argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Zentsura algoritmikoaren garapena
  • Azaro hasieran 24/2021 errege dekretua atera zen, Europako Merkatu Digital Bakarreko egileen eskubideei lotua. Ez naiz legeetan aditua, beraz gai hau nire hizkuntzan eta ulermen gaitasunetara itzuli dut eta zenbait hausnarketa partekatu nahi ditut zuekin.

Diana Franco Eguren 2021eko azaroaren 16a

Lege honen bidez, plataformak bitartekari izatetik igaroko dira euren sistemetan dauden edukien erantzule izatera. Beraz, egile eskubideen jabeak diren pertsonak edo erakundeak babestu behar dituzte plataformek, eta ezin dute baimendu eskubide hauek urratzen dituzten edukiak igotzea edo zuzeneko emisioak egitea. Lege zigorra izan dezakete horiek kontuan hartzen ez dituztenek.

Legeak alde onak eta txarrak ditu. Noretzat da kaltegarria? Epe laburrean plataforma handientzako, euren negozio eredua sustatzeko boterea galtzen dutelako. Epe laburrean, baita plataformen baitan eta eduki hauen inguruan euren bizimodua sortu duten pertsonentzat ere. Epe ertainean, denontzat, zentsura algoritmikoa garatzen den heinean.

Norentzako da onuragarria lege hau? Epe laburrean, edukien jabeentzako –askotan egileak ez direnak–. Beharbada denborarekin egileentzako negozio eredu berriak sustatzeko bideak esploratu ditzaketelako.

Lortu ahal izango genuke emaitza bera zentsura algoritmikoa garatu barik, eta egun euren bizimodua besteen edukia erabilita ekintzaile horiei kalte egin barik?

Ez naiz algoritmoetan aditua, baina zentsura algoritmikoa egin badaiteke, zergatik ez garatu ordainketa algoritmikoa? Jarom Lanier-eri askotan entzun diot ideia hori. Plataforma handiak izan beharko liratekeela ordainketa egin beharko luketenak, azken finean eurak baitira edukietatik onura gehien lortzen dutenak.