argia.eus
INPRIMATU
Prest al gara?
Itxaro Borda 2021eko azaroaren 25a

Ez dugu erraten ahal Glasgowko COP 26 gailurraren berririk ukan ez dugula: euskal kazetariak han ziren eta bertan nabaritu den tentsioaren neurria ederki partekatu dute gurekin. Eskerrak eman behar dizkiegu. Baina meza kantatu erraldoia ehorzketa baten parekoa izan dela ezin uka, bereziki aldaketa klimatikoaren ondorioak jada pairatzen dituzten herrialdeentzat, Artikako bankisatik Tuvaluko uharteetaraino. Mende hau finitzerakoan, dauden banabesteko tenperaturak, beraz, bi graduz bederen emendatuko dira.
Azken txostena izenpetu duten 200 estatuek ez dute urrats askorik egin, ez dutelako herritarra bere kontsumitzaile konfort-gunetik ateratzeko xederik: autoaren erabilpena drastikoki murriztea aipatzen baldin badute, jendeak oldartuko zaizkie, duela bi urteko Frantziako gilets jaunes haien gisara. Bernard Charbonneau handiak, alor horretan jende arrunten eta neo-kapitalisten interesek bat egingo zutela iragarria zuen, eta hori da ikusten ari garena.

Galdera hauxe liteke: prest al gara petrolioz, lur arraroz eta elektrika nuklearrez hazi bizimodu post-industrial honi uko egiteko?