Santi Cobos Fernándezek (Leon, Gaztela, 1968) 25 urte eman ditu preso, bere bizitzaren erdia. Erreformatorioa, adingabeentzako espetxea, adin nagusientzakoa. Urterik gehienak FIES preso bezala sailkatuta, muturreko isolamendu eta tratu txar baldintzetan. Bere bizipenak Txori urdinak liburuan jaso ditu ARGIAko kazetari Zigor Olabarriak, espetxe sistema eta zigorraren kultura jo-puntuan dituen kontakizuna osatzeko.
Hainbat alditan saiatu da ihes egiten Cobos: atetik, murrutik, teilatutik, epaitegitik, espetxezainak edo poliziak bahituta. Bidean adiskidetasun handia egin du euskal preso politikoekin, irakurlea jabetuko denez. 2011n baldintzapeko askatasunean irten zen, baina 2021eko ekainean espetxeratu zuten berriro, taberna baten kanpoaldean izandako ezusteko liskar baten ondorioz. Espetxeko bizipenak lehen pertsonan kontatu ditu ARGIAk plazaratutako liburuan.
Santi Cobosen bizipenetatik abiatuta, espetxe sistemaren erretratu gordina egiten du liburuak.
Hain justu, Santi Cobosek kartzelan bizi izandakoak oinarri hartuta, espetxe sistemaren inguruko hausnarketak biltzea zen nire asmoa, beharrezkoa ikusten baitut gaiaren bueltan gehiago sakontzea. Salhaketa elkartean eta euskal preso politikoen aldeko elkarteetan aritu naiz lanean, gaiaren inguruan badut nolabaiteko sentsibilitatea. Beti sentitu izan dut preso sozialen eta politikoen arteko zubiak edo harremanak behar baino txikiagoak zirela, edo ez direla azaleratu. Zubi horiez ere hitz egin du Cobosek liburuan.
Preso sozial eta politikoak aipatu dituzu. Gurean, ziurrenik, ezagunagoak dira bigarren horien bizipen eta aldarrikapenak.
Hala da. Euskal Herrian espetxea oso presente dago, baina gehienetan ari gara preso politikoak barnebiltzen dituenaz, “gure espetxea” dei dakiokeen horri buruz. Preso “arrunten” eta “sozialen” errealitatea ez da hain ezaguna. “Preso sozial” terminoa 1980ko hamarkadan sortu zuen Espainiako Estatuko COPEL presoen kolektiboak, “preso arrunt” termino despolitizatua gainditzeko. “Preso sozialak gara, gu kartzelan egoteak jatorri soziala du”, zioten. Zentzu politikoa eman zioten preso egoteari. Denbora pasa da ordutik, baina oraindik ere badago nolabaiteko sentsibilitate falta espetxean dagoen jendearekiko, egin duen delitua eginda ere. Espetxea da pertsonak txikitzeko zentro bat.
Liburuaren hasieran, hain justu, bere jatorriaz mintzo da Cobos.
Parte horrek laguntzen du, batetik, Santi nor den ikusarazten. Bestetik, badira beste preso sozial batzuen bizipenak jaso dituzten liburuak, Xosé Tarrío galiziarraren Huye, hombre, huye eta Ángel ‘Patxi’ Zamoro katalanaren A ambos lados del muro esaterako, horiek ere FIESak izandakoak, ihesaldiak eta mutinak egindakoak, funtzionario eta epaileak bahitu dituztenak eta kartzelaldi oso gogorrak bizitakoak; adierazgarria da guztiak direla gizarte klase apalekoak. Espetxe sistema ulertzeko, hori kontatzea funtsezkoa zen.
Kartzelaldi gogorrak jasan dituztela esan duzu, baita Cobosek ere...
Bere historia pertsonala, historia kolektibo baten parte da. 1990eko hamarkadaren hasieran, hartu zituzten 60-80 preso inguru, bereziki liskartsuak zirenak, ihesaldiak edo mutinak antolatu zituztenak, eta hainbat neurri ezarri zizkieten. Horiek dira FIES bezala ezagutzen direnak, nahiz eta FIES juridikoki beste zerbait izan. Isolamendu lazgarria eta tortura izugarriak jasan zituzten. Gehienak espetxean bertan hil dira gaixo, ero edo beren buruaz beste eginda. Sentsazioa dut bizirik iraun dutenak izan direla gehien politizatu direnak, jasandakoari zergati politiko bat bilatu diotenak. Hor koka dezakegu Santi. Horren harira, kontatzen du preso politikoekin egin duen harremanak lagundu diola instintiboki bizi zuenari azalpen politikoa ematen. Konturatu zen bizitzen ari zenak bazuela esfera ez hain pertsonal bat, sozio-politikoa baizik.
Deigarria da zein inpunitate duten espetxe-sistema betikotzen dutenek, presoei sekulakoak eginda ere.
Hainbat presorekin hitz egin izan dut gaiaren bueltan, ezagutzen nituen historia oso gordinak, baina Santi hasi zitzaidanean kontatzen adingabeen kartzelan, isolamenduan edo erreformatorioan bizitakoak... tripak nahasten zizkidan. Funtzionarioen artean-eta badira salbuespenak, eta berak aitortza egiten die liburuan, baina... Begira medikuak ere, nola bihurtzen diren sistemaren parte. Eta Santik, uneoro biktima bezala agertu gabe, kontatzen ditu berak egindakoak ere, eragindako mina, baina era berean zera dio liburuan: “Nik askatasuna lortzeko egiten nuen hori guztia. Eta bestetik, nik esaten nien funtzionarioei, nik egindakoak, ihesaldi saiakerak, bahiketak, mutinak... horiek guztiak ordaintzen ari nintzela, baina nik sufritutako tortura eta tratu txarrengatik, medikuek esatea funtzionarioei ni hil gabe nola kolpatu... horrelakoengatik inork ez duela ordaintzen”. Sistemaren logika hori da.
Liburua errematatzeko kartzelara joan behar izan duzu Cobos bisitatzera.
Bai, elkarrizketa gehienak bera kalean zegoela grabatu genituen, 2020ko udazkenean, baina pasa den ekainean espetxean sartu zuten berriro ustekabean. Valentzian lehenengo, Zaballan orain, bisita parea egin diot, eta gutunak trukatu ditugu liburuaren eta aurkezpenaren inguruko xehetasunak adosteko.
Birgizarteratzea omen helburu.
Espetxearen diskurtsoan maiz agertzen da hitz hori, bere izatea justifikatzeko. Zigorraz hitz egiten da, baina esaten digute delitua egin duenak gizarteratze arazo bat duela, ez dituela jendartearen kodeak ulertzen edo onartzen, ez dagoela integratua, izan drogengatik, diru kontuengatik edo izan jendartearekin bat ez datozen baloreak dituelako. Oso kontraesankorra da planteamendua bera, zeren eta esaten duzu pertsona batek gizarteratze arazoak dituela, eta era berean zigor moduan jendartetik isolatzen duzu. Sartzen duzu espazio batean non bizitzeko arauak kanpokoen erabat kontrakoak diren, zeinak infantilizatu egiten zaituen. Zenbat eta jendarteratze arazo handiagoa, zigor handiagoa, jendartetik kanpo denbora gehiago. Teorian birgizarteratzea du helburu, baina kontrakoa gertatzen da. Ekonomikoki zaurgarriago uzten zaitu, mozten dizkizu harremanak familiarekin, lagunekin... Zentzugabea da. Jende gehienak onartzen du kartzela kartzela denetik porrot bat dela birgizarteratzeari edota delituak berriro ez egiteari dagokionez, baina inork ez du auzitan jartzen.
Cobosek liburuan kontatzen dituen bizipen batzuk aletzearren, film batetik ateratakoak dirudite ihesaldiek, jasandako torturek...
Liburuan, batetik, kontatzen ditu gauza oso deigarriak, ikusgarriak. Niretzat, adingabeen garaia, erreformatorioa, modulu psikiatrikoa... hori guztia beldurgarria da. Edo Zamorako funtzionarioa bahitu zutenekoa ihes egiteko, Gijongo epaitegian tiroketa (non polizia bat hil zuten, eta poliziek haiek zauritu zituzten)...
Badira pasarte oso odoltsuak, nolabait esatearren, jasaten dituen tortura eta tratu txarrak astakeria dira. Horiez guztiez gain, kontatzen du zer den FIES fitxategia, zer den egunak pasatzea isolamenduan, patio ordurik gabe... Baita ere, espetxetik irteteko unea iristen denean, presoak biziraun ahal izateko bere egin dituen biolentzia-gorroto erreminta horiek alboratzeko egin beharreko prozesua nolakoa den; edo umore ukituko beste batzuk, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal batekin izan zuen solasaldia kasu. Zelula anarkista bat osatzea leporatu zieten Cobosi eta beste kide bati, ez hanka ez buru, fiskalarekin duen elkarrizketa surrealista da erabat. Hausnarketarako lekua ere badago liburuan, ez soilik diskurtso politiko jasoarekin, baizik eta zer gertatzen den kartzelan sexualitatearekin, zentzumenekin, sentimenduekin...
Espetxe barruan bizirauteko, “ehizaki ez baizik eta predatzaile izan behar du presoak”.
Hori dio berak, edo ehizakia zara, edo predatzailea. Batetik, demostratu behar duzu predatzailea zarela, inork zure aurka ez egiteko. Baina bestetik, horrek –eta jipoiek, bakartzeak...– gorrotoa pizten du zugan, eramaten zaitu biolentzia helduleku bezala hartzera, eta ahalegindu behar duzu horretara ez mugatzen, kideen arteko elkartasunari eta balore batzuei eusten, samur jokatzen... espetxearen produktu ez bihurtzeko. Tentsio horrekin du lotura Txori urdinak tituluak, elkarrizketa batean errezitatu zidan Bukowskiren poema batetik hartua: nola gogortu biziraun ahal izateko, aldi berean samurtasunari uko egin gabe.
Baina espetxea gizartearen isla besterik ez da, muturragokoa baina fidela. Ehizaki edo predatzaile izatea, egunerokotasuna bizigarri egiteko pobreziaren edo injustiziaren aurrean sentsibilitatea kamustu beharra, gorrotoa eta biolentzia baliatzea, goikoaren aurka egin ordez ondokoaren aurka egitea... Kalean aske –edo, Sarrik zioen moduan, kartzela handian– bizi garenok ere jarrera “adaptatibo” berberak ditugu, ez dezagun pentsatu presoak baino hobeagoak garenik. Interesgarria litzateke Santiren lekukotasuna ispilu baten gisara irakurtzea.
Kartzelan kontsumitzen den droga legalen kopuru handiaz luze hitz egiten du.
Nik preso askori entzun diot zelda bakoitzean telebista sartzea eta droga legalen kontsumoa bultzatzea (Trankimazin-eta) izan zela haien arteko zaintza edo elkartasuna deuseztatu eta gatazkak desagerrarazteko modua.
Otxoa de Retana eta Gorka Lazkano preso politiko ohiek idatzi dute hitzaurrea, Salhaketak hitzostea... Liburu hein batean kolektiboa da, protagonista nagusia Santi Cobos den arren.
Santiren baloreetako bat den heinean, polita iruditzen zitzaidan preso politikoen eta sozialen arteko zubi modukoa osatzea. Gainera, niri, pertsonalki, erdigunean espetxea dagoenez, ilusio berezia egiten zidan espetxetik sortua izateak. Horregatik ekarri dugu liburura Itziar Moreno presoak egindako ilustrazioa ere. Nire lana izan da Santiren ahotsa ordenatzea. Askotan gertatzen da hitz egiten dugula zuriok arrazializatuen inguruan, gizonok emakumeen inguruan... eta kasu honetan, kalean gaudenok espetxeaz. Hori ahal bezainbat saihestu nahi nuen.
Zigor Olabarria Oleaga
(Elkarrizketa hau gutun bidez egina dago, Santi Cobosek Zigor Olabarriaren galderak erantzun ditu Zaballatik azaroa hasieran)
Lehenago ere proposatu izan dizute liburu batean zure bizitzaren gorabeherak jasotzea. Zergatik orain? Zein da zure motibazioa?
Bai, hainbat aldiz proposatu didate. Baiezkoa emateko arrazoi nagusietako ba izan da grabatutako elkarrizketen bidez egiteko aukera –zure martiriorako, dena entzun eta transkribatu behar izan duzu-eta–. Espetxealdiaren hamabosgarren urtetik aurrera, asko eta asko idatzi ostean, boligrafoari ezinikusia hartzen hasi nintzaion, eta egia esan oraindik ere ez naiz berradiskidetu berarekin.
Barrenak husteko beharra eta desioa dut, espetxe-sistemaren mozala hainbeste urtetan jantzita izan ondoren. Liburuan salatzen ditudan gauzetako asko epaitegietan azaldu eta salatu nituen aspaldi, asko artxibatu egin zituzten inor zigortu gabe, gehienetan erantzunik ere ez nuen jaso. Beren bizipenak liburura eraman dituzten kide presoen zerrendari ekarpena egin nahi izan diot. Liburu horiek irakurrita argi geratzen da presondegiak ez direla beren kudeatzaileek saltzen diguten bost izarreko hotelak.
Espetxeaz eta bizitakoaz hitz egin izan didazu gorrotoz eta gordin, baina baita umorez ere, edota hausnarketa sozial eta politikoak eginez...
Azken batean espetxea ez baita ideien mundua, bizitza errealitate bat baizik, nire kasuan urte askotakoa, eta horrek bizipen asko eta askotarikoetarako ematen du. Zenbait presorentzat espetxeak nik ematen diodanaren oso bestelako zentzua du. Sinesteko zaila eman dezake, baina espetxeak ohiturak eta “erosotasunak” sortu ditzake ere. Tamalez edo zorionez, ez naiz horrela bizitzeko gai izan inoiz, eta garesti ordaindu dut.
Gaztelako Leon hirian jaio zinen. Zein da zure lotura Euskal Herriarekin?
Kariño handikoa. Euskal preso politikoekin adiskidetasuna egin nuen espetxean. Behin kalean, beste toki askotan aurkitzen zailak diren kariñoa eta ulerkortasuna jaso ditut hemen. Preso egon izanaren estigma oso erreala da, baina Euskal Herrian, kontrara, lagundua eta babestua sentitu naiz. Nire lur kuttuna da, ondo sentiarazten nau, lagunak ditut bertan, bereziki Gasteizen. Horregatik ere beren hizkuntza ikasi nahia.
Zure bizitza kontatzeaz harago espetxe-sistemaren inguruan hausnarketa bultzatu nahi duzu liburuarekin. Horregatik nahi zenuen ere EAEk espetxeen transferentzia jaso duen testuinguru honetan argitaratzea. Hobekuntzarik espero duzu? Bada alternatibarik espetxeari?
Egia esan, eta esamesak gorabehera, ez dut aldaketa esanguratsurik espero. Espetxean eskubideak murrizteko orduan dagoen erregulazio faltak asko arduratzen nau. Ikusten ari naizenez, COVID-19a txeke zuria bilakatu da hemen bizitzera behartuta gaudenoi dauzkagun eskubide gutxiak are gehiago murrizteko. Ea behintzat hori guztia nolabait konpentsatzen den baimenak, baldintzapeko askatasunak edo hirugarren graduak gehiago sustatuz.
Liburuaren protagonista zara, baina ezin izango zara aurkezpenean fisikoki egon. Pena ematen dizu?
Egia esan amorru handia ematen dit, besteren artean bertan egongo nintzela uste nuelako, eta ez hemen giltzapetuta. Exijitzen dut, hori bai, egiten den guztia mahats eta garagar zukuz eta jaki egokiz lagunduta egotea. Eta eguna ez baliatzea ni gabe orgia gogoangarri bat egiteko –nahiz eta, Euskal Herrian izanik...–. Elkartasun besarkada estua guztientzat, osasuna eta askatasuna!
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]