale, enparantza, eliza eta eskulturetan. Erdigune historikoan oinarritutako edizio honek artelanak askotariko ibilbideen bidez ikusteko beta eman digu. Gasteizko Alde Zaharreko, hiriko hegoaldeko eta Zabalguneko eremuak hartu ditu antolakuntzak, espazioen artean tartea utziz. Neurri horiek ez dira bakarrik pandemiagatik hartu, baizik eta 2019ko lehenengo edizioan izan ziren hainbat eragozpen bideratzeko asmoz.

EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultatetik hasi, Arabako Arte Ederretako Museotik igaro eta Aihotz plazara arte luzatu da ibilbidea. Tartean, Villa Suso Jauregia, Erdi Aroko hozkailua, Santa Maria Katedrala eta Artium museoa hartu dituzte ikuskizunek. Argiekin batera musikak ere bere tokia izan du, adibidez, Miradas ikuskizunean. Espazio zehatzetara egokitutako proiektuak ere izan dira, hala nola Icesky izenekoa, zeina, modu poetiko eta sinple batean, zeruaren eta lurraren arteko erlazioaz mintzo den.

Argazkia: Ana Rio Taracido

Oraingo edizioan ere videomappingak edo eraikin zein hormetan egindako proiekzioak eta argizko eskulturak ikusgai egon dira. Gainera, bi nobedade aurkeztu dituzte: Andra Mari Zuriaren Plazan 360ºko instalazio bat, eta performance bisual bat margoa eta argia lantzen dituen artista batekin.

Orotara, jatorriko askotako 20 artistak parte hartu dute festibalean, hala nola, Tolouse, Montevideo, Buenos Aires, Belgrado eta Espainiako Estatutik etorritakoek. Aukeraketa bi konkurtso publikoren bidez egin dute eta xede nagusia argiaren hezkuntza bultzatzea izan da.

Instagrameko erabiltzaileek ulertzera eman dutenez arrakasta izan du 2021eko edizio honek. Erabiltzaileen storyek asteburu luze honetako ikuskizunak erakutsi dituzte, jaialdia bizitzeko eta ikusteko milaka ikuspuntu azaleratuz.

Argazkia: Ana Rio Taracido
Argazkia: Ana Rio Taracido