argia.eus
INPRIMATU
Udal ustelkeriaren eta ate birakarien hamaikakoak
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2021eko azaroaren 12a

Javier Beobide alkatearen kudeaketaren aferaren ondorioz, Andoni Ortuzarrek Lemoako herritarrei barkamena eskatu behar izan zien 2013. urtean. Handik bi urtera ustelkeriaren aurrean tolerantziarik ez izateko agindu zien 2015eko hauteskundeetan alkate eta zinegotzi kargurako aurkeztu ziren hautagai guztiei.

Gaur egun Alonsotegiko hiru alkate ohi, Iurretako alkatea eta Gueñesko alkate ohia inputatuta daude. “De Miguel” auzian Zambranako alkate ohia eta Leioako zinegotzi ohi bat kondenatu zituzten 2019an. Urte haietan Getariako alkate ohia kondenatu zuten eta 2018an Zallako alkate ohia eta zinegotzi ohi bat, baita Bakioko alkate ohia ere.

"Hamar alkate ohi eta zortzi zinegotzi ohi kondenatuak, eta gaur egun alkate bat eta lau alkate ohi inputatuak. Horri buruz ez duzue infografiarik aurkituko"

2017. urtean hiru zinegotzi ohi kondenatuta: Muskizekoa bat, Gasteizkoa beste bat eta Erandiokoa azkena. Errigoitiko alkate ohia 2012an kondenatu zuten eta 2010ean hiru alkate ohi (Elantxobe, Ormaiztegi eta Zamudio), baita Elantxobeko hiru zinegotzi ohi ere. Zerrenda luze honetan beste bi aipamen: Mallabiko alkate ohia (2008an) eta Galdakaoko alkate ohia (2001ean).

Laburbilduta, hamar alkate ohi eta zortzi zinegotzi ohi kondenatuak, eta gaur egun alkate bat eta lau alkate ohi inputatuak. Horri buruz ez duzue infografiarik aurkituko. Azken urteotan EAJk alkatetzak galdu ditu aipatutako herri batzuetan: Lemoa (2011); Zambrana (2011); Getaria (2011); Zalla (2011tik 2019ra); Bakio (2015); Errigoiti (2015); Elantxobe (2011); Ormaiztegi (2007) eta Galdakao (2019).

“EAJko ate birakariak ondo dabiltza, norabide zuzenean”, zioen Ortuzarrek 2015ean. Aspaldiko txio batean alderdiak enpresa elektrikoekin edo gas eta petrolio enpresekin erabilitako ate birakarien datuak aipatu nituen, honakoak, besteak beste: Josu Jon Imaz (Repsol, Gas Natural eta Petronor); Jon Azu (Fenix Oil & Gas); Joseba Aurrekoetxea (Enagás, Bahía Bizkaia Gas eta Bahía de Bizkaia Fotovoltáica); Xabier Sagredo (Iberdrola); Juan Diego (Iberdrola); Roberto Otxandio (Iberdrola); Juan Mari Atutxa (Iberdrola eta Bahía Bizkaia Gas); Iñaki Alzaga (Nortegas); Alfonso Basagoiti (Oil&Gas Capital eta Gamesa); Emiliano López Atxurra (Petronor eta Gas Natural Fenosa); Luis Aranberri (Petronor) José María Zalbidegoitia (Petronor); Javier Balza (Petronor); José Manuel Martiarena (Naturcorp eta Pasaia Gas); José Ignacio Arrieta Heras (Repsol, Petronor eta Naturgas); José Luis Larrea (Ibermática); Sabin Anuzita (Tecuni) eta Pedro María Mugarra (Sener).

Baina horiek ere ez dituzue infografia batean aurkituko.