Akaso ez al da egia merketinak sarritan dakarkigun mezuak gezurretik gehiago/gehiegi duela? Eta hori hala izanik ere, legea ez dela justizia bihurtzen, ahal guztidunak ahal gutxidunen kontura, hitz jokoak baliatuz, iruzur egiten ari diren arren?
Auskalo egunean zenbat aldiz irakurtzen edo entzuten dugun: “Zure segurtasuna zaintzen dugu”; “Elkarrizketa hau grabatu egingo dugula jakinarazten dizugu, baina aipatu zereginetarako bakarrik erabiliko dugu”; “Zure telefono zenbakia ausaz aukeratu dugu galdeketa arin bat egiteko… Nongoa zara? Ze ikasketa dituzu? Lanbidea? Nork du etxeko ardura? Lanak erdibana egiten al dituzue?… Nori eman zenion botoa hauteskundeetan? Datozenetan nori eman asmo?”; “Zure atsedena eta ardura gure esku. Utzi zure adinekoen zaintza eta zama gure eskuetan”; “Telefonia konpainiatik deitzen dizut eta beste edozein konpainiak baino merkeago egingo dizugu”.
"Badakit baratzeetan darabiltzagun zenbait produktu ez direla hain bio, baina
ez gaitu salbatuko energia nuklearra berdea dela dioen merketinak"
Telefono konpainiak, aseguru etxeak… hasita daude bezeroari urtero joateko beren bulegora esaten eta saiatzeko urteko kuota merkatzeko ahaleginean. “Baina hori egingo didazu ni joan beharrik gabe, ezta? Ni betiko bezeroa nauzu!”; “Bai, baina etorri hala ere, bestela agian ezingo dizut merkatu…”; “Zer da hau? Nik ez dut merkeago ezer nahi, horrek esan nahi baitu benetan dagokiona baino gehiago kobratzen ari zaizkidala! Esan kosta-prezioa eta horri eutsi ahal den bitartean…”.
Ulertzen dut bezeroak erakartzeko eskaintza ezohikoak egiteko beharra ere: egunkariak Errioxako ardoa saltzen edo, auzolanean euskararen alde, Nafarroako Erriberako baratze produktuak eskaintzen… onartzen dut; eta muinean, ekintza hauekin lehen baino hobeto zaintzen direlakoan nago ingurumena eta inguru horietako herritarrak. Munduko beste puntatik ekartzeak kutsatzen duena saihesteko beharra ere hor baitago!
Entresaka
Bizi nahi dut baserrikoa kontsumituz, jarritako prezioan, eta kilo bat sagar erosten badut eta ale bat gehiago eransten badio baserritarrak, biok irabazten dugula eta hurrengoan ere berari erostea nahi duela ulertuko dut. Badakit baratzeetan darabiltzagun zenbait produktu ez direla hain bio, baina ez gaitu salbatuko energia nuklearra berdea dela dioen merketinak, ezta gure dirua jaso eta xentimorik itzuli gabe irabazi galantak dituzten bankuek ere… Eta herrira presaka, galduta iristen diren pakete garraiolariak zer, zeinek sortu ditu?