argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz jardutea periferikoa da
Arkaitz Zarraga Azumendi @azarramendi 2021eko abenduaren 02a

Bilboko Podemoseko kide batek, euskal identitatearen aldarria “supremacismoarekin” lotu zuen,  burgesiarekin, talde pribilegiatua garela, alegia. Eta pribilegiatu garen aldetik, mehatxutzat ikusten omen ditugu, emakumeen ahalduntzea, etorkinek dakarten hizkuntza aniztasuna edota askatasun sexuala. Jakina, munduko herritar horrek (ez txiroa, ez etorkina, ez emakumea eta binarioa) ez du arazorik bere identitatearekin. Ez du bizipen negatiborik egunerokoan berak ohi duen hizkuntzan aritzeko.Baina  euskaldunon arazoak ez daude identitateari lotuta, jarduteari lotuta baizik. Hau da, arazoak euskaldun moduan jokatu nahi dugunean sortzen zaizkigu, bizipenei lotuta. Horretan berdintzen gara gu periferiako talde edo kolektiboekin.

"Arazoak euskaldun moduan jokatu nahi dugunean sortzen zaizkigu, bizipenei lotuta. Horretan berdintzen gara gu periferiako talde edo kolektiboekin"

Emakumeek, adibidez, edozein enpresatan lan egiteko aukera dute. Arazoa sortzen da gizonezkoen moduan jokatzeko eskubidea aldarrikatzen dutenean, gizonezkoek burutzen dituzten postu eta baldintzetan aritu nahi dutenean.

Pertsona ez binarioek ezkontzeko eskubidea eskuratu dute, baina oraindik ere askori gogorra egiten zaie familiaren edo lagunen aurrean diren modukoak agertzea. Eta leku askotan arriskutsua izan daiteke bikoteari muxu eman edo eskutik helduta ibiltzea. Bizipenak.

Pertsona transexualek onartuta dituzte izen aldaketa edota genitalen ebakuntza. Arazoa dute gizartean ezarritako arau hegemonikoez gaindi, diren moduan libre agertu eta horrela jokatu nahi dutenean. Ez dira gutxi pasatu behar dituzten egoerak, medikuarenean, eskolan, lantokian, aisialdian...

Euskaldunok eskubidea dugu administraziorekin euskaraz aritzeko, baina mozal legera ezartzerainokoak paira ditzakegu poliziari euskaraz artatzeko eskatuz gero. Edozein enpresatan edo administraziotan lan egiteko eskubidea dugu, eta gure erabiltzaile edo bezero batekin euskaraz aritu beharra dagoenean, hortxe gaude gu horretarako. Arazoak sortzen dira, ordea, nagusiekin edo departamentuko bilera batean euskaraz aritu nahi dugunean. Aukera dugu kultura kontsumitzeko, baina zinemen karteldegian pelikulen %1 baino ez dugu topatzen. Inguru askotan lagun-taldean, gaztelaniaz hitz egiteko arau hegemonikoaren aurrean “vas de guay” entzun behar izatea ere ez da erraza izan behar.

Izan ere, hegemonikoa dena ez da euskaraz bizitzea, gaztelaniaz baizik. Baina periferiko izate hori errebelde izateko pribilegio moduan baliatuko bagenu, sinergiak bilatuko bagenitu... Etorkinen hizkuntzak balioan jarriko bagenitu...Garai bateko indarra berreskuratzeko urratsak emango genituzke euskalgintzan.