Mikel Ibarguren, Edurne Azkarate eta Intza Alkain dira Formol Laborategiko kideak. Haien belaunaldiari buruzko Album antzezlana estreinatu berri dute Azpeitiko Antzerki Topaketetan, eta beste hamaika emanaldi iragarri dituzte dagoeneko. Zintzotasun ariketa bat egin dute, geruzak kenduz muinera heltzekoa, hortik egiteko haien kontakizuna, nahi duten eran ikertzeko gure izana eta nahi duten eran esateko esateko dutena.
Aulestiko ADEL ArteDrama Euskal Laborategia urteroko zita da antzerkizaleentzat. Jendea ezagutzeko eta gauzak martxan jartzeko lapiko aproposa, Edurne Azkarate Sobrinok (Oion, 1993) dioenez. 2019ko topaketetan antzokian sartzeko ilara egiten ari zirela joan zitzaion Mikel Ibarguren Egibar (Zestoa, 1995), zerbait egin behar zutela esanez. Ibargurenek eta Azkaratek lehenagotik ezagutzen zuten elkar, Kamikaz Kolektiboaren Käffka antzezlanean aritu ziren elkarrekin. ADELen ezagutu zuten Intza Alkain Ibarguren (Lasarte-Oria, 1995). Hari egin zioten zerbait horren parte izateko proposamena, topaketetan eskuratutako e-posta helbidera idatzita. Hirurek zuten zerbait sortzeko gogoa. Azkaratek zuzendari lanetan aritu nahi zuen, esaterako. Gogoa eta grina edukita ere ez da erraza elkartzeko unea eta modua topatzea. Aulestiko aitzakiari tiraka topatu zuten.
Donostiako Tabakaleran elkartu ziren lehen aldiz, eta asanbladak izan ziren lehen bilerak. Asanbladak erabakitzeko zer egin nahi zuten, nola egin nahi zuten. Zerotik hasten ari ziren, eta bide guztiak zabalik zeuzkaten. Estetikan eta kodeetan bazuten adostasuna, baina gaia falta zitzaien. Gazteen inguruan asko hitz egiten dela, orain millennial etiketa ere erabiltzen dela, haien belaunaldiaren inguruko gogoetetan topatu zuten esan nahi zutena. Hiru gazte prekariok haien kontakizuna haien ahotsetik kontatu nahi dute lehen antzezlanean. Ez dute, hala ere, belaunaldi osoaren bozeramaile izan nahi. Horregatik, pertsonaletik ari dira, haienetik.
Lehenago zeukaten erabakita lehen antzezlana bilakatuko zenaren izenburua taldearena baino. Asko ziren aukerak: Millennials, Matxura, MDMA, Formol... Elkartea formalizatzeko garaia heltzean zirt edo zart egin behar eta Formol izan zen bozkatuena. Zentzua hartu du, ordea. Ez zioten “ekoiztetxe” edo “antzerki konpainia” abizena jarri nahi, hortik Formol Laborategia.
Elkartu eta berehala hasi ziren lanean. Lehen aldiz zerbait esateko aukera ere bada, nahi dutena eta nahi duten eran esatekoa: “Nabaritu da mikroa jarri eta botaka egiteko beharra”. Horretarako baliagarria izan da sortze-prozesua. Sakontasunera jo dute, horretarako borondateari eta arakatu nahiari jarraituz. Enpresa batek daukan ekoizteko beharra ez dute izan Formolen. Beste lan batzuetan ere ari dira aldi berean, eta nahi dutena egiteko plataforma da, presiorik gabe. Ekoizpenari dagokionez, makineria industrial hori mantentzeko beharrik ez badute ere, egiten ari direna profesionalizatu nahi dute. Sare bat osatu dute haien inguruan, helburuetako bat baita jendeari lana ematea eta ordaintzea, eta gustuko dituzten artistekin harremanak egitea.
Denbora eta espazioa
Formol Laborategia sortu zuten urte berean Gasteizko udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuak eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako Gasteizko Gazte Sortzaileak Beka jaso zuten. Horrela sortu zuten Maketa (2020) pieza laburra, Album antzezlanaren aurrekaria. Metrokoadroka Sormen Laborategiak lagunduta garatu zuten.
2020ko apirilean aurkeztu behar zuten Maketa. Covid-19aren pandemiak eta hari aurre egiteko neurriek bertan behera utzi zituzten asmo horiek guztiak, ordea. Bestelako lan batzuk aurreratzeko balio izan zien etenaldi horrek: elkartearen paperak, dirulaguntzetarako deialdietara aurkeztu, testuak errepasatu...
Izan ere, hiruren artean egiten ari dira guztia, laguntzarekin eta babesarekin bada ere. Hutsetik hasi dira eta lan handia da. Alde artistikoa dago batetik, eta beste guztia bestetik: bilerak, programatzaileekin hitz egitea, ogasuna eta administrazioarekikoak, jantzitegia, ekoizle lanak, txostenak. “Prozesu guztiaren %15-20 izan da sorkuntza, beste guztia kudeaketa. Asko ikasi dugu”.
2020an astebetez entseatu ahal izan zuten, Eztena jaialdiari esker, eta 2021ean bertan egin zuten Album antzezlanaren aurrestreinaldia, ekainean. Horrek balio izan zien haien jardunari epe bat jartzeko eta egiten ari zirena publikoarekin kontrastatzeko, erantzun bat jasotzeko. Horrekin batera, euskal antzerkiaren sortzaile berriei laguntzeko sortutako ZUbi egitasmoari esker hainbat egonaldi egiteko aukera izan dute. Egitasmoaren barruan egingo dituzte abiatu berri duten birako hainbat emanaldi.
Prozesuari garrantzia handia eman diote Azkarate, Alkain eta Ibargurenek, eta horri denbora eta espazioa eskaintzeak ahalbidetu die egonaldietara heltzea metodologia finkatu batekin eta poetika aski egonkor bat esku artean zutela. Zeharkako bidea izan da, eta antzezlanak izan behar zuena prozesutik atera dute, hasieran ez baitzeukaten testurik, eszenografiarik ez beste ezer. Denbora hartu ahal izateak balio izan die antzezlanak behar zuena antzemateko intuizioa askatasunez entrenatzeko. Hain zuzen ere, ohikoan sortze prozesuak bestelakoak izaten direla azaldu dute: “Gaur egun dena frenetikoa da, eta horrela dago baloratuta: dirua ematen dizute eta justifikatu egin behar duzu, produzitu behar duzu, produzitu, produzitu. Batzuetan emaitzek produkzio usaina hartzen dute, eta pena da”.
Belaunaldi albuma
Kontrako bidea egiten ahalegindu dira laborategian: geruzak kentzen eta kentzen, muinera heltzeko. Zintzotasun ariketa bat izan da Album sortzea, eta lanketa pertsonala eskatu die horrek aktoreei eta zuzendariari. Azkarateren estreinako aldia da zuzendari gisa, eta dioenez egoera paregabea izan da, ez baita enkarguz egindako zerbait, eta ez baitu zuzendari gisa lan bila hasi behar izan, horretan esperientziarik eduki gabe. Lan egiteko gune aproposa izan da: “Banekien konfiantzazko espazioa izango zela”.
Hiruren artean hartu dituzte erabaki asko, eszenan gertatzen zenetik osatu baitute dramaturgia. Entseguetan gertatzen zenarekin joaten zen etxera Azkarate, eta hori landuta ekartzen zuen bueltan, aktoreei jaten emateko, arraintxoei bezala. Dioenez, bazituen zehar-lerro eta helmuga batzuk, eta lanerako metodologia diziplinatu bat ere izan dute, nahiz eta metodologia horrek ordutegi finkoak onartu ez. Asko oinarritu dira inprobisazioan, baina batez ere inprobisazioa amaitutakoan gertatzen zenari eman nahi zion garrantzia Azkaratek: “Intzak eta Mikelek haien burua galduta ikusten zuten eszenatokian eta elkarren beharra sortzen zen, zer egin erabakitzeko”. Egoera horretan topatu dute bilatzen zuten egia. “Galduta egotea” eta “egia” izan dira haientzat interpretatiboki interesgarriak izan diren kontzeptuak.
Galduta egotearen sentsazioa, ordea, ez da gozoa. Hala dio Ibargurenek: “Eszenatokian galduta zaudenean eta zu zeu zarenean alarma guztiak pizten zaizkizu: egin zerbait, esan zerbait”.
Bizitza ere hala ikusten dute, aktibo eta produktibo izatera behartuta gaude, aukera gutxi dugu galduta egoteko, edo besterik gabe, egoteko. Egin duten ariketa nagusia izan da hori guztia kendu eta egiazko zerbait atera arte 30 minutuz galduta egotea. Eraikitzen hasteko zero puntua topatu arte. “Espero dugu zintzotasun hori mantentzea, horren gainean sortu dugulako”. Emaitzaren muina da ez dela lan errepresentazionala, baizik eta presentazionala. Egoerak berak agintzen du, egote horrek. Ez dago narratibotasun batean ekintza garraiatu behar duen pertsonaiarik. “Arriskatua da, baina ulertzen da, programatzaile askok galdetu digutenari erantzunez. Ez da superkomertziala, ez delako oso ortodoxoa antzerkigintzan gabiltzanontzat, baina gainerakoentzat izan daiteke”, dio Azkaratek. Zentzu horretan, euskal antzerkigintzako ohiko kode batzuk hausten ere ahalegindu dira.
Haien nahietako bat da publiko gaztea ere antzokietara erakartzea, publiko bat sortzen joatea. Hala ere, azpimarratzen dute ez dutela gazteentzako antzerkia egiten: “Askok uste dute gazteentzako antzerkia egiten dugula gu gazteak garelako, baina 45 urteko jendeak gure iruditegi berdina dauka eta gure iruditegia ez du maneiatzen 13-14 urteko gazte batek. Gu ez gara nerabeentzako antzerkia egiten ari, gure antzerkia helduentzako antzerkia da. Utziko diguzue mesedez zuen ligan sartzen? Ganoraz programatuak izaten? Gure ahotsa entzuna izan dadin espazio bat edukitzen?”.
Eztena jaialdian ikusle batek esandakoa ekarri dute gogora: “Ez naiz zuen belaunaldikoa, baina enteratu naiz mundu honetan bizi naizelako, baditudalako ilobak eta seme-alabak, eta ez da gaztea izan behar galduta egoteko”.
Album prestatzeaz gain beste lan batzuk ere egin ditu azken urtean Formol Laborategiak. Institutuetan mediazioak eskaini dituzte, bertako gaztetxoen belaunaldiaren inguruko lanketa egiteko, eta EHUn ere ikastaro bat eman dute, besteak beste.
Denok gara ostruka
Zertaz ari da orduan, Album? Elkarrizketaren amaieran diote agian ez dutela jendea antzokira erakarriko lukeen ezer esan, eta ea nola izango litzatekeen antzezlanaren sinopsi konbentzional posible bat: “Bi pertsonaia daude taula gainean, bat kaskoduna eta bestea motxiladuna, kartzela batean, arrainontzi batean. Gatazka asko dago hor barruan eta ezin dute bertatik irten, bizirik irautea da bide bakarra”. Belaunaldi gazteen inguruko azterketa bat da, behingoz gazteek egina; azaleko garaiotan sakonera egindakoa.
Disko batean bezala, edo argazki-album batean bezala, piezaka doa aurrera antzezlana. Hausten du antzerkian ohikoak diren hainbat elementurekin. Horietako bat da gatazka ez dela pertsonaien artean gertatzen, baizik eta haien eta arrainontzitik kanpora dagoenaren artean. Pertsonaien arteko harremana ez da espero dena, agian pertsonaiak beraiek ere ez baitira espero dena. Bada aurreiritzien inguruko antzezlana, norbere buruari buruzkoa ere. Zer egiten dute bi ostrukek arrainontzi baten barruan? Gaizki esaka hasi baino lehen, ikusi.
Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.
Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.
------------------------------------------------------
Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]
Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.
-------------------------------------------------
Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]
Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]
Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.
-----------------------------------------------------------
Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]
ZORRETAN
Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.
----------------------------------------
Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]
MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.
----------------------------------------------
Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]
Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]