argia.eus
INPRIMATU
Amets bustiak eta txakur ametsak
Sonia González @sonetska 2021eko azaroaren 25

Badirudi multinazionalek, lobbyek eta think tank-ek, klima aldaketa ukatzeko hainbat eta hainbat milioi gastatu ostean (BP, Exxon, FAES, Google…),azkenik konturatu direla negozio handia ere ukatzen ari zirela horrela. Beharra bertute bihurtzearen abantailak. Administrazio kontseiluetan imajinatzen ditut, lukurreru keinuz eskuak igurzten, pozarren, gobernuek egin behar omen duten eta sano ordainduko duten (dugun) zorioneko trantsizio energetikoarekin ametsetan. Negazionismotik negozionismora. Baina amets bustiak eta txakur ametsak bat eta bera dira sarri.

Auto elektrikoez eta energia berriztagarriez nahi besteko berba egin genezake, baina famatutako trantsizio energetikoak lehengai eskas gehiegi ditu beharrezko. Bateriek kobalto, litio, manganeso eta nikela behar dute; LED-ek, galio eta indioa; eguzki panel berriek, kadmio teluluroa… Wood Mackenzie energia arloko aholkularitza-enpresaren kalkuluen arabera, beroketari 2 gradutan eusteko, zera behar da: 19 milioi tona kobre gehiago urtean (%60 gehiago); %30 gehiago aluminioaren ekoizpenean; nikela, %50 gehiago; litioa, %140 gehiago; kobaltoa, %150 gehiago eta abar. Hori guztia ekoizpenak eta kontsumoak gaurko mailetan jarrai dezaten.

"Energia berriztagarriez nahi besteko berba egin genezake, baina famatutako trantsizio energetikoak lehengai eskas gehiegi ditu beharrezko"

Gakoa horixe da, hain zuzen, lehentasuna hona ekarri gaituen sistemari eustea den bitartean, gehien errepikatzen den berba “garapena” den bitartean, “jasangarri” abizen-apaingarriarekin bada ere, prokastinazioan tematzen diren bitartean, gureak egin du.
Etorkizuna heldu da. Zin egin diguten trantsizio energetikorako lehengai nahikorik ez ei dago mehatzetan. Eta mehatz berririk topatzeko eta ustiatzeko ere, pare bat hamarkada beharko lirateke. Errealitate setatiaren aurrean, pentsamendu magikoa: “Teknologiak salbatuko gaitu”. Egin otoitz jainko berriari eta bere trajedun ordezkari lurtarrei.

IPCCkoek ondo ezagutzen dituzte entzungor egiten dieten ordezkari politiko-ekonomikoak. Horregatik filtratu zuten txostena eta azaldu zuten bilorik gabe ahoan: edo ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzen dugu edo ez da etorkizunik gizateriarentzat. Erabaki hori hartzen ez den bitartean, sinatzen den paper bakoitza heriotza-zigorren sinadura izango da.

Bestelako tenperatura batzuk ez bezala, enpresek tenperatura soziala neurtzea gustuko dute. Hala, esaterako, Salesforce aholkularitza-enpresak egindako inkestaren arabera, herritarren %73ak uste du premiazkoa dela paradigma ekonomikoa aldatzea. Jadanik ez da antikapitalisten edo deshazkunde taldeen aldarrikapena. Ez da harritzekoa enpresa handien aldetik inoiz baino ordezkari gehiago joan izana oraingo gailurrera, Arantxa Tapia tartean. Santa Teresaren testuetatik ez dago garapen ekonomikoa eta ingurumena bateratzea baino oximoron handiagorik.

Urte bi luze dira Urkulluk klima larrialdia deklaratu zuela. Alferrikakoa izan zen orduan deklarazio hartan neurririk topatzea. Ez zen bere helburua, baina. Egun hartan “estrategia” abiarazteko pistola-tiroa bota zen. Eta, honezkero, beste akordio batzuekin batera, badaukagu Basque Green Deal, 14 enpresa handi eta multinazionalekin lotutako aliantza. PNV akordioaren bere partea betetzen ari da: interes ekonomikoei oztopoak kendu. Honen aplikazio praktiko moduan, besteak beste, Interes Publiko Goreneko Proiektuak, enpresek azpiegitura handiak (zabortegiak, errauste plantak, frakinga edo nahi duten edozer) edonoren eta edozeren gainetik burutu ahal izango dituztela bermatzeko. Eusko Jaurlaritzak ez du atzean presio lobbyrik behar, eurak dira Parkaren lobbya.