argia.eus
INPRIMATU
Arras Hasier
Igor Estankona 2021eko abenduaren 03a
Ihes baten lausoa | Hasier Larretxea | Balea zuria, 2021.

Erretrobisorera kiribildutako/ arrosarioa da iragana”. Eta ez dakigu zer gertatu zaion Hasier Larretxeari, igual gertatu zaio gertatu zaizkiola bizitzak aurrera egin ahala gertatu ohi zaizkigun gauzak. Baina berak eder eta erromantiko jartzen ditu bertsoak: “Erretrobisorera kiribildutako/ arrosarioa da iragana”.

Osaba Donatoren aizkora bezain zorrotza eta sugea bezain azkarra bere luma, biziki maite eta gorroto genuen guk Hasier Larretxea probokatzailea eta heterodoxoa. Gure poeta euskaldunen artean euskaldunena bera ez bazen, bere edizio elebidun horiekin…

Oraingoan, ostera, arean ezkutatu da Ihes baten lausoa arrunt lauso honetan (Balea Zuria, 2021), arean ezkutatu da agertzeko, oroitzeko, altzora itzultzeko: “Ahanzturaren udaberriko itzalpean/ hamarkadetan entzun ez den/ xuxurla baino ez gara.// Mizpiraren erorketa,/ salbamenik gabea”.

Liburua nahasi xamar hasten da, nora gabe antzean, zezelka eginez atrebitzen ez denak bezala. Gero ohartzen da bat ez dela erraza bakeak egitea gure irudi propioarekin, lehenengoz zauritu gintuzten haien abizenekin: “Txori hegal zaurituak/ ezin du…”. Eta elur-argia bezain liluragarri agertzen da gero testu biografiko hau hasieran, badiotsuet, gogor egin zaidana eta azkenean konbentzitu eta are gatibatu egin nauena: dena zuri, dena hotz, batzuetan hitz bakar bat, abesti bat entzuteko gonbita. Edo argazki bat osterantzean. Edo are sekula hartu ez zen argazki hura. Atera ziren argazki guztiak baino garden eta argiago ageri baitira orain, urteak igarota, jauregiak eta landa berdeak gure begien parean.

Ez da konplikazio bat Larretxearen diskurtsoa. Kontrara, nahasi egiten zaitu bere kontuetan, bere imajinetan. Ezin baita beste modu batera adierazi Ihes baten lausoa. Lizuna eta lohia da eskuekin lehenaldiko idealizazioak ukitzen dituenean –uharka bat, iratze metak–, eta ederra eta mistikoa ere bai uneka heriotza saihetsezinetik bizitzari kantatzean; “idazketa bada garbiketa modu bat”. Izan ere, izan ginelako gara, eta halako batean izateari utzi geniolako lortu dugu bizirik jarraitzea oraino, lurretik goratzea artea eta poesia, gero berriro ezinbestean lurrera itzultzeko.