Lege berria dator hezkuntzan, bertsolari txapelketa nagusia edo joko olinpikoak lau urtetik behin dira eta hezkuntza legearen aldaketa, egutegi kristauan jaiegunak bezala, ez da erregularra baina antzera. Lege honek curriculum bat dakar besapean, irakasleon lana gidatzen duen Biblia, oposizioen jaunartzetik pasatu ezean, gurea ere inork irakurtzen ez duena. Hau honela, eta oraingoan ere, badirudi filosofiaren presentzia agindutakoa baino eskasagoa izango dela, kantitatean eta kalitatean. Biak aztertzen saiatuko naiz, prozedurari lotua lehena, formari bigarrena. Lehen begirada batean ikusten dena eta hausnarketa mikroskopikoaren laguntza eskatzen duena.
Kantitateari dagokionez curriculum kooperatibo bat proposatu da, behingoz hezkuntza komunitatea kontuan hartzen duena. Zentroen eta, batez ere, erkidegoen eskumenen handitze nabarmena dakarrena. Baina testuingurura egokitzeko asmoa printzipioz aurrera-pausu bat badirudi ere, segun eta testuingurua. Askatasuna maitale arriskutsuegia dela kantatzen zuen Garik. Motibazioa pedagogikoa izanik ere, komunitate askotan altuegia bai da ordaindu daitekeen prezioa. Hau honela, pentsamendu kritiko eta autonomoa bermatuko zuela promestu zuen gobernuak, hori da hain zuzen, egingo ez duena. Orain geratzen zaiguna, ozenki eta aho batez Jaurlaritzari eskatzea gizarte batek ondo funtzionatzeko hain beharrezkoa den hausnarketaren lanketa defendatzea.
"Norberak bere etxea eraiki dezan oinarrizko arkitektura nozioak jasotzea da filosofiaren helburua hezkuntzan, ez prefabrikatutako etxeak ematea"
Kalitateari heltzeko Alexandriako Hypatiak esandakoa: “Defenda ezazu zure pentsatzeko eskubidea, gaizki pentsatzea ez pentsatzea baino hobeagoa da eta”. Zer da ordea ondo edo gaizki pentsatzea? Estilo ezberdinetako etxeak daude, bakoitzak topatuko du berea. Baina egitura sendorik gabe ez naiz ni sartzen inoren teilatupean. Norberak bere etxea eraiki dezan oinarrizko arkitektura nozioak jasotzea da filosofiaren helburua hezkuntzan, ez prefabrikatutako etxeak ematea. Hertzainak taldearekin bueltan, prefabrikatutako ametsen gaitz endemikoa beren funts falta baita. Dogmez ari naiz azken finean, zalantzan jartzea debekatuta dagoen oinarrizko ideiez. Edozein ideologiak baino beldur gehiago eman beharko ligukeen mamuaz, gure buruari kontrakoa sinetsarazten diogunean ere, haietan hezteko ikaragarrizko joera dugu eta. “Aztertu” ez da “onartu”, “ulertu” ez da “hausnartu”… Eta ez da kontu gramatikala. Berdin dit gaia generoa, kulturartekotasuna, identitatea edo sistema ekonomikorik onena den. Disidentzia eta elkarrizketa bermatzen ez duen gizarte batek izan ahal den gaixotasunik larriena du: arrazoi osoaren ustea.
Baina noraino doa gauzak zalantzan jartzea? Non dago onartu daitezkeen ideia edo ekintzen muga? Handinahikerietan jausi gabe, zer da ondo pentsatzea? Errespetuaren mugak zeharkatzen ez duen elkarrizketa argudiatua da gakoa, errespetuaren muga hari fina dela jakinik baina funanbulismo ariketa beharrezkoa dela onarturik. Pentsamendu arretatsua deitu zuen Lipman filosofoak: esandakoak besteengan izango duen inpaktua kontutan hartzea alegia, baina pentsatzen duguna esateari utzi gabe. Arrazoiketa eta koherentzia bezalako baloreen presentzia ere beharrezkoak dira, elkar ulertzeko aukera eta jarreren zintzotasuna bermatzen duten heinean. Balore instrumentalak deitzen ditugu guk, hortik aurrera eta besteen ideiekin elkar-hizketan, balore propio zein amankomunak eraikitzea ahalbidetuko digutenak. Ez da hainbeste baina ez da gutxi, beraz, proposatzen duguna. Ez gaudelako filosofia aldarrikatzen soilik, filosofia ulertzeko modu bat da gurea. Lagun on bati irakurria: bidea da borroka bakarra.