Gisèle Sergier, hogeita bi urte, kirrua, begi urdinak, luzea eta mehea. Politagoa ezin. Galdu du birjintasuna, baina ez zaio axola. Haurdun geratu da, abortatu egingo du. 1969an. Beti daki behar dena egiten Gisèle honek. Gisèle beste klase batekoa da. Ez alferrik, euskal nobelagintza modernoko lehen emakume protagonista dugu, Elsa Scheelenekin batera. Kurioski, atzerritarrak biak, ez euskaldunak, atzerrian kokatuta baitaude biak ala biak hartzen dituzten eleberriak. Inoiz ez dut jakin zergatik kokatu zuen Saizarbitoriak bere estreinako nobela Suitzan. Tira, badakit han idatzi zuela, Friburgen, soziologia ikasketak egiten zituen bitartean, eta imajinatzen dut zentsura pasatzen ere lagunduko zuela, halako gauzak, abortua eta, Suitzako neska baten larruan jartzeak. Eta gero, bada, Suitza, badakigu, politagoa ezin.
Kontatu izan ditu Suitzako gauza batzuk, ordea, Saizarbitoriak. Suitzatik eskualde bakarra ezagutu zuela, adibidez. Egin zituen lagunak Suitza italiarrekoak zirela, “geure antzekoenak zirelako”. Eta aspertuta zeudela hainbeste txukuntasunez: “Gu, geureaz harro; eta beroiek, berriz, beren gizarte oparoaz nazkatuta, aberatsak, txukunak, libreak eta ongi zainduak izatearen kontzientzia txarrarekin”. Kontatu dituen artean maiteena, aldiz, hauxe: han euskaldunok, beti egiten ohi dugun eran, elkarrekin eta elkarren ondoan ibiltzen zirela, Mikel Lasa, Rafa Egiguren, beti herriminez, beti Euskal Herriari begira. Halako batean agertu zitzaien Matxain izeneko bat, gaintzarra, iheslaria. Eta guztiona zen herriminak jota bizitzea, baina azken horrena bezalakorik ez da ezagutu: Norbaitekin topo egiten zuenean Tu connais Gaintza? galdetzen zion, eta, noski, ezetz erantzuten zioten. Orduan berak: C’est très joli. Ez dut ukatuko nik Gaintza ezin politagoa denik, baina zalantza gehiago daukat etengabe atzera, etengabe etxera, etengabe utzi duzunari begira egote hori, beti penetan, izan daitekeen osasungarri.